Santurtzik ere Europako Kirol Hiria izan gura du

Santurtzik ere Europako Kirol Hiria izan gura du

​Bilbo izan zen Europako Kirol Hiria 2012an, Getxori egokitu zitzaion 2014an, eta Basauri izango da aurten. Baina baliteke zerrenda luzatzea: izan ere, Santurtzik Europako Kirol Hiria izan nahi du 2025ean. Hautagaitza aurkeztu dio ACES kirol hiritartasuna erabakitzen duen erakundeari, eta orain txosten bat prestatzen ari dira zerrendatzeko herriak dituen baliabideak, instalazioak, elkarteak eta kirolariak, aurtengo lehen hiruhilekoan entregatu behar dutena. Ondoren, urtearen erdialdean, erakundeko ordezkaritza bat joango da Santurtzira, eta udazkenean ebatziko du ACESek zein izango den 2025eko Europako Kirol Hiria.

Itziar Carrocera Santurtziko Udaleko Kirol zinegotziaren arabera, izendapenak balioko lieke kirolarekin lotutako elkarteei eskerrak emateko, eta aitortza egiteko. «Santurtzin, kirol elkarte eta kirolari asko egon dira beti, eta sekulako lana egin dute; lan boluntarioa, batez ere», adierazi du. Zehazki, herrian 50 kirol elkarte inguru daude, eta herriko kirol paisaia «askotarikoa» dela aldarrikatu du Carrocerak, uztartzen baitira hala tradizioa, nola berrikuntza. «Barrenatzaileak, adibidez, Santurtziko kirol bat da, ez da beste eremuetan egiten; meatzarien garaikoa da. Eta arrauna ere oso lotuta dago gure nortasunari».

Azpiegiturak jomugan

Etorkizuneko erronkei ere erreparatu die Carrocerak: batik bat, kirolari kopurua mantentzea eta handitzea dute xede, eta azpiegiturak eguneratzea. Alde horretatik, hainbat esku hartze egin dituzte azken urteetan, zinegotziak esplikatu duenez. Batetik, araudien arabera moldatu dituzte instalazio batzuk. «Igerileku bat egokitu dugu, klororako sistema berri bat ipintzeko, azken berrikuntzak txertatzeko, zintarriak… 500.000 euroko aurrekontua izan zuen». Berriztu dute, halaber, barneko futbol eta saskibaloi kantxa, egokitzapen termikoak gehitzeko, eta energia aurrezteko sistemak antolatzeko kanpoko hormetan eta instalazioetan.

«Badaude espazio batzuk, lehen erabiltzen zirenak baina gaur egun ez hainbeste, eta oreka lortu behar dugu: eskaera berriak betetzeko tokiak sortu behar ditugu, eta beste gauza batzuetarako moldatu jada erabiltzen ez direnak»ITZIAR CARROCERA Santurtziko Udaleko Kirol zinegotzia

Era berean, erabilera berrietara ere doitzen ari dira herriko azpiegiturak. «Kiroldegiaren barruko espazioak berrantolatuko dira. Duela 30 urte baino gehiago eraiki ziren, eta badakigu kirol praktikak eta beharrak guztiz aldatu direla». Esate baterako, gimnasioa txikiegi geratu da, azken hamarkadetan igo egin baita erabiltzaileen kopurua. Ostera, bazterrekoa bihurtu da frontenisa. «Badaude espazio batzuk, lehen erabiltzen zirenak baina gaur egun ez hainbeste, eta oreka lortu behar dugu: eskaera berriak betetzeko tokiak sortu behar ditugu, eta beste gauza batzuetarako moldatu jada erabiltzen ez direnak».