«Autokritika egin beharrean, gazteengan jartzen da zama»

«Autokritika egin beharrean, gazteengan jartzen da zama»

​Gazteen hizkuntza ohituren inguruan sarritan hitz egiten bada ere, gazteak baztertu egiten dituzte gehienetan, Ainhoa Zabarte Narbaiza (Zaldibar, 1991) Durangoko Berbaro euskara elkarteko kidearen arabera. Horiek erdigunean jartzeko asmoz, Zeresana. Durangaldeko gazteak eta euskara dokumentala ondu dute elkarlanean Durangaldeko Mankomunitateak eta Berbaro euskara elkarteak. Gazteei eman diete ahotsa, eta euskararen inguruan gogoeta egiteko balio izatea espero dute.

Durangaldeko 16 eta 17 urte bitarteko gazteen hizkuntza ohiturak aztertu dituzue Zeresana dokumentalaren bitartez. Zein da gazte horien pertzepzioa euskarari dagokionez? 

Ikus-entzunezkoa egiteko askotariko ikuspegiak biltzen ahalegindu garenez, emaitzak ere halakoxeak dira. Kasu batzuetan, ohikoa da euskaraz eta gaztelaniaz hitz egitea; beste kasu batzuetan, euskararen erabilera indartzeko beharra dagoela uste dute… Denetariko erantzunak jaso ditugu.

Hizkuntza ohiturei dagokienez, orokortzeko joera dagoela diote gazteek dokumentalean. Zuek ere horregatik erabaki duzue tokian tokiko analisi bat egitea? 

Bai. Oro har, badago gazte guztiak zaku berean sartzeko joera, eta horietako bakoitzaren errealitatea edo pertzepzioa ezberdina da. Gazteei eta euskarari buruz hausnartzeko foroak, jardunaldiak, eztabaidak… egiten badira ere, sarritan, gazteei ez zaie ahotsik ematen, ez zaie entzuten. Gure asmoa guztiz kontrakoa izan da: gazteen kezkak, ardurak, hizkuntza ohiturak… entzun eta ezagutu nahi izan ditugu.

Zergatik da garrantzitsua gazteei ahotsa ematea eta gazteei entzutea?

Gazteek ekarpen interesgarri asko egin ditzaketelako. Hizkuntza ohiturei dagokienez, aurrerapausoak eman nahi badira, ezinbestekoa dela iruditzen zaigu horiei entzutea eta ahotsa ematea. Era berean, uste dugu garrantzitsua dela belaunaldi berriei bidea egiten uztea. Hau da, hartzen diren erabakietan gazteak aintzat hartzea eta haiekin bat egitea.

Datuek diote euskararen ezagutza handitu bada ere erabilerak beherantz egiten jarraitzen duela. Zergatik izan daiteke hori? 

Dokumentalaren kasuan, elkarrizketatu guztiek ikasi dute euskaraz, batek izan ezik. Kontua da ohiturak aldatuz joan direla, eta horren eraginez egin duela beherantz erabilerak.

«Euskararen erabilerak beherantz egin du ohiturak aldatu direlako, eta ohitura horiek gizarte osoak eraldatu ditu»

Gizartean duten giroa horren erdalduna izateak ere ez du lagunduko.

Hala da. Erabilerak beherantz egin du ohiturak aldatu direlako, eta ohitura horiek gizarte osoak eraldatu ditu; ez gazteek soilik. Gizarte osoak du euskarak bizirik irauteko ardura, eta hainbat arlotan bultzatu behar da hori: politikan, hezkuntzan… Bestalde, globalizazioak ere sekulako eragina izan du: kontsumitzeko erak aldatu egin dira.

Orduan, zergatik jartzen da sarritan gazteengan soilik zama eta errua?

Gizartean autokritika egin beharrean, errazagoa delako zama eta errua gazteengan jartzea. Euskararen etorkizuna haien ardura izango balitz legez jokatzen da sarritan, baina herri euskaldun batean bizi nahi baldin badugu eta belaunaldi berriek euskaraz hitz egitea lortu nahi baldin badugu, gizarte osoak egin behar du egoera aldatzeko esfortzua.

Transmisioa da gazteek dokumentalean aipatzen dituzten kontzeptuetako bat. Honela dio, esaterako, gazteetako batek: «Erantzukizun handi bat dugu euskararen erabilerarekiko hurrengo belaunaldia garelako, baina nagusiek ere badute erantzukizunaren zati bat euskararen normalizazioa bultzatzeko». 

Hala da. Euskaldun guztion ardura da, finean. 

Zer ekarpen egin diezaioke Zeresana dokumentaleko analisiak Bizkai osoko egoerari?

Ikus-entzunezkoaren asmo nagusia izan da gazteei hitza ematea eta horiei entzutea; baina, aldi berean, etorkizunean tresna gisa balio izatea ere gura dugu: eskualdeko ikastetxeetan, gaztelekuetan zein herrietan euskararen inguruan eztabaidatzeko eta hausnarketak egiteko balio izatea espero dugu. Ordu erdi irauten du, gazteak eurak dira protagonista, ez dago erantzun zuzen edo okerrik… Beraz, alde horretatik, espero dugu erabilgarria izatea. Gerora, Bizkaiko gainerako eskualdeetako eta herrietako errealitatea aztertu eta eztabaidak bultzatzeko ere balioko balu, zoragarria izango litzateke.