Auzoak, bizirik eta borrokan

​Bilboko Hegoaldeko Auzoen Plataforma berriaren sorrerarekin hasi genuen 2023. urtea. Errekalde, Irala, Peñascal, Uretamendi eta Betolatza auzoetako 70 elkarte baino gehiago plataforma horretan bildu ziren, instituzioek auzo horiekin duten begirunerik eza salatzeko. Izan ere, urteetan metroaren zain egoteaz gain, azkeneko azterketetan ondorioztatu dute bazterturiko ikasle tasa handienetarikoak dituztela inguru horretako eskola publikoek, eta gero eta urriagoak dira bideratutako baliabideak.

Aldi berean, Artxanda eta Uribarriko auzoetan, Artxandako zabortegiaren aurkako protesta segitu dute, Ekologistak Martxan eta bestelako elkarteekin batera, eta eskatu dute hiri jasangarri baten aurka doan proiektua eteteko. Jasangarritasunaren defentsan, Zorrotza eta San Ignazio auzoak elkarlanean aritu dira, Sader-Profersa lantegiaren gas kutsagarrien isuriak amai daitezen. Anaitasuna Auzo Elkartekoek beste mota bateko kutsadura salatzen jarraitu dute: akustikoa, hain zuzen.

Hiriaren merkantilizazioak auzoetan dakartzan ondorioak ere gaitzetsi dituzte. Uda guztietan bezala, Altamirako auzotarrek gogora ekarri dute BBK Live jaialdiak auzoan duen eragin negatiboa. Alde zaharreko auzo elkarteak, esaterako, turistifikazioak auzoan dituen ondorioak salatu ditu, eta, horrekin lotuta, mahai gainean jarri dute San Frantziskon edo Bilbo Zaharrean etxebizitza arloan dagoen auzia. Bestalde, hirigintzaren arloan master planak aurkeztu diren neurrian, Abandoko planak egungo arrakala urbanistiko eta soziala areagotuko duela salatu dute Olabeaga eta Deustuko Erriberako auzo elkarteek, eta zerbitzu publikoen gabezia ere bai.

Modu berean, Miribillan, San Adrianen, Buian, Masustegin, Arabellan eta Sarrikuen, eguneroko bizitza trabatzen duten irisgarritasun arazoak hor daudela gogorarazi diote udal gobernuari. Santutxun, auzoko inguru batzuetan mugiktzeko arazoak ez direla konpondu salatu dute. Atxurin, tren geltoki zaharrak utzitako espazioa auzoarentzat berreskuratzeko eskatu dute; auzoak ez du aisialdiaz gozatzeko tokirik, hain zuzen. Otxarkoagako Auzo Elkarteak 1990eko hamarkadatik kiroldegia falta duela gogorarazi du, auzoak dituen hainbat beharrean artean.  

2021. urtetik egiten den legez, urte honetan ere, hilean behin, anbulategien aurrean elkartu dira auzokideak osasungintza publikoaren defentsan: Arangoitin, Deustun, Uribarrin, Otxarkoagan, Santutxun, Zazpikaleetan, Bilbo Zaharrean eta San Frantziskon, Irala-Errekalden, Basurtun eta Zorrotzan.

Ezin jakin 2024. urteak zer ekarriko duen. Baina, datorrena datorrela, argi dago Bilboko auzoetan borrokan jarraituko dutela bizimodu duin baten alde.