Euskara geroz eta esparru gehiagotara zabaltzeko helburuarekin, lan asko egiten ari dira azken urteotan Arratia eta Hego Nerbioi eskualdeetan. Errotik proiektua da azken nobedadea: landa eta turismo eremuak euskalduntzeko asmoa duen egitasmoa. Gorbeialde landa garapenerako elkarteak sustatu du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, eta esparru horietan euskararen erabilera sustatzea du helburu: lehen sektoreko ekoizleei eta turismoko establezimenduei doako zerbitzua eskainiko die. Joan den irailean abiatu zuten proiektua, eta, oraingoz, 11 ekoizlek eta establezimenduk eman dute izena. Aurrera begira, kopuru hori handituz joatea da asmoa.
Bingen Larizgoitia Gorbeialde landa garapenerako elkarteko kidearen arabera, hutsune baten ondorioz sortu dute proiektua: «Arratia eta Hego Nerbioi eremu euskaldunak badira ere, ohartu ginen turismo establezimendu askok eta lehen sektoreko ekoizle askok ez zutela euskararen presentzia bermatzen». Beharrizan horretatik sortu da Errotik, finean: «Enpresa horietako gehienak txikiak dira, eta baliabide gutxi dituzte; beste batzuk erdaldunak dira… Iruditu zitzaigun komenigarria zela zerbitzu hau doan eskaintzea eremu horietan euskararen erabilera sustatzeko. Izan ere, sarritan, ez da ikusten eskualdeko errealitate linguistikoaren islarik turismoan zein landa eremuan dauden enpresetan».
«Arratia eta Hego Nerbioi eremu euskaldunak badira ere, ohartu ginen turismo establezimendu askok eta lehen sektoreko ekoizle askok ez zutela euskararen presentzia bermatzen».
BINGEN LARIZGOITIA Gorbeialde landa garapenerako elkarteko kidea
AEK Ahize hizkuntza aholkularitza taldea arituko da Errotik proiektuaren bitartekari lanetan. Enpresetan, administrazioan zein erakundeetan euskararen erabilera sustatzeko jarduerak eta zerbitzuak eskaintzen ditu erakunde horrek. Kasu honetan, itzulpen zerbitzuak, hizkuntza aholkularitza, trebakuntza saioak edota hizkuntza ohituretan eragiteko laguntzak eskainiko dizkiete landa garapeneko eta turismoko establezimenduei, besteak beste. Guztiak doan. Jarduerak aurrera eraman ahal izateko, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa jaso dute.
Hala, Arratiako eta Hego Nerbioiko landa eremuan eta turismoan euskararen erabilera «ahalik eta gehien» zabaltzea izango da Errotik proiektuaren helburu nagusietako bat: «Kanpotik datorren jendeak ikus dezala euskara dela eskualdeko hizkuntza, nabari dezatela euskal eremu baten daudela».
2022tik lanean
Zehazki, 2022. urtean egin zuten Errotik proiektuaren proba pilotua: Errota fundazioak eusGara zerbitzua jarri zuen martxan, Gorbeialde elkartearekin elkarlanean. Eremu sozioekonomikoetan euskararen erabilera sustatzea du helburu proiektu horrek, eta enpresei doako hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie, egunerokoan euskararen erabilera ziurta dezaten. Tartean, itzulpen zerbitzua, diru laguntzen kudeaketa eta trebakuntza saioak. Oraingoz, 29 enpresak sinatu dute hitzarmena eusGararekin.
Arratiako eta Hego Nerbioiko bi hotelekin egin zuten lanorduan: Zuhaitz Etxearekin eta Etxegana hotelarekin. Larizgoitiaren hitzetan, gainera, «lan dezente» egin zuten, eta aurrerapauso ugari eman zituzten euskararen normalizazioari dagokionez: bezeroei ematen zaizkien eskuorriak euskarara itzuli zituzten, menuak euskarara ekarri zituzten, eta sare sozialetan euskararen presentzia bermatu zuten, beste kontu batzuen artean.
Lanketa horren balorazio positiboa egin du Larizgoitiak, eta kontatu du haren ondotik sortu zela Errotik proiektua martxan jartzeko ideia. Izan ere industria eremuko enpresentzako da bereziki eusGara zerbitzua: «Landa garapenean eta turismoan eragiteko aukera mugatua zen».
Aurrera begira, beraz, apurka-apurka proiektua sendotuz joatea da Gorbeialderen erronka nagusia: «Komunitatea handitzen eta sendotzen jarraitu nahi dugu». Horretarako, zerrenda bat osatu dute, eta banan-banan joango dira landa eremuko zein turismo establezimenduetara. «Baina norbaitek izena eman nahi badu, jo dezala guregana», gaineratu du Larizgoitiak.
11 bazkide
Oraingoz, honako establezimendu eta ekoizle hauek egin dute bat Errotik proiektuarekin:
Hikei
Areatza hotela
Ubideko herriko taberna
Etxegorri ostatua
Artiñano etxea
Zeberioko taberna zaharra
Ermitabarri apartamentuak
Zuhaitz Etxeak
Etxegana hotel & spa
Urduña museoa
Askibil gaztandegia