«Liburua idatzi ostean, inork ez badizu ezer esaten, gaitza izaten da jakitea zer harrera izan duen»

«Liburua idatzi ostean, inork ez badizu ezer esaten, gaitza izaten da jakitea zer harrera izan duen»

Maiatzean aurkeztu zuen Libe Goitiak (Galdakao, 2001) bere lehen poesia liburua: Fast fatum (Susa, 2023). Abenduaren 6an aurkeztuko du Durangoko Azokako Ahotsenean, Durangoko musika eskolan. «Joango naiz burua zabal-zabalik, ea zer pasatzen den. Esperientzia berria da niretzako: Ikusiko dut zelakoa den Durangoko Azoka barrutik, eta ez erosle edo ikusle moduan».

Irakurleekin egoteko aukera izango duzu. Udaberrian liburua argitaratu zenuenetik izan duzu horretarako aukerarik? Garrantzia ematen diozu horri?

Garrantzi handia du. Espero dut feedbacka edukitzea irakurleekaz. Liburua idatzi ostean, inork ez badizu ezer esaten, ez baduzu kritikarik jasotzen, gaitza izaten da jakitea zer harrera izan duen. Irakurri izan dut kritiketan gustatu den liburua edo ez, baina orain nahi nuke zuzeneko harremana izan. Badaukat gogoa.

Bertigoa ematen du?

Apur bat, bai. Egin ditut hainbat ekitaldi, liburua dela eta. Baina hau diferentea da, azoka zerbait handia da.

Irakurleekin ez ezik, beste sortzaile batzuekin ere egongo zara. Hori ere garrantzitsua da?

Oso garrantzitsua da. Eta ez bakarrik idazleekin, baita musikariekin ere, arte grafikoa edo bisuala egiten dutenak… Interesgarria da, baita beharrezkoa ere.

Zer topatuko du irakurleak Fast fatum-en?

Hasieran freskotasuna topatzea nahi nuen, zerbait berria. Baina, orain, hainbat elkarrizketa eskaini ditut, eta pentsatzeko astia izan dut, espero dut irakurleari gogoeta eragingo dien zerbait topatzea. Barruak mugitu nahi nituzke.

Zergatik poesia?

Literatura klaseetan poesia lantzen hasi ginenean hasi nintzen idazten, Batxilergoko azken urtean. Lehenago ez nuen poesia ezagutzen. Idazten hasi nintzenean erosoen sentitzen nintzen generoa zen.

Beraz, seguruenik poesiaren bidetik jarraituko duzu?

Hori uste dut. Niri prosa asko kostatzen zait. Garatu behar duzu ondo. Baina ez dut baztertzen noiz edo noiz egunerokoren bat edo saiakera hibridoren bat idaztea. Euskal Herrian egunerokoak oso gutxi ikusten dira, eta hibridoak ere bai. Niri gustatzen zait horrelakoak irakurtzea, eta uste dut eroso sentituko nintzatekeela genero horietan idazten.

Esan izan duzu transmititu nahi zenukeela poesia ez dela aspergarria. Halakoa den ustea dago?

Ez da aspergarria, baina badago aurreiritzi hori. Gustatuko litzaidake jendeak irakurtzea, eta esatea, «ba, poesia ez da nik uste nuen hori».