Eztabaida, azpiegituren inguruan

Eztabaida, azpiegituren inguruan

​Iaz bezala, aurten ere hauteskundeek bideratuko dute eztabaida politikoa. Oraindik egun zehazteko badago ere, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira; baita Europako Parlamenturakoak ere. Ekonomian, hazkunde motela aurreikusi dute, eta herrialdeko enpresek Batuz sistemari lotuta hasi dute urtea. Epeak betetzen badira, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Euskal Museoa berritzeko obrak aurten bukatuko dituzte. Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko proiektuak zer esana emango du aurten ere. Bestelako azpiegitura batzuen inguruan ere izango da eztabaida: tunela, parke eolikoak eta Durangoko trenbidearen orubea, berbarako. Euskara albiste izango da, Korrikari esker.

POLITIKA

Gernika-Lumo, Gasteiz, Brusela

Iazko udal eta foru hauteskundeek soka luzea utzi dute Gernika-Lumon. Guztiontzako Herria plataformaren eta EAJren arteko akordioari esker, Jose Mari Gorroño da alkate iazko ekainetik. Adostu zuten luze gabe Gorroñok dimisioa emango zuela, eta haren anaia Iñaki Gorroñok hartuko zuela kargua. Ez zenez halakorik gertatu, akordioa hautsi zuten. Oraindik ere Jose Mari Gorroñok jarraitzen du alkate. EH Bilduk eta EAJk zentsura mozioa aurkezteko borondatea agertu dute, baina, oraingoz, ez dute lortu adosterik. EH Bilduk baldintza bat ipini die jeltzaleei: Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko proiektuaren inguruko herri galdeketa egiteko konpromisoa. Jeltzaleak ez daude halakorik onartzeko prest. Aurten zentsura moziorik balego, EH Bilduko Jose Ramon Bilbao litzateke alkatea.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeek gehiago berotuko dute politika. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du iragarri noizko antolatuko dituen. Uztailera arteko epea du, baina baliteke lehenago izatea. 2020an, Galiziako Parlamenturako hauteskundeekin batera egin ziren; otsailaren 18an egingo dituzte Galizian, eta oraingoan ez dituzte batera egingo. Iazko hauteskundeetan gertatutakoa ikusita, eta inkestek iragarritakoaren arabera, litekeena da EAJk legebiltzarkideak galtzea eta EH Bilduk ordezkari gehiago eskuratzea. PSE-EEren esku egongo da bietako zeinen lehendakarigaia izango den Eusko Jaurlaritzako lehendakaria; Eneko Andueza idazkari nagusiak ―lehendakarigaia ere bada― esan izan du sozialistek ez dutela EH Bildu babestuko. Edozelan ere, bizkaitarra izango da: Imanol Pradales jeltzalea edo EH Bilduko Pello Otxandiano. Gainera, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak lehen gobernu krisia egin beharko du, Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatua da eta.

Beste hauteskunde batzuetan ere bozkatuko dute bizkaitarrek aurten: Europako Parlamentua berrituko da ekainean. Alderdiek oraindik ez dituzte iragarri zerrendaburuak, baina EAJk aurreratu du haiena ez dela izango Izaskun Bilbao bermeotarra. Hamabost urte egin ditu europarlamentari.

Politika instituzionaletik kanpo, beste hiriburu batzuetako jaietan aurrez ikusitako gatazka Bilbora iritsi da. 2022an sortu zuen Luberri konpartsa, besteak beste, Mugimendu Sozialistaren inguruko jendeak, eta Bilboko Konpartsak federazioan sartzeko eskatu zuten. Iazko azaroan egin zuen federazioak bozketa, baina 28 kideetatik hogeik aurka bozkatu zuten. Abenduaren 20an elkarretaratze jendetsua egin zuten Arriaga plazan, «ezker abertzalearen beto politikoa» salatzeko. Aratusteetan eta Aste Nagusian gainontzeko konpartsekin parte hartu gura du Luberrik.

