Garraiobidetzat hartzen hasi dira

Garraiobidetzat hartzen hasi dira

​Bizkaitarren %92k bizikletaz ibiltzen dakite, eta erdiek bizikleta bat daukate eskura. Hala ere, bizkaitarren %38 baino ez dira ohiko edo noizbehinkako erabiltzaileak. Astean behin edo gehiagotan erabiltzen dutenak %13 dira. Gehienbat, kirolarekin (%49k) eta osasunarekin (%44k) lotzen dute, eta, batez ere, aisialdirako eta kirolerako erabiltzen dute, hurrenkera horretan. Dena den, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako Bizikletaren I. Barometroaren arabera, bizkaitarren %36k joan-etorriak egitearekin ere lotu dute, eta hori lehenengoz gertatu da Bizkaian bizikletaren erabilerari lotuta egindako inkesta batean. %6k esan dute bizikletaz joaten direla lanera edo ikastera. Udagoienean egin zuten ikerketa, 14 eta 70 urte arteko mila elkarrizketatik gora eginda.

Sonia Perez Ezkerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo foru diputatuak eman ditu datuak, Bizkaiko Batzar Nagusietako alor bereko batzordean. «Itxaropentsu» agertu da inkestan berritasun hori ikusita. Aitortu du oraindik ere lan handia dutela egiteko, helburua baita Europako beste herrialde batzuen mailara ailegatzea. Besteak beste, asmo horrekin onartu zuen foru parlamentuak 2020an Bizikletaren Liburu Zuria. Perezek uste du apurka garraiobide bihurtuko dela Bizkaian ere. Iruditzen zaio foru gobernutik azken urteetan hartutako erabakiek lagundu dutela iritzi moldaketa hori eragiten. Besteak beste, azpiegiturak eraikitzearen garrantzia azpimarratu du. Dena den, oraindik ere, bizkaitarren %73k uste dute bidegorriak falta direla edo txarto diseinatuta daudela. 

Herritarren %52k erantzun dute euren udalerria «abegikorra» eta «segurua» dela bizikletaz ibiltzeko. Iritzi hori dutenak gehiago dira gazteak, Perezen esanetan. Bizikletaz ibiltzeko desatseginagoak dira hiriguneak, trafiko gehiago duten inguruak eta orografia malkartsua dutenak. Esaterako, Busturialdean aipatu dute bereziki azken ezaugarri hori. Gernika-Lumoko Aixerrotape Zikloturista Elkarteko Agustin Mateosen arabera, bizikleta kirolerako gura bada, ez dago haien parajea baino hoberik: «Laida, Mendata, Lekeitio… inguru hori oso ondo dago. Oso segurua da bizikletaz ibiltzeko». Ostera, lanera edo ikastetxera joateko oso gutxi erabiltzen dute. Hark dioenez, segurtasun falta da arrazoi nagusia. Salatu du azpiegiturak falta direla.

2,6

Bizikleta, batez beste, etxeko. Bizkaiko etxe bakoitzean, batez beste, 2,6 bizikleta daude, Bizikletaren I. Barometroaren arabera. Hala ere, etxe guztietan ez dago: hamarretik seitan dute.

Berbarako, Busturitik Gernikara bidegorria dute, oinezkoekin batera erabiltzeko. Gernikan bertan beste bat dute, eta han oinezkoek dute lehentasuna. «Bidegorria oinezkoentzat? Zer bidegorri da hori?». Eskualdean herri txiki asko dituzte, eta, Mateosen arabera, «ez dago modurik» haietatik Gernikara bizikletaz joateko: «Bide bazterrean ez dago lekurik; gero eta trafiko gehiago dabil, jendea arinago, semaforo asko… Ezinezkoa da». Ondorioz, uste du beharrera joateko bizikleta harten dutenak %1 edo %2 izango direla.

Mateosek berak, esaterako, Gernikan egiten du lan, etxetik hirurehun metrora, eta astean behin-edo hartzen du bizikleta. Maier kooperatiba da inguruko enpresa nagusietako bat. Ajangizko Kanpantxu auzoan dago, Gernika ondo-ondoan. Langile gehienak gernikarrak direla esan du Aixerrotapeko kideak. «Seiehun aparkaleku daude autoentzat eta 50 bizikletentzat. Autoena beti dago beteta, eta bizikletenean hogei inguru hutsik egongo dira beti. Gure elkarteko batzuk joaten dira bizikletaz, baina oso gutxi dira animatzen direnak. Zergatik? Ez dakit». 

