Larraitz Ibaibarriaga: “Euskararen normalizazioan tresna baliagarria izan nahi du ‘Hitza’-k”

Larraitz Ibaibarriaga: “Euskararen normalizazioan tresna baliagarria izan nahi du ‘Hitza’-k”

M. Tedin-U. Castro

Larraitz Ibaibarriaga (‘Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza’-ren zuzendaria)

Larraitz Ibaibarriaga (Ondarroa, 1973) Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza-ko zuzendariak uste du sorrerako erronkak dituztela oraindik.

Hogei urte hauetan, zer aldatu da lehen ediziotik hona?

Lan egiteko moduari dagokionez, hasierako urteetan informazioa kaleko panel informatiboetatik, telefono deietatik, zuzenean edota posta elektronikoz jasotzen genuen gehienbat. Sarri, ez zen erraza orrialdeak betetzea; buruko min bat baino gehiago izaten genuen albisteak topatzen. Argazkiak guk geuk ateratzen genituen edo ez zegoen argazkirik. Paperean jaio zen Hitza; sei hilabetera, webgunea jarri genuen martxan; eta, azken urteetan, sare sozialetan ere bagaude. Hiru ardatzak elikatuta, mugarik gabe zabaltzen ditugu Lea-Artibaiko eta Mutrikuko albisteak. Eta, horiekin batera, Busturialdekoak ere bai. Izan ere, orain dela 13 urtetik, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza gara.

Gaur egun, zein da egoera?

Egitasmoak ondo finkatuak ditu zutabeak, baina oinarri sendoagoa behar du; hari baten gainean gaude beti. Biziraun nahi badu, erakundeen eta herritarren babesa ezinbestekoa du euskal prentsak, lehen bezala, gaur egun ere bai. Gaur-gaurkoz, Mutrikuko Udalak eta Lea-Artibaiko udal guztiek laguntzen dute Hitza diruz. Bizkaiko Foru Aldundiak eta enpresa eta elkarte batzuek ere babesten dute. Publizitate bezeroek enpresa ertain eta txikiak eta etxean zein sarean egunkaria jasotzen dutenek osatzen dute babesle sarea. Egitasmoa aberasteko, baina, babes handiagoa behar da.

Zer-nolako ekarpena egin dio Hitza-k bi eskualdeetan euskararen normalizazioari?

Ekarpena funtsezkoa izan da, eta gaur egun ere bada. Hitza sortu aurretik, BERRIA salbu, ia ez zegoen gure herrietako albisteak euskaraz irakurtzeko aukerarik. Gure herrietako albiste gutxi irakur zitezkeen orduko hartan; ia denak herririk handienetakoak, gainera. Hitza-ri esker, jendea euskaraz irakurtzen hasi zen. Gauza handia izan zen norbere herriko, norbere eskualdeko albisteak norbere hizkuntzan irakurri ahal izatea; albisterik-eta pozgarriena.

Nola sustatzen du Hitza-k bertakoa?

Tokian tokikoa den heinean, Hitza zentzu guztietan da bertokoaren sustatzaile. Edukiak euskaraz jasotzea bermatu, eta gure eskualdeetako informazioak lantzen ditugu. Arnasa ematen diogu euskarari, eta ahotsa eskualdeotako erakunde, eragile, talde, elkarte eta banakoei.

Etorkizunari begira, zeintzuk diren Hitza-k dituen erronkarik handienak?

Erronkarik handiena sorrerako bera da: euskararen normalizaziorako tresna baliagarria izan nahi du Hitza-k, hauspoa. Azken hogei urteetan bezala, tokiko komunikazio proiektu erreferentea izan nahi dugu aurrerantzean ere; informazioaren kalitatearengatik; bezeroei egokitutako produktuak sortu eta eskaintzeagatik; gizarteari egiten dion ekarpenagatik, elkar informatuz, elkar elikatuz eta elkar ulertuz.