“Itzalpean amatasuna da ipuinaren hari eroale ezkutua”

“Itzalpean amatasuna da ipuinaren hari eroale ezkutua”

Markos Tedin-Uriburu Castro

Bilboko Udalak antolatzen duen 40. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketa irabazi du Oihane Fernandez Mendia idazleak (Algorta, Getxo, 1986), Ez esan inori umeentzako liburuari esker. Haur Hezkuntzan diplomatua eta Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatua da. 3.500 euroko sariaz gain, idazten jarraitzeko bultzada ere jaso du, kontatu duenez.

Lehiaketako epaimahaiak haren ipuinaren kontaketa goraipatu du: “Hots sendo bat ageri zaigu min, zauri eta sentipenak erakusteko, eta kartzela bilakatutako bizitza bidaia baten moduan azaldu, aterabideak eta ihesbideak nondik agertuko, amaiera indartsu batera bilduta”. Horrez gainera, ipuinaren prosak “hasieratik xarmatzen” duela gehitu du epaimahaiak: “Esaldi eta paragrafo laburretan oinarritutako estilo zuzen eta hizkera literario eta, tarteka, poetiko batek gidatzen gaitu narratzailearen mundu itogarrian barrena”.

Fernandez Mendia ez zen izan lehiaketak saritu duten idazle bakarra. Euskarazko lanei dagokienez, sari nagusiaz gain, Pello Bertandonaren kasu zoragarria eta Etxe tresnak lanek ere jaso zuten aipamena; Isidoro Calvo Lorenzo eta Amaia Iturriotz Etxaniz dira idazleak, hurrenez hurren.

Ez da Fernandez Mendiak irabazi duen lehenengo saria. 2013an, Xabier Lizardi saria irabazi zuen, Labarreko itsasargia lanarekin. Ez esan inori azken lanean bere amatasuna landu du, besteak beste. Azaldu du esperientzia horrek idazteko estiloan eta liburuan eragina izan duela.

Zelan jaso duzu 40. Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketako saria?

Sorpresa itzela izan zen, egia esan. Izan ere, lau urte inguru neramatzan ganorazko ia ezertxo ere idatzi gabe, eta lehiaketara aurkezteko ipuin bat idazten jartzea erronka bat izan zen niretzat: denbora aurkitu, zer kontatu nahi nuen argi izan, eta, horren ostean, ordenagailu aurrean eseri. Horretaz gain, azken urteak haur eta gazte literaturan murgilduta eman nituen, eta gogotsu nengoen helduentzako zerbait idazteko ere.

Amatasuna da Ez esan inori liburuaren ardatza.

Amatasuna ardatz gisa hartzen duen istorio xumea da, amatasunaren anbibalentzian eta erromantizazioan errotzen dena. Eta, nahiz eta beste gai batzuk landu, itzalpean amatasuna bera bihurtzen da ipuinaren hari eroale ezkutua. Nire amatasunaren esperientziak nigan mugitutakoaren bulkadatik jaiotako kontakizuna dela ere esango nuke, nahiz eta autobiografikotik ezer gutxi izan.

Nola deskribatuko zenuke zure idazteko estiloa, oro har?

Zaila egiten zait nire estiloa deskribatzea, baina esango nuke nahiko estilo zuzena dela. Esaldi laburrak ditut gustukoen, kontakizunari indarra ematen diotela sentitzen dudalako, erritmoa, bizkortasuna.

Badago Gabriel Arestiren arrastorik Ez esan inori lanean?

Aitortu beharra daukat orain arte ez dudala Gabriel Arestiren lana sakonki ezagutzeko aukerarik izan. Baina egia da sari hau irabazteak haren figurarekiko eta lanarekiko interes berezi bat sortu duela nigan.

Ez da irabazi duzun lehen saria. Zapore berezia al du sari honek, bereziki?

Bai, zapore berezia dauka niretzat, zalantza izpirik gabe. 2013. urtean haur eta gazte literaturako Xabier Lizardi saria irabazi nuen, eta hark eman zidan nire lehendabiziko liburua argitaratzeko aukera. Hortik aurrera, haurrentzako beste hainbat liburu argitaratu izan ditut, baina pentsatzen dut Gabriel Aresti saria irabazteak literaturaren beste alor batera salto egiteko gogoa eta bultzada eman didala.

Aurrera begira, baduzu proiekturen bat esku artean?

Egia da oraintxe bertan ez daukadala inolako proiektu literariorik eskuen artean. Idazteko betidanik izan dudan grinarekin eta sari hau irabazteak eman didan bultzadarekin zer egin da une honetako nire zalantzarik handiena. Ikusiko dut nora naraman. Espero dut honekin zer egin erabakitzeko beste lau urte behar ez izatea behintzat.