Sormenaren geruzak

Sormenaren geruzak

Aretoko zutabeetako batean ipini dute: orri handi bat, zuria gailen, askotariko geruzak pilatuta dituena. Margoak latz bilakatu du hondoa, eta erliebea eman dio euskarri lauari: margoaren hezetasunak tolesdurak txertatu dizkio azalerari; pintura zuria txaplatetan bildu da han-hemen, eta estali gabe geratu dira, ostera, eremu batzuk. Gainean, beste geruza bat: gometsak barreiatuta, zuritasunean orbanak. Gertu, formatu txikiagoan, paper txatalak gainjarrita taxutu dute beste artelan bat, eta ikatzaren belztasuna gehitu zaio aurrekoaren zuritasunari. Bat egiten dute geruzetan bi artelanek, baina aldendu egiten dira kolorean. Hain justu, bi ezaugarri horiek hezurtzen dute Nora Goialde Agirre (Donostia, 1998) eta Garazi Calvo Fernandez (Bilbo, 1996) artisten Perla, azala, katea erakusketa: batetik, testuraren esangura dago; bestetik, kontrastea. Bilbon, Bizkaiko Batzar Nagusietan ikus daiteke bilduma, hilaren 15era arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EHUk lankidetza hitzarmena sinatu zuten 2011n, eta, ordutik, Arte Ederren Fakultateko Increarte Ikerketa eta Sormena Artean masterreko hainbat ikaslek haien lehen erakusketa antolatu dute Batzar Nagusietako aretoan. Master bera ikasi dute Goialdek eta Calvok, baina ez zuten gela berean kointziditu; bazuten elkarren lanaren berri, baina erakusketak eman die abagunea elkarrekin behar egiteko. Erakusketa prestatzeko elkarrizketetan, zerrenda bat egin zuten, ikusteko zertan batzen ziren beren lanak, eta zertan ziren desberdinak; zer elementu errepikatzen ziren eta zeintzuek deskribatzen zuten bi artisten jarduna. Bilketa horretatik sortu zuten izenburua: Perla, azala, katea. «Iruditu zitzaigun horietan egiten genuela biok topo», Goialderen esanetan.

Oinarrian, baina, oso bestelakoa da haien lan egiteko modua, Goialdek azpimarratu duenez. «Baina uste dugu osatzen direla, eta elkar laguntzen diotela, artea ulertzeko bi modu ezberdin baitira». Calvoren arabera, garai bat izan zuen non oliora eta koloreetara jo baitzuen. «Orain, beste material batzuk erabiltzen ditut, material gutxiago, eta naturalagoa egiten zait beltzarekin nahastea». Marrazkietan eta argazkietan oinarritzen da. «Egunerokotasunetik ateratako elementuekin egiten dut lan, eta horiek gainjartzen ditut». Azkenaldian ondutako konposizio batzuk bildu ditu mostran: estudio batean ibili da behar egiten, eta, batik bat, ikatza eta espraia erabili ditu, azaldu duenez. «Horrez gain, Bilbo Arteko ekoizpenerako diru laguntza daukat; orduan, serigrafiak, plotter inpresioak eta halako lanak egin ahal izan ditut hango lantegietan, azpiegitura horretaz baliatu naiz», azaldu du Calvok.

Goialdek Donostiako Azpi kultur elkartean egiten du lan, eta han jorratu ditu masterrean landutako ideietako zenbait. «Margotzeko eta koadroak sortzeko beste modu bat aurkitu nahian, gometsekin eta beste elementu batzuekin lan egiten hasi nintzen». Nola aldatzen den elementu bat gertutik edo urrunetik ikusita, horren inguruan ere gogoetatu du Goialdek. «Interesatzen zait aztertzea urrutiratzean gauzek zer beste efektu sortzen duten ikusleengan».

Materialen azala

Oso bestelakoa da haien lana. Hori hala, nola uztartu? Lan presentziala nabarmendu du Calvok. «Jolastu nahi izan dugu amankomunean ditugun gauzekin, eta kontrasteekin». Izan ere, azaldu duenez, Goialderen lanak handiagoak eta koloretsuagoak dira, oro har; Calvorenak, aldiz, txikiagoak dira, eta zuri-beltza edo beltza gailentzen dira. «Muntatzera etorri aurretik, berben zerrendarekin bueltaka ibili ginen, baita egindako irudiak elkarrekin konpartitzen ere. Hasieratik argi geneukan kontraste handia zegoela, eta, segun nola begiratzen duzun, izan daiteke indargunea». Era berean, formatuak uztartu dituzte aretoan: bazter batzuetan, pieza handiak dira nagusi, baina izkina bat gorde dute propio konposizio txikiagoetarako, espazioa beste modu batera erabilita: lanak gorago jarrita, beherago…

Nolanahi ere, hari batek lotzen ditu piezak, formatua eta kolorea gorabehera: testurak, azalaren lanketak. Calvo: «Biontzat da garrantzitsua testuraren kontua. Nire kasuan, material ezberdinak daude. Adibidez, paperak gainjartzen ditut, eta horrek bolumena eta testura ematen du; ikatzak badauka testura mota bat, espraiak badauka beste bat… Plotterra distiratsua da, serigrafiak dira mateagoak eta lauagoak». Bide beretik, geruzak ere aintzat hartzen ditu Goialdek: «Kasu batzuetan, gometsak ez dira gainjartzen; beste batzuetan, bai. Materialek jada badaukate beren testura: batzuetan, plastikoaren gainean ipintzen ditut; beste batzuetan, margoaren gainean…».

Zinema eta literatura

Calvori dagokionez, gainera, zinema eta literatur erreferentzia mordo batean bermatu du bere lana. Katalogoan aipu sorta bat kokatu du. Besteak beste, Lizar Begoña Sopelako poetaren Gepardo Japoniarrak (Susa, 2022) laneko @Holmes olerkia, edo Marguerite Duras Frantziako idazlearen Maitalea liburuko pasartea, non narratzailea tematzen den haurtzaroko xehetasunak oroitzen. «Ez da desegin hazpegi fineko beste aurpegi batzuk bezala, ezaugarri berak ditu, baina materia suntsituta dago. Aurpegi suntsitu bat daukat», kokatu du Calvok, gorriz, beste aipu batzuen artean. Olatuak eleberriko une bat ere gehitu dio bildumari, eta pertsonaiaren ezinegona gordin agertzen du Virginia Woolfen barne bakarrizketaren moldeak. Krzysztof Kieslowski eta Pawel Pawlikowski Poloniako zinemagileen pelikuletatik ateratako detaile pare bat ere badaude.

2023-11-07, Bilbo. \
Hainbat tolesdura eta geruza, Garazi Calvoren piezetako batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Ez dute nire lana azaltzen», ohartarazi du Calvok, baina inguratzen dute, bederen, eta eragiten diote. «Ez nabil beti marrazkiak begiratzen; irakurketa eta zinema ere asko erabiltzen ditut. Modu informal bat izan daiteke azkenaldian jasotako mundu bat aurkezteko». Master Amaierako Lanean, sakelako argazki galerian gordetako liburuen eta pelikulen batuketa bat egin zuen, eta iturriok nabarmendu ditu ostera ere, katalogoan pilatuta.