Agate Deunaren eguneko «ibilbide utopikoa»

Agate Deunaren eguneko «ibilbide utopikoa»

​1951ko otsailaren 3an, Arratiako Koruko gizonak diru eskean atera ziren lehen aldiz, Agate Deunaren eguneko tradizioak agintzen duenez. Garai hartan, gaizki ikusia zegoen emakumeak diru eskean ateratzea, eta hamalau urte igaro behar izan ziren parte hartzeko baimena lortu zuten arte. «Aita San Josek hartu zuen koruko agintea, eta atea ireki zizkien emakumeei eta haurrei», kontatu du Garazi Navas Arratiako Koruko abeslariak. «Horri esker, korua nabarmen hazi zen, eta hirurogei pertsona ere izan ziren inoiz». Egungo taldea ordukoa baino txikiagoa da: 49 lagunek osatzen dute. Navasek, ordea, argi du Agate Deunaren eguneko tradizioa bizirik mantentzeko gai izango direla. «Gure eguna da, eta jendeari erakutsi nahi diogu sugar horrek piztuta jarraitzen duela Arratian».

Etzi, Agate Deunaren eguneko bezperan zehazki, Arratiako Koruko abeslariek berriz hartuko dituzte kaleak. Areatzako parrokian kantatuko dute lehenengo, 08:00etako mezan, eta Bilborako bidea egingo dute ondoren. Tartean, hainbat herritan egingo dute geldialdia; Zeanurin, Igorren, Lemoan eta Zornotzan, esaterako. «Berrikuntza bat izango da aurten, gainera: Usansolon ere abestuko dugu, gaur egun udalerria da eta». Bilbon abestuta, Areatzako plazara bueltatuko dira, eta hango udalak urtero prestatzen dien afariaz gozatuko dute. Kontuan izanda hogei geldialdi baino gehiago egingo dituztela bihar, ibilbidea ezin amaitzearen beldur da Navas. «Gure ibilbide utopikoa osatu dugu, baina ez dakigu herri guztietatik pasatzeko denborarik izango dugun!».

«Ohi baino gogorrago egin behar izan dugu lan, ‘Lau ahotsetara’ inoiz abestu ez dugun kanta bat delako eta lauzpabost ahots batu zaizkigulako». GARAZI NAVAS Arratiako Koruko abeslaria

Urrian hasi zituzten abestiak prestatzeko entseguak, eta, Navasek aurreratu duenez, aurreko urteetan abestu ez duten abesti bat estreinatuko dute aurten: Jose Domingo Ugartetxearen Lau ahotsetara. «Ohi baino gogorrago egin behar izan dugu lan, Lau ahotsetara inoiz abestu ez dugun kanta bat delako eta lauzpabost ahots batu zaizkigulako», aitortu du abeslariak. «Kalean ere entseatu dugu, barneko eta kanpoko akustika oso desberdina da eta».

Une hunkigarria

Adin askotako lagunek osatzen dute Arratiako Korua, 10 urteko umeetatik 90 urte inguruko helduetara. «Duela lau urte inguru koruan sartu nintzenetik, gainera, 20-30 urte bitarteko gazteak erakartzea lortu dugu». Haientzat guztientzat, ibilbidea amaitzea da garrantzitsuena, eta, nagusienek ere helburu hori betetzeko aukera izan dezaten, aurten lehen aldiz Bilbotik mugitzeko autobus bat jarriko diete. «Askok mugikortasun arazoak dituzte, protesiengatik. Horregatik, oso berezia da haientzat ibilbidea osorik egiteko aukera izatea», esan du Navasek.

Hain zuzen, Areatzara bueltatzen direneko unea da (21:30), oro har, hunkigarriena: «Herritar guztiak plazan egoten dira, gu itxaroten. Nekaturik heltzen gara, baina salda egiten digutela ikusteak asko emozionatzen gaitu». Egun osoan abarkak jantzita egoteagatik ibilbidea leher eginda amaitzen duten arren, Areatzako plazan azken aldiz kantatzeak tristura sentiarazten dio Navasi. «Emozio kontrajarriak dira, baina egunaren bukaera da, eta horrek pena eragiten du».

Eguna amaitu ostean, lortutako diruaren kontaketa egingo dute, eta Caritas elkarteari emango diote, urtero bezala.

Arratiako koruaren agate deunEko ibilbidea

08:00. Areatzako parrokia.

08:45. Zeanuri.

09:05. Arantzazu.

09:20. Dima.

09:35. Igorre.

09:50. Lemoa.

10:05. Bedia.

10:15. Usansolo.

10:40. Zornotza.

11:45. Bilboko Begoñako basilika.

12:00. San Anton eta Plaza Berria.

13:00. Areatza.

13:15. Bilboko udaletxea.

13:35. Ibaigane, Laboral Kutxa, Ledesma, BBVA eta BBK.

14:20. Bizkaiko foru jauregia.

14:40. Guggenheim museoa.

17:00. Epaitegiak, Zabalguneko plaza, Moyua, Egileor plaza, Viña, Kale Nagusia, El Corte Ingles eta Plaza Biribila.

19:00. Unamuno plaza eta Juan Santuen eliza.

19:45. Santiago katedrala.

20:20. Arriaga.

20:50. Galdakao.

21:20. Artea.

21:30. Areatza.