Bizkaiko Abesbatzen Asteak 50 urte bete ditu aurten

Bizkaiko Abesbatzen Asteak 50 urte bete ditu aurten

​Zeanuriko Abesbatzak eman zion hasiera aurtengo Bizkaiko Abesbatzen Asteari, duela hamabi egun. Bilboko Begoñako basilikako aldarera igo ziren orduan koru horretako hogei ahots misto, eta melodia erlijiosoekin bete zuten publikoz gainezka zegoen eliza. «Musikazaleek gogoz espero dute Bizkaiko Abesbatzen Astea, eta aurtengo aldian 11 koru gehiago entzuteko aukera izateak poza eragin dio entzule askori», esan du Xabi Arana ekitaldiko zuzendaritza batzordeko kideak. Orain dela 50 urte eman zioten hasiera «Bizkaiko koruen topaketa nagusiari», eta, ordutik, urtero antolatu dute. Aurtengoa, baina, oso berezia ari da izaten: hiru aste iraungo ditu, eta ohi baino abesbatza gehiagok hartuko dute parte; 61ek guztira.

50. urteurreneko lehenengo emanaldiek «oso harrera ona» izan dutela adierazi du Aranak, «Begoñako basilika betetzeraino». Urtarrilaren 22tik hasi eta gaur arte, Bilboko Begoñako Sustraiak, Leioako Doniene Abesbatzak, Mundakako Abesbatzak eta Derioko Ipar Alde Abesbatzak hartu dute parte Bizkaiko Abesbatzen Astean, beste askorekin batera. «Esan genezake jende gutxiago etorri dela Bilbotik kanpoko koruen kontzertuetara, baina, oro har, eliza betetzea lortu dugu», zehaztu du Aranak. Otsailaren 9ra bitarte, hogei minutu inguruko emanaldiak egingo dituzte oraindik abesteko aukera izan ez duten koruek. Astelehenetik ostiralera arituko dira, 20:00etan, Begoñako basilikan.

«Gaur egun, Elizak ez du duela 50 urte zuen indarra, eta askok halako kontzertuetarako egokitzen dituzte espresuki esanahi erlijiosoa duten abestiak».
 XABI ARANA Bizkaiko Abesbatzen Asteko zuzendaritza batzordeko kidea

Abesbatzek landu beharreko musika estiloei dagokienez, aukerak ugariak dira. Hori bai, koru bakoitzak obligazioa du Begoñako Amaren omenez Agur Maria bat abesteko. Horrez gain, hautazko beste hiru kanta prestatu behar dituzte: batek erlijiosoa izan behar du halabeharrez, baina beste biak hautatzeko irizpiderik ez dago. Aranak jakinarazi du askok polifoniak edota folklorearekin lotura duten kantak aukeratzen dituztela. «Kontuan izan behar dugu kontzertuak Begoñako basilikan ematen dituztela, eta, beraz, errespetu osoz aritu behar direla». Izan ere, halako ekitaldietatik kanpo, erlijioaren eta abesbatzen artean antzina zegoen «harreman estua galtzen» ari da: «Gaur egun, Elizak ez du duela 50 urte zuen indarra, eta askok halako kontzertuetarako egokitzen dituzte espresuki esanahi erlijiosoa duten abestiak».

Gainera, 50. urteurrenaren harira, Bizkaiko Abesbatzen Asteak sei konposizio berri sortu ditu, eta koruetako batzuek horiek interpretatzeko eta estreinatzeko aukera izango dute otsailaren 9ra bitarteko emanaldietan.

Hainbat anekdota

Hasieran ez bezala, egun kantatzen duten koruetako abeslari gehienak emakumezkoak dira, Aranak azaldu duenez. Bestalde, esan du gero eta gazte gutxiagok ematen dutela izena: «Azkenaldian, asko gutxitu dira gizonen ahots baxuak eta gazteen eta umeen koruak». Bizkaiko Abesbatzen Astearen lehenengo aldian, 1974an, soilik umez osatutako abesbatza batek parte hartu zuen, baina ordutik «umeak falta» direla nabaritu du Aranak. «50 urte igaro dira ordutik, eta ume horiek helduak dira orain. Lehen, ikastetxeetatik zetozen gehienak, baina badira 35 urte ez direla etortzen».

[articles:2119975]

Halako bitxikeriak eta pasarteak jasotzen dituen Bizkaiko Abesbatzen Astearen inguruko liburua idatzi eta argitaratu du aurten Ramon Bustamante kazetariak. Patxi Garcia kazetariak duela 25 urte idatzi zuen liburua hartu du oinarritzat, eta, horren laguntzaz, Bizkaiko Abesbatzen Astearen azken 50 urteetako historia laburbildu du. Garaiko anekdotekin eta argazkiekin osatu du testua, eta, Aranaren arabera, «oso lan txukuna» garatu du. Aranak berak 1981eko estatu kolpearen eguneko pasadizo bat ekarri du gogora: «1981ean Antonio Tejerok [Espainian] estatu kolpea eman zuenean, Bizkaiko Abesbatzen Astea ari ziren egiten. Zuzendaritza batzordeko kideek ez zekiten zer egin: kontzertuak bertan behera utzi edo koruei abesteko baimena eman». Azkenean, ekitaldiarekin aurrera egitea erabaki zuten, eta, «zorionez», egoerak ez zuen okerrera egin.

Soinu Bidea Ahots Zuriak abesbatza. Bizkaiko Abesbatzen Asteko lehen aldian parte hartu zuen, 1974an, eta umez osatuta zegoen. BIZKAIKO ABESBATZEN ASTEA

Topaketa garrantzitsua

Durangoko Musika Hamabostaldia kenduta, Bizkaiko abesbatzak biltzeko antzeko ekitaldi gutxi dagoela azpimarratu du Aranak. «Alarde edo topaketa koralen artean, uste dut Bizkaiko Abesbatzen Asteak pisu handia duela. Eta, horrekin batera, Bizkaiko Abesbatzen Federazioak udaberrian antolatzen dituen kontzertuak». Hain zuzen, emanaldi horietan parte hartu nahi duten Bizkaiko abesbatzak hirukotetan banatzen dituzte, eta herriz herri joaten dira kantatzen. «Hirukotea osatzen duten abesbatzen herrietan abesten dute lehenengo; ondoren, korurik ez duen herriren batera joaten dira, zaletasun hori hedatzeko asmoz». Ekitaldi bien arteko desberdintasuna nabaria da, ordea: «Udaberriko kontzertuak banatuta daude denboran eta espazioan, eta Bizkaiko Abesbatzen Astea leku eta data berean egiten da».

«Bizkaiko Abesbatzen Astea Bizkaian finkatuta dagoen ekitaldi bat dela uste dut», esan du Aranak. «Eta datozen 50 urteetan ere hala izatea espero dut». Harro dago zuzendaritza batzordeak urte luzez egin duen lanarekin; batez ere, abestien eta abesbatzen tradizioa etenik gabe mantentzea lortu dutelako.