Ibai Maruri Bilbao
“Konturatu ginen Getxon ume zarenetik nerabezarora arte badaudela aisialdia euskaraz gozatzeko taldeak eta aukerak, baina 12 urte betetzen dituzunetik 17 urtera arte hutsune bat zegoela. Hori betetze aldera sortu genuen Haria taldea”, gogoratu du Garazi Aranguren Getxoko Haria taldeko begiraleak. 2019an hasi ziren proiektuari forma ematen, eta 2020an jarri ziren martxan, COVID-19aren pandemia hasi aurretik. Joan den astean, urteotan euskararen erabileraren alde egindako lana eskertu zien Getxoko Udalak, Euskararen Egunaren harira urtero banatu ohi duten Argia Ereiten sariarekin.
Amaia Agirre Getxoko alkatearen esanetan, haienean “euskaraz dakien baina erabiltzeko ohiturarik edota aukerarik ez duen gizartea dago”. Sariarekin, egoera horri “arrakala txiki bat” egiten ari zaizkionak omendu dituzte: “Alaitasunaren eta musikaren laguntzaz, gazte kuadrilla bat zirrikituak zabaltzen ari da globalizazioaren horma sendoan. Ondo pasatzen ari dira euskaraz, eta hori balioetsi nahi dugu”.
Arangurenek kontatu duenez, Bapiruke taldeko begiraleen artetik sortu zen proiektua. 4 eta 12 urte arteko umeak elkartzen diren Getxoko aisialdi taldea da Bapiruke. “12 urte betetzean, galdetzen ziguten: ‘Eta orain, zer?’. Horri erantzun bat emateko sortu genuen Haria, ikusten genuelako bazegoela gazte talde handi bat”.
Hasieran, Bapirukeko familien artean zabaldu zuten talde berriaren proiektua. Getxon eta inguruetan udaleku ibiltaria egiteko asmoa zuten 2020an, baina izurriak asmoak aldatzera behartu zituen. “Udalekuarekin jarraitu genuen, baina, kanpoan lo egin ordez, etapa bakoitza bukatzean etxera itzultzen ginen lotara”. Lehen udaleku hartan hogei gaztetxok hartu zuten parte. Arangurenen esanetan, parte hartzaile kopurua handituz joan da urtez urte.
Udalekua izan da abiapuntua eta Hariaren jardunaren oinarria, baina apurka-apurka eskaintza zabalduz joan dira. “Udako eskaintzak urtean zehar jarraipen bat behar zuela iruditzen zaitzagun. Horregatik, txangoak antolatzen ditugu, Gabonetako egonaldiak…”. Aitortu du nahiko luketela sarriago elkartu, sortu duten haria ez eteteko, baina ezinezkoa zaie jarduerak maiztasun handiagoz antolatzea. Udalekuetatik Gabonetako egonaldira bitartean, udazkenean gutxienez egun bateko txango bat egiten ahalegintzen dira, eta beste horrenbeste udaberrian.
Gehienez, 50 gazte
10-12 begirale daude taldean, nahiz eta begirale titulua duen edonor joan daitekeen. Gazteei dagokienez, gehienezko edukiera bat dute ezarria: autobus bat betetzea eta furgoneta bat laguntza moduan egiten duten irteera bakoitzeko. “Ez dugu gaitasunik hori baino gehiago egiteko”. Arangurenek esan duenez, azken urtean “asko” areagotu zaizkie eskaerak, eta itxaron zerrenda ere izan dute. “Nahiko genuke 80 gazte etortzea, baina eguneko jarduera batean ezin ditugu hainbeste hartu. Oraingoz, 50 gazte baino gehiago ezin ditugu onartu”.
Hariako jardueretan parte hartu izan duten gazte gehienek errepikatu egiten dutela esan du. 17 urte bete dituztenak begirale izateko titulua lortzera animatu dituzte, eta haietako batzuk ikastaroa egin eta egun begirale lanetan dabiltza Harian.
Arangurenek aitortu du gazteen artean euskararen erabilera handitzeak “esfortzua” eskatzen duela, baina iruditzen zaio haienera hurbiltzen diren gazteek egiten dutela “borroka” hori. Gazteetako askok Harian ezagutu dute elkar, eta handik kanpo ez dute harreman sendorik. Halere, taldeko kideak azpimarratu du Getxon elkar ikusten dutenean — jaietan, esaterako—, elkartzen direla eta euskaraz aritzen direla. “Pozgarria da”. Aisiaz ere euskaraz gozatu dezaketela ikasi dute Harian.
Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: Hariaetenbarik.eus