Abiadura ezberdinak

​Bilboko erdigunea emisio gutxiko eremu bilakatuko dela jakin dugu 2024. urte hasieran. Hau da, Zabalguneko kaleetan auzokideak ez direnen autoen zirkulazioa debekatuta egongo dela ordutegi eta baldintza jakin batzuetan. Aurrerapauso bat da mugikortasun jasangarria bermatzerako bidean, dudarik gabe, baina soilik hiriko eremu jakin batera mugatutako jasangarritasuna. 

Izan ere, gainerako auzoetan, mugikortasun jasangarriaren helburua gero eta urrunago sumatzen da. Bilbo hegoaldeko auzoetan, 50.000 pertsona baino gehiagok ez dute metroa erabiltzeko aukerarik, metroaren laugarren lineak  —Irala eta Errekaldetik igaroko litzateke— oraindik ere gobernuaren tiraderan gordeta dagoen proiektua izaten jarraitzen duelako. Aldi berean, goi auzoetan —Arangoiti, Zurbaran, Arabella, Sarrikue, Otxarkoaga, Buia, Peñascal, Betolaza, Masustegi eta Altamira, besteak beste— irisgarritasun arazoak pairatzen jarraitzen dute, eta kasu batzuetan Bilbobus zerbitzua bera ere nahikoa ez da. 

Momentuz, badirudi Bilboko auzo guztietan jasangarritasun errealaren mugara heltzeko abiadura ez dela berdina izango.

Bestalde, autoak hiriko erdialdetik ateratzen dituzten bitartean, Errekalde edo Zorrotza moduko auzoetan, autobidea etxeetako leihoetatik ukitu daiteke. Modu berean, Deustu hegoaldean, orain dela urte batzuk, autobiderako beste sarrera bat egitea erabaki zuten, laugarrena auzoan, eta trafikoaren eragina areagotu du. Agirre lehendakaria, Zumalakarregi edo Autonomia moduko etorbideek arrakala urbanistikoak sortzen dituzte, aipatutako hiri jasangarriaren helburutik aldenduz. Egoera honetan, posible da Bilbo bizikleta eta ibiltariak erdigunean jartzen dituen hiria bilakatzea? Bidegorri eta oinezkoentzako sare seguruak sortzeari uko egiten dion gobernuekin zaila izango da. 

Hiriaren proiektu berrien diseinuan ere, badirudi mugikortasun jasangarriak ez duela tokirik aurkitzen. Olabeaga edota Deustuko Erriberako Zorrotzaurre proiektu urbanistikoak hiriko protagonistak izango dira hurrengo urteetan; ia ez da garraio publikorik heltzen haietara, eta eguraldi txarra egiten duen egunetan bizikletaz zein oinez ibiltzeko aukerak eskasak dira. Olaeta Baletak kalea eta Zarandona etorbidea orain dela urte eskas inauguratu ziren; ez dute bien arteko bidegorri lotura segururik, eta biak lotzen dituzten paseo berrian ezinezkoa da, adibidez, beroa egiten duenean ibiltzea. Modu berean, elkarteek salatzen jarraitzen dute auzo batzuetan Bilbon Bizi zerbitzurik ez dutela. 

Ustez, orduko 30 kilometroko abiadura hiri osoan zehar nagusi den arren, momentuz, badirudi Bilboko auzo guztietan jasangarritasun errealaren mugara heltzeko abiadura ez dela berdina izango. Azken finean, makroproiektu urbanistiko, azpiegituren eraikuntza eta zerbitzuen bermatzeari dagokionez, auzoaren arabera abiadura ezberdina izaten da.