TAO sistema berria aldatzeko eskatu diote hainbat elkartek Bilboko Udalari

TAO sistema berria aldatzeko eskatu diote hainbat elkartek Bilboko Udalari

​Bilboko Udalak abenduaren 11n jarri zuen abian TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduko sistema berria. Besteak beste, aparkatzeagatik ordaintzeko makinak aldatu zituen, ordaindu beharreko prezioa igo zuen eta eguerdian dohainik aparkatzeko aukera kendu zien erabiltzaileei. Horrek guztiak askotariko buruhausteak eragin dizkie herritarrei, eta, esaterako, elbarriak bereziki kezkatuta daude araudi berriak euren mugikortasunean sortu dituen ondorioekin. «Behintzat, aurretik zegoen neurriak aukera ematen zigun behar beste orduz guretzat erreserbatutako tokietan autoa aparkatzeko; orain, berriz, bi ordura mugatu digute denbora hori», esan zuen astelehenean Agurtzane Sotch-ek, kaltetuen plataformako bozeramaileak. Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduarekin eta Bordillo Aplastao kolektiboarekin batera egin zuten elkarretaratzea, Bilboko udaletxearen aurrealdean, eta udalari eskatu zioten TAO sistema berria atzera botatzeko.

Sotchek azaldu duenez, desgaitasunen bat duten pertsonentzat kaltegarria den neurri «bidegabea eta diskriminatzailea» da TAO sistema berria, eta, horrez gain, «elbarrien bazterketa soziala» areagotzen du: «Exijitzen digute gure beharretara egokituta ez dauden makinetara joatea, tiketa ateratzea, gure autora itzultzea eta, gainera, egin beharreko guztiak bi ordutan amaitzea». Alde horretatik, eta elbarriek autoa «behar bezala» erabili ahal izateko, denbora eta espazio mugarik ez ezartzea eskatu diote udalari: «Ez dugu bigarren mailako herritarrak izan nahi, eta ez dugu autoa aparkatzeagatik ordaindu nahi. Autoa mugikortasun erreminta bat besterik ez da guretzat».

«Aniztasunari bidea irekiko dion hiri irisgarria eta integratzailea aldarrikatzen dugu, besterik gabe».
AGURTZANE SOTCH Kaltetuen plataformako bozeramailea

Hain justu, elbarriei mesede egingo dien neurri berri bat adosteko bilera batera deitzeko eskatu zion Sotchek Bilboko Udalari, asteleheneko elkarretaratzean. «Lehenengo negoziazio saiakerak egin ditugu, baina ez dugu akordiorik lortu», jakinarazi zuen kaltetuen plataformako bozeramaileak. «Aniztasunari bidea irekiko dion hiri irisgarria eta integratzailea aldarrikatzen dugu, besterik gabe». Udalak arazo horiei konponbiderik ematen ez badie, ordea, Bilbo izango da desgaitasunen bat duten pertsonak aparkatzeagatik ordaintzera behartuko dituen Euskal Herriko hiri bakarra, Sotchen arabera.

Pentsiodunek, bat

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak bat egin zuen astelehenean TAO sistema berriaren aurkako aldarrikapenekin, «hein handi batean» jende nagusiarentzat kaltegarria den araudia ere badelako. Era berean, astelehenero bezala, pentsio duinen aldeko erreibindikazioak egin zituzten erretiratuek, eta «borrokan jarraitzeko» deia egin zieten Euskal Herriko pentsiodun guztiei. Alde horretatik, aurrerapausoak ematen ari direla uste du Jon Fano Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko kide eta bozeramaileak: «Bizkaiko Batzar Nagusiak osatzen dituzten alderdikideekin bildu ginen duela astebete, eta zilegitasuna eman zieten gure mugimenduari eta eskaerei». Bizkaiko herrietako 110 udalen babesarekin, euren aldarrikapen guztiak jasotzen zituen mozioa aurkeztu zuen Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, joan den ostiralean, Bizkaiko Batzar Nagusietan. «Hurrengo pausoa da alderdikideek mozio hori osoko bilkurara eramatea eta horren alde bozkatzea, Eusko Jaurlaritzari ere helarazi ahal izateko», zehaztu du Fanok. Oraingoz, itxarotea beste aukerarik ez dute.

Bilboko TAO makina berria, artxiboko irudia. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Osasun sistema publikoa hobetzeko eta euskararen aldeko erreibindikazioak ere egin zituzten erretiratuek. Euskara haien hizkuntza ere badela aldarrikatzeko, gainera, martxoaren 1ean pentsiodunentzako bertso bazkaria egingo dutela iragarri zuen Fanok. Tolosan (Gipuzkoa) izango da, eta, oraingoz, hirurehun bat pentsiodunek eman dute izena bazkarira joateko; izena emateko epea irekita dago oraindik. Guztira, 57 lagunek baino gehiagok botako dituzte bertsoak, eta irabazleek hainbat sari jasoko dituzte, bertsoen kalitatearen arabera: asteburu bateko bidaia Donostiara edo Lekeitiora, bazkari edo afari bat jatetxe edo sagardotegi batean edo liburu bilduma bat. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonak Bilbotik Tolosara heldu ahal izateko autobus bat antolatuko dute.