Parke eolikoaren aurkako pankarta, Sopuertan, 2022an. MARISOL RAMIREZ / FOKU

GIZARTEA

Ingurumenak kezkatuta

Abenduaren 28ko osoko bilkuran onartu zuen Bilboko Udalak emisio gutxiko eremuen araudia, eta asmoa da apirilean sartzea indarrean. Espainiako legediaren arabera, 50.000 biztanletik gorako hiriek ezarri beharko dituzte halako eremuak aurten; beraz, Bizkaian, Barakaldok eta Getxok ere bai.

Hiriburuan, emisio gutxiko eremuak Abando, Indautxu, Abandoibarra eta Zabalgunea hartuko ditu. «Trafikorik handiena erakartzen duen gunea», udalaren esanetan. Eremu horretan, ezin izango dute sartu B ingurumen etiketa duten ibilgailuek ala etiketarik ez dutenek. Dena den, B etiketadunak debekutik salbu geldituko dira urtebetez, araudia indarrean sartzen denetik. Udalak eginiko ikerketa baten arabera, hirian ibiltzen diren ibilgailuen erdiak dira B motakoak ala etiketarik gabeak.

Sarbide murrizketak pixkanaka ezarriko dira, 2030era arte. Urte horretatik aurrera, kutsatze apaleko ibilgailuak sartu ahal izango dira soilik emisio gutxiko eremura; hau da, 0, Eko edo C etiketadunak. Eremura sartzeko murrizketak indarrean izango dira astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 20:00etara. Debekutik salbuetsita geldituko dira eremuaren barruan bizi diren herritarren ibilgailuak, ordenantza indarrean sartu aurretik udaleko ibilgailu erroldan alta emanda badaude.

Mugikortasunari lotuta, diputazioak %3 garestitu ditu autoen ordainsariak ordainpeko errepideetan; ibilgailu astunenak, ostera, iazko prezioetan mantendu ditu. Gatazka sortu da urte hasieran garraio publikoari dagozkion laguntzen inguruan. Azkenean, aurten ere %50eko merkatzea izango dute, baina Bilboko metroa Barik arruntarekin ordaintzen dutenek otsailera arte itxaron beharko dute.

Ingurumen arloan, parke eolikoak ere albiste izango dira aurten. Gabonen atarian iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak Bizkaian beste gune bat sortzeko baimena eskatu diotela. Guztira, hemeretzi haize errota lirateke, eta Igorren, Galdakaon, Zeberion, Bedian, Jataben, Lemoizen, Gorlizen, Bakion eta Mungian egongo lirateke. Guztira, 70.000 etxe hornitzeko gaitasuna lukete. Bermeo, Bakio, Mungia eta Meñaka artean parkea sortzeko beste baimen eskaera bat ere jaso zuen azaroan gobernuak, eta haren aurkako mugimendua sortu da inguruan.

Zaldibar auziari dagokionez, baliteke aurten hastea ingurumen delituaren inguruko epaiketa. Ikusi beharko da epaileak berriz ere instrukzio epea luzatuko duen.

Aurten hasiko dira itsasadarraren azpiko tunelaren obrak. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak azaroan iragarri zuenez, otsailean onartu nahi dute proiektua, eta lanak udan hasiko lirateke. Guztira, 450 milioi euroko inbertsioa egingo dute, eta horietatik 25 aurtengo aurrekontuan dauzka jasota diputazioak. Aurten hasiko dira, halaber, Erletxeta eta Larrabetzu eta Erletxeta eta Boroa arteko bizikleta pistak eraikitzen; urtebete iraungo dute lanek.

