Artea, afiziotik ofiziora

Artea, afiziotik ofiziora

​Hiriaren eguneroko erritmo frenetikoa eten ezinda, hara eta hona dabil jendea Bilbo erdigunean, presaka. Horien artean, herritar batek pizten du arretarik handiena: adi-adi dago kristalezko erakusleiho bati begira. Kristalaren beste aldean, kolore, material eta neurri askotariko artelanak daude erakusgai, eta, barrura begiratuz gero, lanean ari da jendea. Atea ireki, eta berehala iritsi da pintura usaina dendaren barrualdetik, baita langileren baten barre algara ozena ere. Hamar urte bete ditu Formarte arte eskolak, eta ospakizun betean daude: 10 urte aurreraka erakusketa jarri dute Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Otsailaren 2ra arte bisitatu ahal izango da, doan.

Nerea Goikoetxea hango irakaslearen arabera, «arte eskola bat baino gehiago» da Formarte: «Desgaitasun psikiko edo intelektuala duten pertsonei zuzendutako tailer bat da. Asmo terapeutikoa du, eta sormena garatzen laguntzea du xede». Izena ematen duten ikasleei formakuntza ematen diete irakasleek, eta, ondoren, lan mundurako bidea zabaltzen zaie: «Ikasleei lanbide bat irakasten zaie hemen, eta, artista edo diseinatzaile direnean, diru sarrera batzuk jasotzeko aukera dute». Lanbide bat irakasteaz gainera, baina, baditu bestelako helburu batzuk ere, Goikoetxearen hitzetan: «Artearen bidez, ikasleek sormena garatzen dute, eta autonomia lortzen dute».

«Ez ditugu tailer orokorrak eskaintzen: ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen gara une oro».
NEREA GOIKOETXEA Formarte arte eskolako irakaslea

Euskal Herrian aitzindari izan zen Formarte ezaugarri horiek dituen eskola bat sortzeko garaian. Cristina Bacete eta Ana Urgoiti izan ziren haren sortzaileak. Heziketa bereziaren arloan aditua da Bacete, eta Arte Ederrak ikasi zituen Urgoitik. Baina, bereziki, ¿Qué tienes debajo del sombrero? filma (2006) izan zen pizgarri nagusia. «Dokumental hori irakasle batek jarri zigun ikasgelan, eta, asko gustatu zitzaidanez, Anari pasatu nion. Maitemindu egin ginen filmaz, eta, hori oinarri hartuta, halako proiektu bat sortzea bururatu zitzaigun», esan du Bacetek. Benetako istorio bat kontatzen du filmak. Judith Scott da protagonista, gor-mutua da, eta haren gurasoek ezinduentzako erakunde batean sartuko dute; handik urte batzuetara, haren ahizpa bikiak barnetegitik atera, eta Creative Growth arte eskolara eramango du.

Hasiera hartan, Formarten atzerriko ereduak hartu zituzten oinarri gisa beraiena sortzeko. Sortu ondoren, baina, zailtasunen bat edo beste izan zutela kontatu du Bacetek: «Garai hartan ez zegoen halako proiekturik, oso ezezaguna zen, jendeak ez zeukan informaziorik… Kostatu zitzaigun martxa hartzea». Zazpi ikasle inguruk eman zuten izena proiektuaren hastapenetan, baina, pixkanaka, handituz joan da kopurua: 60 bat ikasle dira egun. 

Autonomia eta ardura 

Ikasle horietako bakoitzari «arreta pertsonala» eskaintzen diete Formarteko hezitzaileek. «Ikasle bakoitzak badaki non eseri behar duen; batzuek laguntza gehiago edo gutxiago behar dute, baina gu saiatzen gara tartean askorik ez sartzen. Ez ditugu tailer orokorrak eskaintzen: ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen gara une oro. Izan ere, profil askotako ikasleak ditugu», nabarmendu du Goikoetxeak. Mahai gainean, askotariko materialak daude denen eskura: olioak, akuarelak, papera, oihalak… «Norberak erabakitzen du zer materialekin lan egin nahi duen», azaldu du irakasleak. Ikasle bakoitzak bere txabusina du, eta koloreak nahasten, probak egiten, margoekin jolasten ari dira, euren lanetan buru-belarri sartuta. 

