Norberak nahi duena izateko atea irekitzen dute inauteriek. Izan ere, egunerokoan eraman ohi ez diren maskara, ileorde edota betaurrekoak jantzita, ametsetako edozein pertsonaia interpretatzeko aukera ematen diote mozorrotzea gogoko duen orori. Mundu osoan egiten badira ere, Euskal Herrian, zehazki, tradizioarekin harreman estua dute. Hain zuzen ere, negu gorria amaitu ondoren, udaberriaren loratzeari hasiera emateko ospakizunak dira aratusteak; herri bakoitzeko ohiturak eta jantziak, ordea, desberdinak dira euren artean. Egon badago hainbat eremutan errepikatzen den ohitura bat: aurpegia estaltzea. Aspaldian, estrategia hori baliatzen zuten herritarrek anonimotasunak eskaintzen zien askatasuna aprobetxatzeko, eta, beraz, errepresiorik gabeko bihurrikeriak egin ahal izateko. Kartoiak, izarak, galtzerdiak… Objektu horiek guztiak erabiltzen zituzten gorputz atal identifikagarriak ezkutatzeko.
Bestalde, urte barruan heldu zitezkeen zorigaitzak uxatzeko ospakizunak ere izan dira urteetan Euskal Herriko aratusteak. Espiritu gaiztoak ikaratu nahian, mitologiarekin lotutako hainbat pertsonaiaren inguruan kantatzen eta dantzatzen zuten herritarrek. Sorginekin, sugeekin eta bestelako gaizkileekin nahasten ziren guztiak, erritmo gordinez osatutako mugimenduak inprobisatuz. Erritu horien bitartez, gainera, lurra itzartzea eskatzen zuten, udaberrian zehar uzta onak ereiteko. 36ko gerraren ondorioz eta horren ostean, Francisco Franco Espainiako diktadoreak ezarri zituen debekuengatik, baina, aratusteetan dantzatzeko ohitura galdu zen, eta, oro har, inauterietako tradizioak bertan behera geratu ziren. Euskal Herriko zenbait tokitan, aldiz, berreskuratu egin dituzte; Bizkaiko zenbait udalerritan, kasurako.
Abantoko mozorroak
1998. urtean berreskuratu zuen Meatzaldeko Harrigorria dantza taldeak Abantoko aratusteak ospatzeko tradizioa, eta, ordutik, urtero egin dituzte. Dantza eginez eta zarata atereaz, inausketak egiteko garaian murgildu ahal izango dira bihar Gallartako herritarrak. Izan ere, mozorroak kale eskean aterako dira, animalien larruekin, zakuekin eta oihal zaharrekin egindako jantziak soinean eramanda. Su, ke, musika, eta irrintzi artean, dagokien ordainsaria jaso dutela ospatuko dute ongia eta gaizkia irudikatzen dituzten pertsonaiek; hala nola bizkarbaltzak, hartzek, zangaluzeak, artauntxoak eta sorgin babesleek edo mozorroek. Auzoko dendetatik igaroko dira 11:00etan, dirua eskatzeko asmoz, eta, bazkaldu ostean, desfilea egingo dute, 17:30ean.
[articles:2120058]
Arteagako kokomarroak
Duela hiru urte berpiztu zituzten Arteagako herritarrek kokomarroak. Besteak beste, Luis Mari Amundarain izeneko auzokidearen lekukotzan oinarritu ziren aratusteak berreskuratzeko. Haren testigantzan oinarritutako irizpideak jarraitu zituzten ardi eta ahuntz narruz, arranez eta adarrez osatutako jantziak osatzeko, eta albokarekin atera ziren kalejiran. Lehenengo urtean, 50 lagun inguru bildu ziren kokomarroen erritua egiteko, baina kopurua handituz joan da urteekin. Izan ere, udako solstizioan eta Santa Ageda egunean ateratzen diren pertsonaiak ere badira kokomarroak. Gaur bertan, Arteagako kultur etxetik irtengo dira, 19:00etan, eta kalerik kale arituko dira, dantzan.
Arteagako aratusteetako panpinaren sua, 2021ean. BERRIA
Bilboko Farolin eta Zarambolas
Bilboko Konpartsek urtetik urtera bizirik mantendu duten jaia dira hiriko aratusteak. 1978an sortu zituzten gaur egun Bilboko bereizgarri diren Farolin eta Zarambolas pertsonaiak. Urtero bezala, aurten ere Bilboko bi pertsona garrantzitsu hautatu dituzte bi gaizkile horiek interpretatzeko: Lutxo Egia idazlea eta Jasone Akizu txistularia. 1984tik tradizio den bezala, horiek kondenatzeko epaia egingo dute gaur, 19:15ean, Plaza Barrian; ordubete igarota, irain publikoa egiteari ekingo diote herritarrek. Horrez gain, beste hainbat ekintza antolatu dituzte egunerako: desfilea, txokolate jana eta Asier Bilbao artistaren emanaldia, besteak beste.
Bilboko Farolin eta Zarambolas pertsonaiak, iaz. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mundakako atorrak eta laminak
Mundakakoak dira hamarkadetan zehar eta etenik gabe ospatu diren Euskal Herriko aratusterik berezienak. Laminek eta atorrek herriko kaleak zeharkatzen dituzte inauterietan, baina bakoitzak euren bidea egiten dute. Atorrez jantzitako mutil gazteek goizean egiten dute ibilbidea, balkoietara igoz eta etxeetan lapurtuz. Iluntzean, lamina jantzitako emakumeen txanda izaten da; Lamiarango sorginen itxura hartzen dute, eta kantuan ibiltzen dira, umore onez. Etzi egingo dute ospakizuna: Jose Maria Egileorren etxe parean hasiko da, 12:00etan. Bien bitartean, portuan, aratusteen egun horretarako konposatutako abestia kantatuko dute herritarrek.
Mundakako aratusteetako atorrak, iaz. ANE MARURI ARANSOLO / BUSTURIALDEKO HITZA