Plentziako historiaren lekuko zuzena

Plentziako historiaren lekuko zuzena

​Bizkaian horren ezaguna izan ez arren, garrantzi handia du Plentziako Gazteluondo itsas errotak plentziarrentzat. XVI. mendearen hasieran eraiki zuten, eta itsasoaren gorabeherak baliatuz funtzionatzen zuen. Urteek eta teknologiek aurrera egin ahala, baina, bestelako industria batzuk sortzen hasi ziren, eta errotaren erabilera galduz joan zen. Gauzak horrela, eraitsi egin zuten 1986an, eta, egun, haren erreplika bat baino ez dago ikusgai errota zegoen leku berean, oroigarri gisa. Oro har, oso marea errota gutxi izan dira Bizkaiko kostaldean; 23, hain zuzen ere. Guztien artean, baina, Plentziako Gazteluondo da lurraldeko itsas errotarik zaharrena.  

Zehazki, 1506. urtean eraiki zuten Gazteluondo itsas errota. Jondalar Sota Plentziako Plasentia de Butron museoko historialariak nabarmendu duenez, Bizkaiko itsas errotarik zaharrena da, eta aspaldiko gatazka bat dago oinarri-oinarrian: «Errota eraiki ahal izateko, Butroi familiak auzitara eraman zuen Plentziako Udala, eskualdeko errotak eta burdinolak haien kontrolpean zeudelako eta ez zutelako pribilegiorik galdu nahi». 

Epaiketaren ondoren, errota eraikitzeko baimena eman zioten hiribilduari, eta, 1810era arte, Plentziako Udalaren jabetzakoa izan zen. Urte horretan, baina, arazo ekonomikoen ondorioz, esku pribatuen esku geratu zen. Gerora, 1986ra arte egon zen martxan: «Urte horretan, errota desjabetu eta suntsitu egin zuten errepide handiago bat egiteko. Horrez gain, paseatzeko leku bat eta Jai Alai frontoia eraiki zituzten». 

«Egungo errotak ez dauka zerikusirik XVI. mendekoarekin, baina haren historia ezagutzea garrantzitsua da guretzat».
JONDALAR SOTA Plentziako Plasentia de Butron museoko historialaria

Ondorioz, Plentzian ikusgai dagoena «ez da errotaren eta haren makineriaren irudikapen fidela», Sotaren hitzetan: «Erreplika bat da. Benetako errota eraikuntza handi bat zen, hainbat solairu zituen, eta presari lotuta zegoen». Gaur egun, baina, gisa horretako errota bakarrenetakoa izanik, izugarrizko balioa du herriarentzat: «Egungo errotak ez dauka zerikusirik XVI. mendekoarekin, baina haren historia ezagutzea garrantzitsua da guretzat». Errota zegoen leku berean eraiki zuten erreplika, Legarrondo parkean.

Bereziki, paduretan zeuden marea errotak. Itsasgora baliatuz, uraren energia erabiltzen zen errotaren indar eragile gisa: «Mareak gora egiten zuenean, presa bete egiten zen, eta uraren indarrak makineria aktibatzeko aukera ematen zuen: harriak elkarren artean biratzen eta jotzen hasten ziren». Behin martxan jarrita, aleak goitik sartzen ziren, eta irin bihurtuta ateratzen ziren zulo batetik: «Uraren maila jaitsi egiten zen itsasbeherarekin; gordetako ura hodi batzuetatik askatzen zen, eta errotako gurpilak mugiarazi». Gazteluondo itsas errotak lau harri zituen: bi gariarentzat ziren, eta gainerako biak, artoarentzat. 

Hiru errota Plentzian

Denera, hiru errota egon ziren Plentzian: Ardantza —1734an eraiki zuten—, Errotabarri —1854koa— eta Gazteluondo. Horietatik, baina, Ardantzakoaren zati bat baino ez dago egun. «Eraikin hori ere suntsituta dago, baina presaren hormako zati txiki bat ikus daiteke», zehaztu du Sotak. Plentziako futbol eta tenis instalazioak daude egun Errotabarri zegoen lekuan; Gazteluondon, berriz, parke bat dago, errotaren inguruko informazio panelarekin batera.

PLENTZIAKO GAZTELUONDO ITSAS ERROTA

Helbidea. Legarrondo parkea. 
Ordutegia. Irekia da.
Bisitak. Sarrera doakoa da. Plentziako Plasentia de Butron museoak bisita gidatuak antolatzen ditu noizean behin.
Webgunea. Visitplentzia.com/eu/kokapena-2/molino-mareas/.