Leire Zelaia da proiektua sortu eta berehala Formarten izena eman zuten kideetako bat. «Orain artista bezala lan egiten dut; kontratatu egin naute», zehaztu du. Oihalen gainean margotzen du bereziki, eta «oso pozik» dago: «Etxean egotea bezala da Formarteren parte izatea. Lagun asko egin ditut, eta oso gustura aritzen naiz: ni naizen bezalakoa izateko lekurik aproposena aurkitu dut».

«Etxean egotea bezala da Formarteren parte izatea: ni naizen bezalakoa izateko lekurik aproposena aurkitu dut».
LEIRE ZELAIA Artista

Miren Santiago «pixka bat beranduago» sartu zen arte eskolara. Pintzelarekin margotzen ari da, eta kolore asko nahastu ditu bere artelanean. «Begira zer polita», esan du, pozik. Sorginak margotzea atsegin du, eta karpetatxo baten gordeta dauzka aurten margotu dituen marrazki guztiak. «Etxean marrazki gehiago ditut», gaineratu du. Gustura dago egiten duen lanarekin. 

Artista guztien obrekin osatu dute 10 urte aurreraka erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusietan. Hamasei artistaren lanak bildu dituzte, baina bakoitzak obra bat bat baino gehiago sortu ditu. Otsailaren 2ra arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik barikura, 08:00etatik 20:00etara.

Leire Zelaia artista eta Formarte arte eskolako langilea, astelehen goizean, bere obretako bat margotzen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren arabera, artista horien lana ikusaraztea da erakusketaren helburuetako bat: «Sentimendu handiko artelanak dira, eta, margolan horien bitartez, artista bakoitzaren aniztasuna erakusten da». Goikoetxeak kontatu duenez, «erantzun oso ona» ari dira jasotzen herritarren aldetik: «Aurreiritzi asko daude gizartean, eta herritar asko harrituta geratu dira artisten mailarekin. Kalitate handiko obrak dira».

Batzar nagusietako erakusketan ez ezik, beste zenbait erakusketatan ere parte hartu izan du Formarte arte eskolak. Danimarkan eta Parisen, kasurako. Gerora, margolanak saldu egiten dituzte: «Profesionalak dira, eta gizartean ere hala ikustea nahi dugu», dio Goikoetxeak.

«Gogoz geunden, ez genuen etsi, eta ahoz aho hasi zen zabaltzen gure proiektua. Familia bat osatu dugu, eta bagabiltza apurka-apurka bidea egiten».
CRISTINA BACETE Formarte arte eskolako sortzailea

Bacetek eta Urgoitik 2013ko urrian ekin zioten lanari, eta nabarmendu dute urte hauetan guztietan «oso jarrera baikorrarekin» aritu direla lanean: «Hasierako urte horiek ez ziren batere errazak izan: hainbat elkarte eta zentrotara joan ginen gure proiektuaren berri ematen, baina lehiakide bezala ikusi gintuzten, eta ez zieten familiei gure informazioa helarazi». Tratu horrek, baina, ez zituen izutu sortzaileak: «Gogoz geunden, ez genuen etsi, eta ahoz aho hasi zen zabaltzen gure proiektua. Familia bat osatu dugu, eta bagabiltza apurka-apurka bidea egiten». Bi sortzaileez gainera, hiru irakasle ere badaude lanean, eta, sarritan, boluntarioak ere joaten dira laguntzera.

Bi proiektu

Hasierako urteetan, Bilbon bertan zuten egoitza nagusia, Basurtun, baina txiki geratu zitzaienez, 2020an Errekalde zumarkalera lekualdatu ziren. Bacetek azaldu duenez, bi proiektu ditu gaur egun arte eskolak: Formarte eta Nahiarte. «Formarte arte eskola bat da, eta, Nahiarteren bitartez, artista horiei lan mundurako irtenbide bat eman nahi zaie». Gaur egun, lau artista daude soldata finko batekin. «Baina, aurrerantzean, gehiago izatea nahi dugu: artista gehiago kontratatu nahi ditugu», azpimarratu du.  

Bide beretik, gaineratu du instituzioek oraindik ere ez dituztela lan irteera asko prestatu desgaitasunen bat dutenentzat. Era berean, halako eskola gehiago sortzeko beharrizana dagoela ere nabarmendu du: «Pertsona hauek sortzeko sekulako gaitasuna dute, eta sormen hori lanbide bilakatzeko bide asko egon daitezke: ez du zertan artearen bitartez izan. Probatzen joatea da gakoa».