Urtez urte haziz doan artea

Urtez urte haziz doan artea

​Zeanuriko Elizondo auzoan bada Pietatearen ermita izenekoa. Haren ondoan, arte bat dago. Aurretik zegoen beste baten ordez landatu zuten, 1958an. Metro eta erdi garai zen orduan arbola, eta hamazortzi zentimetroko diametroa zuen. Ermita horretan San Valentinen irudia dago, eta otsailaren 14aren bueltan ospatzen dute haren omenezko erromeria. Artea landatu eta hurrengo urteko jaian, arbola neurtzea bururatu zitzaien. Tradizio bihurtu dute harrezkero. Pedro Lejarza auzokidearen ustez, gaur egun hiru bat metro izango da garai. 65 beteko ditu aurten ohitura horrek, eta hain zuzen ere, etzi egingo dute, santuaren omenezko mezaren eta prozesioaren ondoren.  

Lejarzak azpimarratu duenez, Euskal Herrian ohikoa da leku sinboliko eta garrantzitsuetan arbola bat egotea, eta arte hau da Elizondokoek dutena. Ermitatik irtenda, haren itzalpean biltzen dira erromerian. Egungo artea landatu osteko lehen urte haietan, Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zen neurtzeaz. Ondoren koaderno batean apuntatzen zituen neurri berriak.

Nestor Basterretxearen Zeanuriko gurutzearen inaugurazioa, 2003an. JON URUTXURTU

1990eko hamarkadaren bukaeran, tradizioa indarra galduz joan zen. 1999an neurtu zuen azkenekoz Kandido Intxaurragak. 2007an berreskuratu zuten tradizioa, eta, ordutik, Elizondoko kofradiako agiri liburuan idazten dituzte neurri berriak, eta neurtzaileak, kofradiako maiordomoak eta idazkariak sinatzen dute agiria. Azken urteetan, Igor Intxaurraga arduratzen da arteaz. Iaz, 192 zentimetroko perimetroa neurtu ziotela esan du Lejarzak. «Azken urteetan, euri gutxiago egiten duelako edo, igartzen dugu lehen baino gutxiago handitzen dela perimetroa. Izan daiteke bere hazkunde gorenean egotea ere», esan du Lejarzak.

Mendeurrena

Lejarzaren arabera, Elizondok «kultur ondare garrantzitsua» du. San Valentin egunari eta arteari lotutako ohiturak ez ezik, Nestor Basterretxeak egindako gurutzea azpimarratu du. Andre Maria parrokiaren eta Pietatearen ermitaren artean dago 2003tik, Gorbeiako gurutzea atzean duela. Zeanuriko Udalak eskatu zion Basterretxeari, Gorbeiakoaren mendeurrena ospatzeko. Korten altzairuz eginda dago, sei metroko garaiera du, eta 2.400 kiloko pisua. Hutsa da barrutik. 

Maiatzean ehun urte beteko dira Basterretxea jaio zenetik. Zeanuritarrek etziko erromerian gogoratuko dute, haren gurutzean egingo dioten omenaldian.