Gidariak eta txirrindulariak

Mateosen ustez, jendea bizikletaz gehiago ibiltzeko egin behar dena da beldurra kentzen lagundu; «hau da, gidarien artean kontzientzia sortu». «Gure alkateak esan zuen Herbehereetan bizikletak errepidetik joaten direla; bai, noski, baina han seguruagoa delako ibiltzea». Horregatik uste du «auto gidarien jarrera aldatzea» ezinbestekoa dela. Foru diputatua ere ados dago, eta kanpaina bat egiteko asmoa iragarri du. Hala ere, alde bietara bideratuko dute: gidarietara eta txirrindularietara. «Ezin dugu inor estigmatizatu; badakigu txirrindulariak direla kalteberenak, baina gidariak ere askotan kexatzen zaizkigu txirrindulariek sarri ez dituztelako arauak errespetatzen», adierazi du Perezek.

Mateosek onartu du txirrindulariei egindako kritika hori. Inguruan ikusten duena kontatu du. Aixerrotape elkartean 220-240 bazkide dira. 70 urte pasatxo ditu nagusienak, eta 20 urtekoak ere badituzte. «Ikusten dut 60-70ekoek ez dutela errespetatzen, eta 20koak, gehienak, egoki ibiltzen direla. Adibidez, semaforoa gorri jartzen zaienean, itxaron egiten dute, eta nagusiagoek, ez. Beste kultura bat dute, errespetu handiagoa dute; denek ez, baina bai gehienek. Aldaketa bat dagoela uste dut, onerako».

%70

Bizikleten artean, mendikoak direnak. Bizkaitarrek dituzten hamar bizikletatik zazpi mendikoak dira. Oraindik ere gehiago kirolarekin edo aisialdiarekin lotzen dutelako daukate mota horretakoek hainbesteko pisua.

Barometroaren arabera, %71k erantzun dute badakitela bizikletaz zirkulatzen. Bilboko Biziz Bizi elkarteko Javi Umerezi deigarri egin zaio datu hori. «Batzuetan lotsa ematen digu ez dakigula aitortzeak, edo dakiguna baino gehiago dakigula pentsatzen dugu». Esan du Bilbon eta metropolian bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoak sortu direnetik hainbatek jo dutela haienera ikastaro eske. Horregatik, erakunde publikoei eskatu die formakuntza emateko erabiltzaileei. «Askok ez dakite hirigunean ezin dutela espaloitik joan, adibidez».  

Metropolian daude, erabiltzaileen iritziz, txirrindularientzako Bizkaiko eskualderik «abegikorrena» eta baita segurtasun gutxien duena ere: itsasadarraren eskumako aldea eta ezkerrekoa dira, hurrenez hurren. Javier Umaran Biziz Bizi elkarteko kidearen ustez, bietan dago trafiko handia, baina Ezkerraldean segurtasun falta sentipena handiagoa da bideetan. «Oso urbanizatuta dago, auto eta autobus asko dabiltza, abiadura handian… Orografiak ere ez du laguntzen: malkartsuagoa da, eta aldapa batean ibilgailu bat atzetik eta gertu-gertu izatea ez da erosoa». 

Bidegorrien beharra

Biziz Biziko kidearen ustez, ezinbestekoa da bidegorri sarea osatzea. Metropolian dagoeneko bukatu dute Bilbo eta Barakaldo artekoa. Orain dabiltza eskumaldeko bulebarra eraikitzen, Getxo eta Bilbo lotuko dituena. Joan den astean bisitatu zituen lanak Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Kohesiorako diputatuak, eta iragarri zuen Lamiako (Leioa) inguruko zatia udaberrian irekiko dutela.

Umaranek espero du dena osorik bukatzean «nabarmen» handituko dela erabiltzaile kopurua: «Bide segurua baduzu, jendea animatzen da bizikleta hartzera. Erraz eta azkar joan ahal izango gara Getxotik Bilbora itsasadar ertzetik». Gainera, All Iron delako zubiari esker, itsasadarren ertz batetik bestera pasatu ahal izango dira, Erandio eta Barakaldo artean.

%6

Elektrikoak diren bizikletak. Erakunde publikoek alokairurako jartzen dituzten bizikletak elektrikoak izan ohi diren arren, herritarrek erosten dituztenen artean gutxiengoa dira oraindik ere: %6.

Hiriburuan are lan gehiago egin beharko dute erakundeek erabilera sustatzeko. Barometroaren arabera, bizikletaz gutxien dabiltzan bizkaitarrak dira bilbotarrak. «Ikusi dugu zenbat eta hiriagoa izan lekua, gutxiago erabiltzen dela bizikleta. Izan daiteke garraio publiko eskaintza zabalagoa dagoelako, bizikleta lapurtzeko arrisku handiagoa ikusten dutelako, auto gehiegi daudelako edo bidegorriak falta dituztela uste dutelako», azaldu du Perez foru diputatuak. 

