Lan asko, baina langile gutxi

Lan asko, baina langile gutxi

Mugarri bat ezarri zuen COVID-19ak zaintzaren esparruan. Itxialdian, agerian utzi ziren ezintasunak oro har, eta zahar etxeetako egoera makurra nabarmendu zen bereziki: aurretik, langile kopurua ez zen nahikoa zerbitzu egoki bat emateko; eta birusa heldu zenean, ezinean ibili ziren beharginak, segurtasun neurri andana baten artean, kutsatutako lankideen lana bete ahal izateko, enpresa askotan ez baitzuten ordezkorik kontratatu. Mugarri bat izan zen, baina bere horretan jarraitzen dute lan baldintzek ordutik, Ainhoa Menendez behargin eta ELA sindikatuko kidearen arabera: langile kopuruak ez du gora egin, eta, hala, lan karga berbera daukate oraindik ere. [articles:2116846] «Izugarria da», Menendezek zehaztu duenez. Sektore publikoko baldintzak bestelakoak dira; izan ere, langile kopurua pribatuetakoa «halako bi» da GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen menpeko egoitzetan. Hori hala, «zerbitzu publiko guztien publifikazioa» eskatuko dute hilaren 30eko greba feminista orokorrean, kudeaketa publikoa duten zahar etxeetako langileen baldintza berberak erdiesteko. Zahar etxeetan, pribatizazioa baita «arazo nagusia», Monika Rojo Portugaleteko Aspaldiko Fundazioko behargin eta LABeko delegatuak azpimarratu duenez. «Hamabost minutu izaten ditugu pertsona bakoitza esnatzeko, jaikitzeko, dutxatzeko eta janzteko. Galera kognitibo handia dute, jarrera nahasmenduak, mugitzeko zailtasunak…». AINHOA MENENDEZ Zahar etxeko behargina eta ELAko kidea Kontrakoa da joera, ordea, gero eta handiagoa baita sektore pribatuaren esku hartzea, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak aurten argitaratutako azterketa baten arabera. Are, egoitzok «negozio» bihurtu direla aipatzen dute txostenaren egileek, Julia Marti Comasek eta Flora Pozzobon Rodriguesek. 2008ko krisi ekonomikoak hauspoa eman zion pribatizazioari, gizarte politiketan murrizketak egin baitzituzten, eta kolaborazio publiko-pribatuari hatsa eman baitzioten, txostenean azaldu dutenez; harrezkero, urrituz joan dira kudeaketa publikoko zentroak, eta ugaritu egin da subkontratazioa: administrazioak —Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek— dirua ordaintzen diete enpresa pribatuei plaza publiko batzuk kudea ditzaten, «zerbitzua eskaintzeko, baina inbertsioaren eta langileen kontratazio kostuak bere gain hartu beharrik gabe», Martiren eta Pozzoboren hitzetan. Egunean, 95 euro Gaur-gaurkoz, molde hori da nagusi Bizkaian: oheen %8,9k soilik dute kudeaketa publikoa. Eta, pandemia garaian, administrazioek bultzada eman zioten eredu horri. «Kontrol eta gardentasun falta areagotu zen. Adibidez, larrialdi egoerarekin, administrazioei bide eman zitzaien zuzenean plazak adjudikatzeko, aurretiazko lehiaketa publikorik gabe. Larrialdiko kontratua izeneko mekanismoa ezarri zen, eta, Bizkaiko zahar etxeetan, plazak azkarki gehitzeko erabili zuten». Iaz, aldundiak halako 3.292 plaza baimendu zituen. «Uste dugu lau egoiliarreko langile bat egoteak zerbitzuaren kalitatea bermatuko lukeela. Desgaitasunak badituzte, errazagoa zait lauri adi egotea». MONIKA ROJO Zahar etxeko behargina eta LABeko delegatua Txostenean, subkontrataziootan inbertitutako diru publikoa zenbatzen saiatu dira, 2021eko deialdi publiko batean oinarrituta, «gardentasuna falta» baita adjudikazioei eta gastuari dagokionez, ikerlarien berbetan. «Dokumentu horretan, ezartzen da ohiko plaza batek 95,37 euroko prezioa duela egunean. Hau da, aldundiak urtean 34.810,05 euro jartzen ditu kudeaketa pribatua duen plaza bakoitzeko». Horrez gain, txostenean ohartarazten denez, gero eta enpresa gutxiagoren esku geratzen ari da sektorea: zehazki, plazen %45,4 hamar enpresa taldek kudeatzen dituzte. Era berean, kezka adierazi dute funts putreek begiz jo dituztelako zahar etxeak, espekulaziorako. Hain justu, inbertsio funtsek kontrolatzen dituzte Bizkaiko egoitzen %33,92. Langileentzat kalteak Martiren eta Pozzobonen arabera, zahar etxeak interes pribatuen esku jartzeak eragiten du «logika espekulatiboa» nagusitzea haien jardunean: alegia, etekinak lehenestea, diru ahalik eta gehien aurreztuta langileen kontratazioan, baliabideetan… Horrek eragin zuzena du langileen baldintzetan, eta, ondorioz, baita erabiltzaileen ongizatean ere. Menendezek lan egiten duen egoitzan, 30 egoiliar eta hiru behargin daude solairu bakoitzean; Rojorenean, gauez, langile bakarra dago 45 erabiltzaileko. Artatzeko astia oso murriztua da, Menendezek azaldu duenez: «Hamabost minutu izaten ditugu, gehienez, pertsona bakoitza esnatzeko, jaikitzeko, dutxatzeko eta janzteko. Galera kognitibo handia dute, jarrera nahasmenduak, mugitzeko zailtasunak… Batzuetan laguntza teknikoak behar ditugu». %8,9 Zenbat ohe diren publiko Bizkaiko zahar etxeetako plazen %8,9k dute kudeaketa publikoa, OMAL Latinoamerikako Multinazionalen Behatokiak aurten argitaratutako txosten baten arabera. Gainontzekoak enpresa pribatuek kudeatzen dituzte, eta gehienek diru publikoa jasotzen dute zerbitzu horrengatik. Goiza izaten da nekezena, Menendezen esanetan, baina gainerako eguna ere ez da samurra izaten. Izan ere, batzuek laguntza behar dute ia edozer egiteko, jaten eman behar zaie, komunera eraman edo fardela aldatu… Eta denek ez dute denbora bera behar, Rojok azaldu duenez. «LABek uste du zerbitzuaren kalitatea bermatuko lukeela lau egoiliarretik langile bat egoteak. Desgaitasunak badituzte, errazagoa zait lauri adi egotea». Nolanahi ere, gaur egungo kopuruak legezkoak dira, are baxuagoa baita Eusko Jaurlaritzak zuzeneko arretarako ezarritako ratioa: 0,29koa, Rojok zehaztu duenez. «Hau da, ehun egoiliarreko 29 langilek egon behar dute egunean». Egoerak kalte fisiko eta psikologikoa eragiten die beharginei, Menendezen berbetan. «Beti betetzen dugu lana, baina gizatiarrak ez diren abiaduratan, eta gure bizkarraren eta buruaren kaltetan, noski». Alabaina, zaintzailearen arta ere ez da izaten egokia, dioenez. «Gaixotasun muskulueskeletiko mordo bat dugu, baina mutualitateek ez dituzte gehienak aitortzen: esaten digute etxetik dakarzkigula, eta, adin batetik aurrera, dena da artrosia. Arazo asko ditugu mutualitateekin».