Ibai Maruri Bilbao
Arerioak, ez beti, baina hurkoak direnean errespetuz agurtu ohi ditu gizakiak hildakoak. Horrela egin izan du Erresuma Batuak ere. Mundu zabalean ibili dira hango herritarrak, eta hil direnentzako hilerriak sortu ditu toki batzuetan. Bizkaikoa Loiun dago, aireportuko kontrol dorrearen eta futbol zelaiaren artean. Lehenago, Bilbon egon zen, Abandoibarran, gaur egun Ingelesen Zelaiaren inguruan —hortik datorkio izena—, Guggenheim museoa dagoen orubean.
Batez ere, industrializazioak bultzatu zuen britainiarren eta bizkaitarren arteko hartu-emana. Ingalaterrak burdina behar zuen, eta Bilbo inguruko mendietan behar beste zeukan. Horregatik, ingelesak Bizkaira etorri ziren burdin meategiak ustiatzera, industrian lan egitera eta, gerora, trenbideak eraikitzera. Esaterako, Bilbo eta Tutera (Nafarroa) arteko trenbidean ibili ziren. Beraz, ingeles asko bizi ziren Bilbon eta inguruan. Gehienak, Ingalaterrako Elizako fededunak ziren: anglikanoak. Ostera, Bizkaian katolikoa zen fede ofiziala, eta katolikoak ziren hilerriak. Hortaz, komunitate britainiar hark bere hilerria behar zuen, bere hildakoak lurperatzeko. Espainiako Erresumak orube baten erabilera utzi zion Erresuma Batuari “betirako”. 1770eko hamarkadan eraiki zuten hilerria itsasadarraren ertzean. Urak hazita jaisten ziren aldiro, hilerrira sartzen zen ura. Beraz, laster hondatu zen. Horregatik, 1860an zaharberritze lanak egin zituzten. Dena den, ez zuen luze iraun egoera onean.
Hainbat gunetakoa
Mantentze kostua handia zen, eta portuak kaia eraiki nahi zuen han. Hala, XX. mende hasieran, Bilboko inguru hartatik ateratzea erabaki zuten. 1929an Loiura eroan zuten, egun dagoen lekura. Jabetza Erresuma Batuko koroarena da. Hilerri berrian, hainbat gune sortu ziren, bakoitza bere kaperarekin. Kapera anglikanoaz gain, kapera katoliko bat ere eraiki zuten, haren inguruan katolikoak ziren britainiarrak lurperatzeko. Gibraltarko gotzaina etorri zen lehena sagaratzera; Loiuko parrokoak egin zuen bigarrena. Aldi berean, beste herrialde batzuetako pertsona ez katolikoak lurperatzeko gunea ere sortu zuten: besteak beste, han daude Bizkaian bizi izan ziren Alemaniako, Frantziako, Norvegiako eta Suitzako herritarrak.
Beste zona bereizi bat ere badu Loiuko hilerriak. II. Mundu Gerran hil ziren Commonwealtheko eta haien aliatuak ziren herrialdeetako soldaduak lurperatzeko eraiki zuten. Militar horietako asko penintsula iparraldeko britainiarren hilerrietan egon ziren lurperatuta, baina, mantenu kostuak aurrezteko, denak Loiura ekarri zituzten. Gaur egun 56 hilobi daude, hilerri militarretan legez, txukun atonduta. Commonwealth War Graves Commission delako Erresuma Batuko erakundeak du lekua mantentzeko ardura.
Azaro hasieran, Domusantu eta Hildakoen Egunaren aitzakian, ohikoa izaten da hilerrietara bisita egitea herrialde kristauetan, izan katoliko, izan protestante. Loiuko honetan, ostera, bisitari gehienak beste jai baten aitzakian joaten dira hara: I. Mundu Gerraren amaiera egunaren bueltan —azaroaren 11—, Erresuma Batuak Remembrance Day (Oroimenaren Eguna) delakoa ospatzen du. Hala, etzi, herrialdeak Bilbon duen kontsulatuko kideak joango dira, han lurperatutako militarrak omentzera.