Umaranen iritziz, Bilbok bidegorri falta du, eta daudenak txarto lotuta daude elkarren artean. «Guggenheim inguruan paseatzeko ondo dago, baina bidegorriak ez dira ailegatzen Santutxura edo aparte dauden beste auzoetara». Dena den, uste du trafikoa dela traba nagusia. Onartu du Bilbon orduko 30 kilometroko abiadura muga ipini izanak lagundu duela, baina kexatu da gidari guztiek ez dutelako erabiltzen. «Errail biko kaleetan, Kale Nagusian, Deustuko zubian… Halako tokietan ez dute errespetatzen, eta agerikoa da, esaterako, Kale Nagusian ez dabilela inor bizikletaz».

Bizikletak eskuragarri

Apirilean sartuko da indarrean Bilbon emisio baxuko eremuaren araudia. Biziz Biziko kideak espero du horrekin hiriburura auto gutxiago sartuko direla, eta iruditzen zaio horrek lagundu dezakeela bizikletari leku gehiago ematen: «Autoak kendu behar dira kaleetatik, herritarrek metroa eta bizikletak erabili ditzaten». Eta bizikletak eskuragarri ipini.

Bilbok joan den hamarkadan sortu zuen bizikleta publikoen zerbitzua; lehenengo, Bilbon Bizi, nork bere indarrez mugitu beharrekoak, eta, 2018tik, BilboBizi, bizikleta elektrikoena. Iaz ipini zuen martxan Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaiBizi, metropoliko bederatzi udalerritan, herrien arteko joan-etorriak bizikleta elektrikoz egiteko. Umaranen esanetan, zerbitzu horiek bultzada handia dira bizikleta garraiobide bihurtzeko, eta, dioenez, lagundu dute gehiago erabiltzen. Diputatuak esan du aurten eta datorren urtean aztertuko dutela zerbitzua zelan hedatu beste herri eta eskualde batzuetara.

%72

Zenbat bizkaitarrek dakiten BizkaiBizi zer den. Bizkaiko Foru Aldundiak emandako datuen arabera, martxan ipini eta ehun egunera bizkaitarren %72k dakite BizkaiBizi zerbitzua zer den, metropoliko bederatzi udalerritan dagoen bizikletak alokatzeko zerbitzu publikoa. Zerbitzua duten herrietan %80koa da ezagutza maila.

Mateosek uste du Gernika-Lumon lagungarria izango litzatekeela. «Herria zeharkatzeko hogei minutu behar ditugu oinez, eta gure sasoian oinez joaten ginen institutura eta. Duela urte batzuetatik Bidebusa [udal autobusa] dugu, eta orain gazteak hogei minutu egoten dira geltokian zain, gero autobusez joateko eskolara. Bizikletak balituzte, seguru nago bizikletaz joango liratekeela asko». Haren semea, berbarako, Bilbora joaten da unibertsitatera, eta BilboBiziren erabiltzaile egin da, «lagunak ere badirela ikusita»: autobusetik jaitsi eta fakultatera bizikleta publikoz joaten da.

36.000 herritar daude Bizkaibizi zerbitzuan izena emanda

Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaiBizi zerbitzuari buruzko azterlana ere egin du, eta haren emaitzak ere eman ditu Sonia Perez Ezkerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak martxan ipini zenetik ehun egun igaro direnean. 2023a amaitzerakoan, 36.000 herritar zeuden izena emanda, eta horietatik 18.000 baino gehiago «ohiko erabiltzaileak» dira. Egunero, batez beste, 3.000 alokairu egiten dira. Joan den hiletik aurreikusitako bizikleta guztiak daude eskuragarri. 

Gehien erabiltzen diren orduak 10:00ak, 14:00ak eta 18:00-19:00 aldera izaten da. Alokairu gehienak ordu erdirakoak izaten dira, eta batez besteko erabilera hamazazpi minutukoa da. Erabilera gehien duen geltokia Santurtziko parkekoa da, eta gutxien Barakaldoko Arteagabeitiak eta Kareagak dute. Alokatze gehien Barakaldon eta Getxon egiten dira, eta gutxien Berangon, Erandion eta Bilbon. Barakaldon, batez ere, hiri barruan bidaiatzeko erabiltzen da, eta herri arteko bidaietarako gehiago Bilbon, Sestaon eta Berangon.