Uribe Kostako udalek Bizkaibus zerbitzua aztertzeko eskatu diote aldundiari

Uribe Kostako udalek Bizkaibus zerbitzua aztertzeko eskatu diote aldundiari

​Uribe Kostako udalek eskaera formal bateratu bat egin diote Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Sailari, eskualdeko Bizkaibus zerbitzua berrikusi eta azter dezan, hiriarteko garraio zerbitzuaren hurrengo adjudikazioari begira. Zehazki, maiztasun handiagoa izateko eskatu dute Sopela, Barrika, Gorliz, Lemoiz, Plentzia eta Urdulizko udalek, zerbitzua hedatzea hainbat auzotara, eta Urdulizko ospitalearekiko konexioa hobetzea. «Gaur egun, garraio publikoak ez ditu betetzen auzokideen eta herritarren beharrak», adierazi du Guruzne Carrason Sopelako alkateak.

Sopelari dagokionez, hain justu, autobusak ez dira heltzen Atxabiribilera eta Arriatarara, hondartza inguruan dauden auzoetara. Hori hala, A3451 Areeta-Armintza lineako autobusa auzootan gelditu dadila eskatu dute. Gainera, Carrasonek uste du A2166 Uribe Kosta-EHU lineako maiztasuna «eskasa» dela. «Unibertsitatera joateko eskaera oso handia da, baina autobusa orduero dago», zehaztu du.

Barrika, Gorliz, Lemoiz eta Plentziako Isuskitza auzokoek —10.000 lagun inguru dira, gutxi-asko— ez dute garraio sistema zuzenik beren erreferentziazko ospitalera joateko; hots, Urdulizko ospitalera. Lemoiztar batek, esaterako, «autobus bat hartu behar du Plentziako metro geltokira, handik Urdulizera joan, eta Urdulizko geltokitik oinez joan behar du ospitalera», Jesus Mari Arizmendi Lemoizko alkateak xehatu duenez.

«Sopelan, biztanleriak gora egin du —orain, ia 14.000 herritar gara—, baina azken bost urteetako autobus maiztasun eta ibilbide berekin jarraitzen dugu»
GURUZNE CARRASON Sopelako alkatea

Hori da gabeziarik «larriena», Lemoizko alkatearen irudiko, baina ez bakarra. Izan ere, herritik Bizkaibuseko bi linea baino ez dira igarotzen. Bata, A3451 Areeta-Armintza, zeina Plentziako metro geltokitik pasatzen den; bigarrena, A3537 Plentzia-Gorliz-Mungia. Biak ala biak orduero izaten dira; gainera, Plentziatik Mungiarako autobusa bi orduz behin izaten da arratsaldez eta jaiegunetan, eta Andraka eta Urizar auzoetan baizik ez da gelditzen, baina ez herriko auzo jendetsuenean, Armintzan. Han bizi dira lemoiztarren ia erdiak, eta horiek Bizkaibus linea bakarra dute. Areetatik Armintzara doan linean, egunean zortzi autobus egoten dira.

Auzoak ere «ez daude egoki lotuta», Arizmendiren hitzetan. Adibide bat aipatu du: udaletxea Urizarren dago, eta, armintzar batek hara joan behar badu, izango du joateko autobusa, baina ez itzultzekoa, noranzko bakarrean baitago Bizkaibus. «Beraz, autoa behar du».

Ondorioz, leku batetik bestera mugitzeko denbora gehiago behar da. Lemoiztik Bilbora joateko, esaterako, ordu erdi bat behar da autoz; ordu eta erdi, ordea, garraio publikoz. Eta Bizkaibus eta metroa garraio independenteak direnez, gerta liteke denbora asko egitea esperoan. Lemoiztar batek ospitalera joan nahi badu, eta autobusa heldu orduko atera berri bada metroa, hogei minutu itxaron beharko du hurrengoa hartzeko, Arizmendik azaldu duenez. Hori horrela, autobusa eta metroa koordinatzea da Uribe Kostako udalen asmoa. Alde horretatik, metroaren maiztasuna areagotzeko ere eskatuko dute, Carrasonek esplikatu duenez. «Uste dugu hamar minutukoa izan beharko lukeela [hogei minutukoa da orain]. Bizkaibusek hogei edo hamar minutuko maiztasuna izan beharko luke, eta auzoz auzo aztertu beharko litzateke».

Alternatiba: autoa

Azken urteetan, aldatu egin dira eskualdeko biztanleen garraio premiak eta haien erabilerak, baina autobus zerbitzua ez da egokitu, Sopelako alkatearen esanetan. «Sopelan gero eta biztanle gehiago daude —orain, ia 14.000 herritar gara—, baina azken bost urteetako maiztasun eta ibilbide berekin jarraitzen dugu».

«Bere erreferentziazko ospitalera joateko, lemoiztar batek autobus bat hartu behar du Plentziako metro geltokira, handik Urdulizera joan, eta Urdulizko geltokitik oinez joan behar du ospitalera»
JESUS MARI ARIZMENDI Lemoizko alkatea

Ondorioa argia da, alkateen berbei erreparatuta: autora jotzea. Carrasoni iruditzen zaio gora egin duela ibilgailu pribatuaren erabilerak, eta batez ere udan nabaritzen dela. «Hondartzetara ibilgailu partikularrekin joaten dira, eta auto pilaketa handiak egoten dira». Arizmendik esan duenez, Lemoizko Armintzakalde hondartzak ere herritik kanpoko lagun asko erakartzen ditu udan, baina autoz joaten dira gehienak, besteak beste «garraioak ez duelako laguntzen».

Gizarte aldaketen artean kontuan hartzekoa da turismoaren bilakaera, orobat: eskaeraren nondik norakoak azaltzeko udalek helarazitako oharrean, nabarmendu dute eskualdeko hondartzetako eta herrietako turismoak gora egin duela, eta Mungialdetik edo Urduliztik Armintzara garraio-sarbide zuzenik ez izateak «larriagotu» egiten dituela auto pilaketok. «Eragin kaltegarria du mugikortasunean eta trafikoaren arintasunean», adierazi dute oharrean. Horren ondorioz, aparkalekuen premia handiagoa dago; Urdulizko ospitalean, zehazki, lurrazpiko aparkaleku bat egin dute, Carrasonek esan duenez.

Halere, autoak dituzte jomugan Uribe Kostako udalek. Izan ere, oharrean argitu dutenez, eskaeraren helburuetako bat da klima larrialdiari aurre egitea, eta garraio publikoa indartzea da horretarako giltza, Carrasonen arabera. Sopelako alkatearen ustez, garraio publikoak herritarren beharrak aseko balitu, ibilgailu partikular asko ez lirateke erabiliko.