Etxea berreraikitzea, aztarnaz aztarna

Etxea berreraikitzea, aztarnaz aztarna

Amaia Igartua Aristondo

Urteek moldatu dute etxea, bizilagunek gehitu baitizkiote geruzak eta esanahiak. Bilboko Zazpikaleetako Eronda kaleko eraikin bat da, Jose Bilbao y Lopategi arkitektoak sortutakoa 1905ean. Diseinuari dagokionez, XX. mende hasierako zabalguneetan ugaritu zirenen tankerakoa. Ehun urteren buruan, ordea, izoztuta geratu dira behialako altzarien arrastoak hormetan, luzaroan pilatutako objektu andana bat, eta aspaldiko maizterrek ispiluan itsatsi zituzten zelo zatiak. Hondar horiek dokumentatu dituzte Jaime Gutierrez Armendariz eta Andrea Aguilera Ruiz arkitektoek eta Itziar Molinero Miranda artistak Trazas de ronda proiektuan: bizitzeko moduez hausnartzeko balio izan die, adibidez, baita etxebizitzako eremuen erabileraz ere. “Agerikoak dira garaian garaiko egokitzapenak”, Molineroren hitzetan.

Mugak arkitektura biurtekoan eman zuten egitasmoaren berri, astelehenean, Bilbon kokatutako pabiloian. Gutierrezen familiarena izan da etxea urte askotan. Arkitektoaren herenaitona-amonek arraina saltzen zuten Erriberan, eta alaba ezkondu zitzaienean, jatetxe bat ipini zuten Erronda kalean: Armendariz. Hiribilduko harresia igarotzen zen toki hartatik. “Erronda kaletik jagoten zen hiria”, Gutierrezek esan duenez. “Eta tabernen gune bat zen, hiriaren sarreran; hori dela-eta jarri zuen nire familiak negozioa han”.

Diru nahiko egin zutenean, eraikin osoa erosi zuten, senideak lekualdatu ziren hara, eta bizitoki batzuk alokairuan jarri zituzten. Urteen joanean, ordea, senideek alde egin zuten eraikinetik, eta, 2019an, salgai jartzea erabaki zuten. Une hartan hasi zen ikerketa. “Saiatu ginen analizatzen edo imajinatzen nola bizi zen jendea garai bakoitzean”, Molineroren berbetan.

Argazkiak ateratzen hasi ziren, eta beste molde batzuk baliatu zituzten berehala: esate baterako, bozetoak egin zituzten, zerrendak…; frottage teknikara jo zuten (papera jartzea elementu baten gainean, eta arkatzez pintatzea, haren erliebea harrapatzeko), eta eskaiola erabili zuten xehetasun batzuk erreproduzitzeko, ikusteko zer eragin izan duen denboraren joanak materialetan. Halaber, bilduma mardul bat osatu dute hormako paper txatalekin. “Arkitektoontzat, apaingarria baino ez dira izaten, munta gutxiko detailea. Baina papera etxebizitzen nortasunaren parte da”, Gutierrezen irudiko.

Bada, orobat, kronologiaren isla. Hirugarren eta laugarren solairuetako etxebizitzetan, paper estilo asko zeuden gainjarrita: bat kendu, eta zaharragoa agertzen zen atzean, segida etengabean. Aguilarren arabera, “nabari zen zer garaitan bizi izan zen jendea, hormako paperen estiloagatik”.

Bizipenen arrastoan

Eraikinean, zortzi etxebizitza daude, orotara, eta ganbara bat. Gutierrezen senideek bigarren solairuko ezkerreko etxea erabili izan dute luzaroan, biltegi moduan, aspaldian itxitako jatetxearen trasteak gordetzeko; tartean, mahai tresnak. “Objektuek asko esaten dute bildu dituenaren inguruan; pertsonak sorgintzen dituzte. Etxebizitza hark gauzen hilerri bat zirudien”, Gutierrezen iritziz.

Kontrara, abandonatu antzean zegoen solairu bereko eskuineko etxea. “Hasieran, beldurra ematen zigun sartzeak, ematen baitzuen aurreko egunean utzi zutela, eta oraindik han bizi zirela”. Hozkailuan miatuta, baina, jakin zuten 1995 inguruan egon zela azken aldiz habitatuta, eta ordutik, ukitu gabe zeuden harrikoa egiteko eskularruak, eta jada zarratuta dagoen supermerkatu bateko tiketak ere topatu zituzten. “Objektuaren kokapenak bide ematen zuen jakiteko nola erabili zituzten, zer harreman zen objektuen eta pertsonen artean”, dio Molinerok.

Ganbara ere arrastoz josita zegoen. Ez zegoen komunik, ez sukalderik, baina zantzu batzuek adierazten zuten han jendea bizi izan zela inoiz: zorua garbitu ahala, atzeman zituzten trenkada zaharren markak, kolorazio aldaketak zoladuran… “Auzokideei esker, jakin dugu norbait bizi izan zela, baina ez dakite nor zen. Uste dugu gainerako bizilagunek baino maila sozial apalagoko pertsona zela, edo ganbara kanpotarrek alokatzen zutela, beste aterpe bat ordaindu ahal izan arte”, esan du Gutierrezek.

Eskailerak lotzen ditu istoriook, eta beste kontakizun bat gehitzen dio sortari, hura ere bizilagunetara egokitu baitzen, nolabait. Izan ere, deformazioek agerian jartzen dituzte joerak: albo bat tolestuago dago, egur mota ezberdinez dago osatuta, eremu batzuk maiztuagoak daude nabarmen, eta, are, makuluen markak ere ageri dira egituran.

Etxebizitza batzuetan, zantzu nahiko daude jakiteko zenbat pertsona bizi ziren, gutxi-asko, zer-nolako harremana zegoen elkarren artean… Beste batzuetan, irudimenera jo dute kontakizunak osatzeko. Adibide bat jarri du Gutierrezek: jakina da eraikinaren beheko aldean emakume bat egoten zela egunkariak saltzen, baita Miguel de Unamuno Bilboko idazlea bizi zela ere aurreko eraikinean. Fikzioaz baliatuta, idazlea irudikatu dute andreari berripapera erosten, eta goian bizi direnen inguruan solastatzen. Argitalpen batean bildu dituzte testuok.