Durangon, ETSk eta udalak trenbidearen orubeak lehengoratu eta urbanizatzeko akordioa lortu zuten abenduan. Hil honetan emango dituzte lehen pausoak. Iragarri dute prozesu parte hartzaile bat ere ipiniko dutela martxan. Aurretik adostutako neurrian eraikiko dituzte etxebizitzak —420, guztira—, baina akordio berriarekin %20 handituko da babestuen kopurua. Bada berritasun garrantzitsu bat: udalez gaindiko zerbitzu publikoak bilduko dituen eraikin bat eta erresoluzio handiko osasun zentro bat eraikiko dituzte. Barakaldon, abenduan inauguratuko da itsasadarreko parke handia.

Bestalde, euskara ere agertuko da hedabideetan aurten. Iaz, epaitegietako erabakiek bihurtu zuten albiste; oraingoan, berri atseginagoengatik izango da. Martxoaren 14tik 24ra 23. Korrika egingo da, Irun (Gipuzkoa) eta Baiona artean; 20tik 22ra bitartean ibiliko da Bizkaira sartu eta irten.

Bizkaiko ostalaritza sektorekoen protesta, iazko urrian, Bilbon. Iaz hainbat greba egun egin arren, lan ituna adostu ezinik jarraitzen dute. ARITZ LOIOLA / FOKU

EKONOMIA

Hazkunde motela

Bizkaiko arautegia bete behar duten enpresa eta autonomoen tributazioa kontrolatzeko estrategia da Batuz. Urtarrilaren 1etik aurrera, enpresa handientzat derrigorrezkoa da sistema horretan egotea; besteak beste, industria, eraikuntza, garraio, finantza, zuzenbide eta aseguru alorretakoak dira. 2025a hasterako, merkataritzako, ostalaritzako, irudi pertsonaleko eta higiezinen sektoreko enpresek sartu beharko dute; gainontzekoek, 2026rako. Diputazioak zerga laguntzak emango dizkie enpresei egokitzapenak egin ahal izateko.

Zerga politikari lotuta, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak argitu du aurten ez dela erreformarik egongo, nahiz eta oposizioak eskatu. Iragarri du azken erreformaren inguruko azterlana aurkeztuko duela Batzar Nagusietan, eta haren emaitzetan oinarrituta egokituko dira PFEZaren eta sozietate zergaren oinarriak aurtengo lehen seihilekoan. Diputatuaren esanetan, azken erreformaren helburua zen «Bizkaia modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa lortzea, lurraldeko zerga-sistema bidezkoagoa, progresiboagoa eta eraginkorragoa izan dadin», eta «lortu du».

Bilboko Merkataritza Ganberak egindako aurreikuspenen arabera, herrialdeko ekonomiaren hazkundea «apala» izango da aurten, %2aren bueltakoa. Hala ere, enpresek, oro har, «baikor» begiratzen diote urteari, eta lautik hiruk enplegua sortzeko esperantza agertu dute. Inflazioa 2023an baino txikiagoa izango dela aurreikusi dute: %3,8koa izango dela kalkulatu dute zenbait azterketak.

Azken bi urteetan hainbat lan itunen negoziazioak baldintzatu ditu KPIak; besteak beste, ostalaritzakoa. Aurten ere mobilizazioak egingo dituzte, patronalak eta sindikatuek ez dute-eta akordiorik lortu. Gipuzkoan, berbarako, soldata igoerak KPIari lotzea lortu dute, eta hori nahi dute Bizkairako ere.

Urtea pentsio igoerarekin hasi dute milaka bizkaitarrek: batez beste, ia %4koarekin. Baina badira hortik gorako eguneratzeak izan dituzten pentsiodunak ere; gutxieneko pentsioak %5 eta %7 artean handitu ditu Espainiako Gobernuak.

Norman Foster, 2019an, Bilboko Arte Ederren Museoan, hura handitzeko egingo duen proiektuaren maketarekin azalpenak ematen. Ondo bidean, aurten amaituko dituzte lanak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.

