‘Make San Tomas Great Again’

​«Zerbait eginaren eginez hartzen den aritzeko era» eta «gizatalde batean ohiko gertatzen den aritzeko modua, haren izaeraren ezaugarri dena». Bi definizio ematen ditu Euskaltzaindiak ohitura hitzaren inguruan. Norberarekin lotzen dugu lehena. Bigarrena, herriarekin. Biek ala biek ezin hobeto islatzen dituzte jatorri erlijiosoa duten egun hauek. Pentsa, Ipar Euskal Herrian neguila esaten duten bitartean, Bizkaian gabonila edo abendua (latinezko adventus-tik) esaten diogu urtearen azken hilabeteari. Izan ere, neguko solstizioaren errituaz baliatu zen kristautasuna Jesusen jaiotza ospatzeko. Ezin ukatu Elizaren abilezia marketin kontuetan… Dagoeneko errotutako ohiturari izena aldatu, fededunak (bezeroak, azken batean) erakartzeko.

Gaur egun ere mistikaz eta errituez inguratzen gara Gabonetan: loteria, San Tomas, otorduak, Olentzero eta Mari Domingi… Ohiturak, baina, aldatu ere egiten dira. Gogoan dut aitarekin txikitan etxeko jaiotzarako iruditxoak erostera joatea Ertzilla kaleko denda batera. Beheko solairua Gabonetarako propio atontzen zuten, eta bazegoen nahi beste aukeratu. Egun, ordea, ez da hain erraza horrelako piezak erostea. Ajuriagerra kaleko bazar bateko erakusleihoan, esaterako, hainbat irudi topatu ditut, totum revolutum batean nahasita: jaiotzak, Santa Claus, elfoak, eta… hara! Azken Afariaren irudia. Jokoz kanpo utzi ninduen irudi hori hor ikusteak, egia esan. Nirekin zegoen lagunak, aldiz, aise azaldu zidan: bazarreko jabeak kanpotarrak izango direla eta ez dituztela tradizio kristauak ezagutuko… Eta Gabonak, batez ere, bazkari eta afariekin lotzen ditugunez… Tira, arrazoirik ez zaio falta lagunari.

Arraro egingo zaizue, baina Trumpen irudiak Gabonetako beste ohitura klasiko bat ekarri dit gogora: San Tomas. Betidanik hartu izan diot talo itxura Trumpen aurpegiari.

Baina bada data hauetako beste ohitura bat: zerrendak eta aurreikuspenak egitea. Urte oparoa izan da 2023a Bizkaian. Tourrak Bilbotik abiatu eta Bizkaia zeharkatu du, Urdaibai Kontxan nagusitu da eta Athleticek 125 urte bete ditu aurten. Bada, gainera, herri honetan gustuko dugun beste norgehiagoka mota bat: politika. Udal eta foru hauteskundeak izan ditugu, eta emakume bat dugu ahaldun nagusi lehen aldiz. Bozen oihartzuna oraindik ez da apaldu, eta baliteke Gernika-Lumon aldaketak egotea. Kulturan film bizkaitar baten urtea izan da, 20.000 erle espezie-rena, eta Nerea Ibarzabalek txapelari eutsi dio. Urteak badu, ordea, bere B aldea. Inflazioa moteldu bada ere, prezioek gora egiten jarraitu dute, eta euriborrak familiak itotzen jarraitu du. Gizartearen josturak are gehiago tinkatu ditu egoera ekonomikoak, eta zaintzaren auziak oihartzun handiagoa hartu du.

Duda barik, nire zerrendatxoak asko utzi du aipatu gabe, eta aurreikuspenetan ere labur ibiliko naiz. Ekonomiaren geldotzeak urte berria baldintzatu dezake, dudarik gabe. Gurean hauteskunde giroa dugu berriz ere: Eusko Legebiltzarrerako bozak ate joka ditugu, eta Europakoak ere laster. Kanpoan ere badira hauteskunde garrantzitsuak. Europan, eskuin muturraren gorakada dugu mehatxu nagusia, eta, Estatu Batuetan, arriskuak Trump izena du.

Tira, zerrendak zerrenda, tokirik gabe gelditu naiz… Arraro egingo zaizue, baina Trumpen irudiak Gabonetako beste ohitura klasiko bat ekarri dit gogora: San Tomas. Betidanik hartu izan diot talo itxura Trumpen aurpegiari. Eta txerriarena, ere bai. Zutabetxoa santomaseko ajearekin irakurtzen ari zaretenoi… animo. Besteoi, urte berri on!