Bilboko Zabalguneko aparkalekuak ia berrehun toki gehiago izango ditu

Bilboko Zabalguneko aparkalekuak ia berrehun toki gehiago izango ditu

​Hil honen bukaeran edo hurrengoaren hasieran zarratuko dute Bilbon Zabalguneko aparkalekua, apirilean hasiko dituzte hura handitzeko obrak, eta 2026ko udazkenerako bukatuta eta gaineko plaza berrituta izango dituzte. Nora Abete Mugikortasun eta Jasangarritasun zinegotziak adierazi duenez, helburua da aparkalekua «egungo mugikortasun arloko erronketara egokitzea» eta Zabalguneko plaza «leku eroso, atsegin eta berdea bihurtzea». Aparkaleku berriak 549 toki izango ditu; hau da, gaur egun baino 198 gehiago.

Obraren eraginak pairatuko dituzten etxebizitzak, lokalak eta eraikinak ikuskatuko dituzte datozen egunetan, eta emaitza notario aktetan erregistratuko dute. Kalterik pairatuz gero, agiri horiek erabilgarriak izango dira bizilagunentzat. Abetek esan du plaza eta aparkalekua berritzeko jaso dituzten proiektuen artean ingurukoei kalterik txikiena eragingo diena aukeratu dutela. Lanak egin bitartean, mekanismoak erabiliko dituzte kalte edo eragin horiek neurtzeko.

Lanak egiten diren bitartean, trafikoa eten egingo da plazaren alde bietara. Gainera, Colon de Larreategi eta Ibañez de Bilbao kaleen arteko zatian trafikoa mugatzeak Bizkaibusen A3411 Bilbo-Getxo-Azkorri lineari eragingo dio: aldatu egingo da autobus horren ibilbidea.

Gaur egun, aparkalekuak hiru solairu ditu. Lanak amaitutakoan, bost izango ditu, eta, orain arte ez bezala, haietako bat inguruko bizilagunentzat izango da. Bukatu baino hilabete lehenago eskainiko du Bilboko Udalak aparkalekua eskatzeko aukera, eta zozketa bidez adjudikatuko ditu. Urtebeterako izango da adjudikazioa, eta luzatzeko eskatu ahal izango da.

Barrutik berrantolatu egingo dute, lekua hobeto aprobetxatzeko. Solairuen garaiera ere handituko da, eta lehen solairua garaiagoa egingo dute, furgoneten moduko ibilgailu handiagoak sartu ahal izateko. Teknologia aldetik ere modernizatu egingo dute aparkalekua. Elbarrientzako lekuak gordeko dituzte, eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak egongo dira.

Ibilgailuentzako sarbidea eta irteera aldatuko dizkiote aparkalekuari. Gaur egun biak elkarren alboan daude, Colon de Larreategi kalean. Obrak bukatutakoan, irteerak kale berean jarraituko du. Sarbidea, ostera, Zabalguneko plazako mendebaldeko kalean egongo da, Javier Saenz de Buruaga osasun zentroaren atariaren parean, eta hara Henao kaletik sartuko dira ibilgailuak. Gainera, plazaren mendebaldeko kale horren gainontzeko zatia oinezkoentzako bihurtuko dute, plaza handitzeko. Ekialdeko kalea, berriz, orain arte bezala egongo da, eta merkatuko saltzaileek handik egin ahal izango dituzte zamaketa lanak, orain legez.

Erabilgarria eta erosoa

Zabalguneko plaza berria diseinatzeko, ingurumeneko aldagai ugari hartu dituzte kontuan; esaterako, azterketa bioklimatiko bat egin dute: besteak beste, eguzkiztapenari buruzko ikerketa bat ondu dute, eta estrategia batzuk diseinatu dituzte bero uharte izeneko efektua murrizteko eta ur gutxiago isurtzeko. Blas Beristain arkitektoaren esanetan, «konforta» bilatu dute. Espazioaren funtzionalitateari buruzko beste aldagai batzuk ere kontuan hartu dira, espazioa ahalik eta erabilgarriena izan dadin herritarrentzat.

Beristainek azaldu duenez, egoteko lekua azokaren eraikinaren aurrean atondu dute, soilik hara sartzen baita eguzkia neguan. Ibilgailuak igaroko diren aldeetan, arbola, zuhaixka eta belardiak ipiniko dituzte, trafikotik babesteko. Gainera, euria egiten duenean ura xurgatuko dute. Gaur egun dauden zuhaitzak birlandatuko dira, eta gehiago jarriko dira. Estalpeak ere ipiniko dituzte udan itzala egiteko eta euritik babesteko. Plaza handitu egingo da mendebalderantz, egun errepidea eta espaloia dauden tokirantz.