Bilbon trafiko istripuak gutxitu egin dira, eta gutxi horietan ez da inor hil

Bilbon trafiko istripuak gutxitu egin dira, eta gutxi horietan ez da inor hil

​Amaia Agirre Bilboko Segurtasun zinegotzia pozik agertu da iazko bide segurtasun balantzea egitean, ez baitzen inor hil: «Helburu nagusi bat bete da, nahiz eta ñabardura batekin: ez da hildakorik egon». Ñabardura hori zera da: ezbeharra izan eta egun batzuetara hil zen ospitalean 71 urte gizonezko bat, baina oraindik ez dute argitu istripuaren ondorioz hil zen edo ez. «Prozesu judiziala zabalik dago oraindik». Trafiko istripuak gutxitu egin ziren.

2022an bost lagun hil ziren Bilbon izandako ezbeharretan. Beraz, beherakada nabarmena izan da. Neurri handi batean, istripuek ere behera egin dutelako izan da. Hain zuzen, aurreko urtean baino %2,76 istripu gutxiago izan ziren iaz. Guztira, 1.547. Agirren esanetan, urte bateko datuei erreparatzea baino garrantzitsuagoa da bilakaerari begiratzea, eta horretan ere baikor egoteko arrazoiak topatu dituzte. «Pandemiako urtea kenduta, 2014tik istripu gutxien izan diren urtea izan da 2023a». Esaterako, 2019an, 1.742 izan ziren. Iaz, hamar istriputatik zazpitan ez da zauriturik izan. 496 istriputan 596 zauritu izan dira; horietatik 34, zauritu larriak. Estatistiketan, oraingoz, azken multzo horretan dago handik egun batzuetara hildako gizona, heriotza zerk eragin zion argitu arte.

Segurtasun zinegotziaren esanetan, bilakaera on horretan zer esana izan du, besteak beste, hirian orduko 30 kilometroko abiadura muga ipini izanak. «Gero eta barneratuago dugu, eta gidariok gero eta gehiago errespetatzen dugu abiadura muga». Horrez gainera, kontzientziazioa ere azpimarratu du Agirrek. Nabarmendu du eskola umeen artean egiten den bide segurtasun ikastaroa. Kontrolak ere egiten ditu Bilboko Udaltzaingoak; guztira, 2.509 proba, eta 56 lagunek eman zuten positibo alkohol probetan eta hamabik droga probetan. Guztira, 514 lagun atxilotu edo ikertu zituzten bide segurtasunaren aurkako delituengatik; haietako 347 alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzeagatik atxilotu zituzten.

«Gero eta barneratuago dugu orduko 30 kilometroko abiadura muga, eta gehiago errespetatzen dugu».
AMAIA AGIRRE Bilboko Segurtasun zinegotzia

Ezbehar ohikoenak ibilgailuek elkar jotzea —hamarretik ia sei— edo talkak —hamarretik bi— izaten dira. Esaterako, istripuen %7,05ean baino ez zen oinezko bat harrapatu: 109 izan ziren guztira iaz, 2022an baino %17 gutxiago. «Oinezkoenak dira kalteberenak, baina, aldi berean, eragile aktiboak dira istripuen prebentzioan», ohartarazi du zinegotziak. Ibilgailu motei dagokienez, istripuetatik %71,43tan autoak izan ziren eragileak; kopuru apalagoan parte hartu dute motorrek (%11,12), bizikletek (%9,89) eta furgonetek (%8,92).

Aparkatzean

Bilboko istripuen kausa nagusia abiadura txikian egindako maniobra okerrak izan ziren; batez ere, aparkatzean eta aparkalekuetatik irtetean. Beste 262 ezbehar gidarien distrakzioek eragin zituzten. Ibilgailuaren kontrola galtzea, segurtasun tartea ez mantentzea eta beste erreian sartzea ere istripu eragile garrantzitsuak izan ziren.

Istripu gehienak maiatzean, irailean eta uztailean gertatzen dira, hurrenez hurren. Barikuetan eta astelehenean izaten dira gehienak. Hamar istriputik ia zazpi bide zuzenetan gertatu ziren, bi bidegurutzeetan eta bakarra bihurguneetan. Ezbehar gehien izandako errepideak honakoak izan ziren: Ibarsusi-Egirleta, Gordoniz, Zumalakarregi etorbidea, Autonomia, Kale Nagusia, Agirre lehendakariaren etorbidea eta Urkixo zumarkalea.