Finalerako hautagaiak, prest

Finalerako hautagaiak, prest

Ibai Maruri Bilbao

Bihar hasi eta datozen hiru zapatuetan jokatuko dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak, Berrizen, Santurtzin eta Lemoan. Finala abenduaren 16an izango da, Bilbo Arenan. Kanporaketa fasetik 11 bertsolari sailkatu dira finalaurrekoetarako, eta aurreko txapelketako finalean parte hartu zuten bertsolarietatik beste zazpi gehituko zaizkie —Etxahun Lekuek uko egin dio parte hartzeari [hamazortzi bertsolariak]—. Ander Elortegi bertsolari eta bertso irakasleak ez du sorpresa handirik hartu finalaurrekoetako lehiakideen izen-abizenak ikusita: “Zerrenda logikoa da”. Dena den, bertsolari batzuk kanpoan geratu izana deigarri egin zaio Elortegiri: “Beste urteetatik esperientzia daukan jendea da. Imanol Uria finalerako hautagai ere izan zitekeen. Paule Loizaga aurretik egon izan da finalaurrekoetan. Baina txapelketa horrelakoa da, eta normal hartu behar da”.

Kanporaketa fasearen balantze ona egin du. “Gorabeheratsua izan da: saio batzuk hobeak izan dira, eta beste batzuk, espero baino maila txikiagokoak. Azken batean, inprobisazioa da, eta horrelakoak pasatzen dira. Hala ere, oro har, maila oso ona ikusi dut”. Elortegik nabarmendu du Bizkaiko Txapelketara lehenengoz joan den bertsolarien taldeak ere “maila ona” erakutsi duela kanporaketetan. “Lehenengoz txapelketan egoteak duen zailtasunari erraz egin diote aurre. Lehen aldiak belarrondokoa emateko arriskua egoten da, baina talde hau polito ibili da, eta hurrengo txapelketetarako esperientzia hartu dute”.

Berrienez gainera, gazteenen taldetik, besteak beste, Koldo Gezuraga, Aissa Intxausti, Bittor Altube eta Ibai Amillategi azpimarratu ditu bertso irakasleak. Ez da izan haien lehen txapelketa, eta, Elortegiren ustez, “aurretik egindako lanari eta esfortzuari esker” lortu dute finalaurrekoetarako sailkatzea. Arestian aipatu bezala, Etxahun Lekuek ez du txapelketan parte hartuko. Erabaki bera hartu dute Julen Erezumak, Miren Amurizak eta Elortegik berak. Beraz, aurreko txapelketekin alderatuta, hutsune batzuk sortu dira finalaurrekoetan. “Zulo horiek betetzera sartu diren gazteak meritu osoz sartu dira. Finalaurrekoetan emateko zer duten entzun nahi dut, ezer kendu gabe lehendik dabiltzanei. Freskotasuna dute, eta ilusioa pizten dit niri”. Elortegiren ustez, bertsolari belaunaldi gazteagoen txanda hasi da Bizkaian.

Kanporaketa fasetik finalaurrekoetara aldea nabarituko dute bertsolariek; batez ere, berriek. Elortegiren esanetan, kanporaketetan erakutsi behar izan dute badakitela bertsotan. Orain, hori frogatuta, gehiago ere egin dezaketela erakutsi behar dute. “Aurreko txapelketako finalistekin elkartzen zara, eta salto bat geratzen da maila guztietan. Esaterako, gaitegian ere igartzen da. Gai jartzaileek finalaurrekoetarako prestatzen dituzten gaiek exijentzia handiagoa eskatzen dute; iritzi indartsu bat, diskurtso bat”. Azken batean, bertsolariak, bertsoa osatzearekin batera, diskurtso sendo bat ere garatu behar du, inprobisatzen duen bitartean. “Aurreko urteetako finalistek badakite zer den hori, eta hilak daramatzate horretarako prestatzen. Dena den, nik uste dut gazteenek ere badutela hori egiteko behar den besteko maila”.

Elortegiren ustez, hiru finalaurrekoetako kartelak “orekatuak eta ezberdinak” dira: “Denek daukate zerbait erakargarria”. Bertsolari bakoitzak bere ezaugarriak ditu, bere bertsorako modua. Txapelketa irabazteko faboritoa Nerea Ibarzabal dela uste du. “Denen ahotan dago. Urteetan izan duen eboluzioan aurrera doa. Iaz, Txapelketa Nagusiko finalerako sailkatzea lortu zuen, eta duela bi urteko Bizkaiko txapelduna da. Asko kostatuko zaie hari txapela kentzea”. Uste du, oro har, finalisten zerrenda ere ez dela izango duela bi urtekoaren oso ezberdina. “Ez nituzke kanpoan utziko Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia edo Jone Uria. Baina egia da aldagai asko daudela, eta edonork irabaz dezakeela”. Uste du bizpahiru izen berri egon daitezkeela finalisten artean.

Harrobia ere lehian

Asteon hasi da BBK sariketa ere. Azaroaren 29an jokatuko da finala, Bilboko BBK aretoan. Elortegiren esanetan, sariketan dabiltzan gaztetxoentzat “akuilua” da Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. “BBK sariketa gauza txikia da, areto txikietan lehiatzen da, baina bertsolari horiek bertsolari handi izatera jolasten dabiltza, eta Bizkaikoaren finalaurreko batean sentitzen diren nerbioen parekoak dituzte”.

Harrobi “ona” dagoela uste du. Oraintxe, gazte talde handi bat dabil bertsolari izateko prestatzen, eskoletan, udalekuetan, barnetegietan… Nesken portzentaje handia nabarmendu du Elortegik. “Hemendik hamar urtera, Bizkaiko Txapelketan irudikatzen ditut gaztetxo hauek”.

Finalaurrekoetarako edo finalerako sarrerak Internetez erosteko: Bertsosarrerak.eus