Mungialdeko Erantzun Kutxarako dirua biltzeko jaia egingo dute gaur Mungian

Mungialdeko Erantzun Kutxarako dirua biltzeko jaia egingo dute gaur Mungian

​Duela pare bart urte sortu zuten Mungialdeko Erantzun Kutxa. «Eskualdeko hainbat eragile politikok sortutako elkargune bat da. Haren funtzioa da eskualdean gerta daitezkeen errepresio kasuei erantzuteko baliabide ekonomikoak sortzea», azaldu du Erantzun Kutxako kide Jokin Arriolak. Orain, sare sozialetara egin dute jauzi, eta dirua biltzeko jaia egingo dute gaur, Mungian, San Antontxu jaien abaroan.

Arriolaren arabera, ikusten dute eskualdean eta, batez ere, Mungian bertan «hainbat oztopo» dituztela euren «jarduera politikoak aurrera eroateko orduan». «Askotan errepresibo kasuetan amaitu da, eta ondorio administratiboak edo penalak izan ditugu». Horri aurre egiteko erabaki zuten marko edo elkargunea sortzea, batez ere, ekonomikoki, baina baita salaketa politiko batekin ere.

Eskualdeko hainbat eragile politiko daude kutxaren barruan: Mungiako Gazte Asanblada, Ezker Abertzalea, Jarki, Jardun, Ernai eta Izartu Mungialdea koordinakundea. Hala ere, Arriolak azpimarratu du marko irekia dela, eta kutxaren sorreran onartutako oinarriak betetzen dituen eskualdeko beste edozein erakunde sartu daitekeela, muga batzuen barruan. Besteak beste, oinarri ideologiko bera izatea eskatuko liekete. «Hainbat eztabaidaren ondoren, erabaki genuen ezin dela izan oso kutxa zabala. Alde batetik, errepresio politikotzat zer definitzen den eta zer ez eztabaida luzea da. Eta, beste aldetik, markoak bere mugak ditu, eta ezingo luke edozein errepresio lagundu». 

Kontrola

Arriolaren esanetan, Mungialdeko Erantzun Kutxa testuinguru orokor baten barruan sortu zen, nahiz eta egon diren «mugarri izan den gertakariren bat». «Mungian mugimendu politiko, kultural eta sozial zabal, fresko eta handi bat sortu da, ez dena sigla politiko edo etiketa batzuen barruan biltzen. Nahiz eta mugimendu hori ez izan konfrontazioa sortzen duena, haren aurkako jarrera sortu da erakundeen aldetik. Udalak gura duena da bere filtrotik eta kontrolpetik pasatzea herrian gertatzen den dena». Arriolaren arabera, erakunde publikoek «kontrola» handitu dute, eta horrek «errepresioan amaitzen duten egoerak sortzen ditu». 

Azkenaldian inguruan izan duten kasurik adierazgarriena Bingenen lagunak izeneko mugimendua da: «Herriko lagun baten kontra sekulako polizia muntaketa antolatu zuten, itsasgarri batzuengatik: errepresioa, isun itzela… Eta hura babesteko mugimendua sortu da».

«Udalak gura duena da bere filtrotik eta kontrolpetik pasatzea herrian gertatzen den guztia».
JOKIN ARRIOLA Mungialdeko Erantzun Kutxako kidea

Gaurko jaiarekin gertatutakoa ere ipini du adibide modura. Berez, Andra Mari gunean egitekoak ziren jaia. Iazko azaroan eskatu zuten baimena, udalak eskatzen baitu urte batean egingo diren ekintza publikoen berri aurreko urteko azaroan emateko. «Ez zegoen egun horretan gune hori nahi zuen beste eragilerik». Duela hilabete berriro egin zuten eskaera formala, eta ezezkoa jaso dute. Udalaren arabera, biharko antolatu dutena «programazioaren kontrakoa» da. Mungia San Antontxu jaiak ospatzen dabil egunotan, eta gaur Lapikoko Eguna egingo dute plazan, Andra Mari gunearen ondoan. Udalak atondutako egitarauaren arabera, DJ bat egongo da indaba lehiaketa girotzen, eta udalari iruditzen zaio ez dela posible biak ondoan egitea.

Beraz, Errota gaztetxean egingo dute jaia. Udalak egiten duen «gune publikoen erabilera» salatu du Arriolak. «Berak antolatu ez duen guztia programaren kontrakotzat hartzen du, berak ezarritako baldintzak bete arren». Iruditzen zaio agerian geratu dela, era berean, gune okupatuen eta autogestionatuen garrantzia.