 

KULTURA

Museoen urtea

Guggenheim museoa Busturialdera hedatzeko proiektuak hautsak harrotu zituen iaz eskualdean. Oraindik ezin dituzte zehaztu eraikinaren nondik norakoak, museoa sortzeko nazioarteko lehiaketa bat egingo baitute. Espainiako Gobernuaren Trantsizio Ekologikoko Ministerioak eta aldundiak 40 milioi euroko diru laguntza emateko hitzarmen bat sinatu zuten uztailean. Bertan jaso zutenez, Espainiak emandako diru kopuru hori ingurumenarekin lotutako ekintzak egiteko baino ezingo da erabili. Zehazki, hamahiru jarduketa jaso dituzte hitzarmenean. Eta sei urteko epea ezarri dute horiek betetzeko. Ez dago argi aurten hasiko dituzten.

Ondo bidean, Bilboko Euskal Museoa berritzeko eta Arte Ederren Museoa handitzeko lanak aurten amaituko dituzte. Arte Modernoko Bilboko Museoaren mendeurrena izango da protagonista Arte Ederren Museoaren programazioan: Ekitaldiartea 1924-1945. Urteurrenaren harira, 1924tik 1945era arteko errepaso zabal bat egingo dute: museoko hamasei areto hartuko ditu erakusketak. Nestor Basterretxea artista bermeotarra ere duela ehun urte jaio zen, eta, mendeurrena ospatzeko, Nestor Basterretxea. Diseinua eta arkitektura erakusketa zabalduko dute. Otsailean izango da.

Bertsozaleek urte oparoa izan zuten iaz, Bizkaiko Txapelketari esker. Aurten, giroa ez epeltzeko, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Gernika-Lumon egingo du Bertso Eguna. Urtarrilaren 27an izango da.

KIROLA

Europara begira

Denboraldi ona izaten ari da gizonezkoen Athletic; gaur-gaurkoz, Europako postuetan da. Motel dabil, ostera, emakumeena, urtea ondo hasi duen arren. Espainiako Kopan, maila apaleko taldeen aurka ondo ibili dira gizonak; orain, beren parekoekin ere ondo moldatzen direla erakutsi beharko dute. Ligan ondo dabiltzala ikusita, espero izatekoa da indar handiena Kopan egitea, zuri-gorrien txapelketa kutuna baita. Andreek etzi jokatuko dute final-zortzirenetako partida, Madrilen aurka.

Amorebietarentzat urte ona izan zen aurrekoa, Espainiako Bigarren Mailara itzultzea lortu baitzuten. Baina larri dabiltza zilarrezko ligan: jaitsiera postuetan daude, eta oso zaila dute salbatzea. Kopan, zapatuan lehiatu ziren Celtaren aurka, eta galdu egin zuten. Athletic B, ligan, Bigarren Mailara igotzeko moduan legoke.

Saskibaloian, Surne Bilbo Basket motel dabil ACB ligan, eta ezingo du Espainiako Kopa jokatu otsailean. Lointek Gernika, ostera, hobeto dabil ligan, eta agian aukera izango du martxoan lehiatuko den Kopan jokatzeko.

Arraunean, Urdaibaik eta Zierbenak denboraldi bikaina egin zuten iaz. Aurten ere asmo horrekin lehiatuko dira. Haiekin batera, Lekittarra, Kaiku, Ondarroa eta Santurtzi arituko dira Eusko Label ligan.

Kirolaren urtea izango da 2024a Bizkaian, Basauri Europako kirol hiriburu baita. Nazioarteko hainbat jarduera antolatzen dituzte urtero: besteak beste, Piru Gainza futbol txapelketa eta topaketa paralinpikoa. Udalak Europako kros txapelketa egokitua ere antolatu nahi du aurten. Olinpiar Jokoak udan jokatuko dira, Parisen, eta, nahiz eta oraindik ezin den jakin zein izango diren behin betiko lehiakideak, bizkaitarrak han izango dira.