Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Elkarretaratzeak egiteari utzi diote Bermeoko talde feministek

Elkarretaratzeak egiteari utzi diote Bermeoko talde feministek

Mikel Garcia Martikorena

Erasoen aurka beste modu batera egingo du protesta Bermeoko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzeak egiteari utzi diote herriko talde feministek. Horien ordez, bi ekintza egingo dituzte. Batetik, hilean behin bozgorailuak dituen auto batekin irtengo dira Bermeon zehar, azken egunetan gertatutako kasuak salatzeko. Bestetik, panel informatibo bat jarriko dute Kabidxe gune sozialaren kanpoko aldean, Bermeon edo Euskal Herrian gertatzen diren indarkeria matxistako kasuen berri emateko. Bi jarduera berrien helburua da biztanleak herrian eta inguruan gertatzen diren erasoen jabe izatea; hala dio Irati Manzisidor Bermeoko Mugimendu Feministako kideak.

Urriaren 28an jarri zuten martxan ekiteko era berria. Egun hartan, autoa Bermeoko kaleetan ibili zen, azken hilabeteetan Bermeon jazotako erasoak salatuz eta indarkeria matxista “arazo estrukturala” dela gogoratuz. Urrian hiru eraso egon ziren udalerrian: 1ean, 15ean eta 23an. Eraso horiei udan gertatu ziren beste andana bat gehitu behar zaizkio, taldeak gogoratu duenez. “Udan ia astero deitu genuen elkarretaratzera eraso bat jazo zelako, edo askotan bi edo hiru”, esan du Manzisidorrek.

Astero arazo beragatik kalera ateratzeak “ezer” ez duela aldatzen ikusteak “erre” egin dituela uste du Bermeoko Mugimendu Feministako kideak: “Erasoak salatzen ibili gara, baina egora ez da aldatu. Horrek eragin digun frustrazioagatik, ekiteko era aldatzea erabaki dugu”.

Era berria, “eraginkorragoa”

Aldaketa ontzat jotzen du Manzisidorrek: “Lehen egiten genituen elkarretaratzeak baino eraginkorragoa iruditzen zait, bermeotarrei erasoen inguruko informazioa helarazten diegulako zuzenean”. Elkarretaratzeetara “beti jende bera” joaten zela azaldu du Manzisidorrek: mugimendu feministako kideak eta udaleko ordezkariak “Autoari esker, kalean dabilen jendea informa dezakegu. Aurreneko aldi honetan, herritarrek guk esaten genuenaren inguruan interesa zutela zirudien, gutxienez”.

Gainera, Bermeon jasotzen diren erasoez gero eta informazio “hobea” dutela dio mugimendu feministako kideak. “Orain elkarlanean gabiltza Bermeoko Udalarekin. Datuak segituan igortzen dizkigu. Horri esker, kontzientzia handiagoa sor daiteke herrian”.

Panel informatiboa

Hein handi batean, udalak igorritako informazioari esker osatuko dute Kabidxe gunearen kanpoko aldean jarriko duten kartel informatiboa. Oraindik ez dago martxan, baina hilabete honetan abiarazi nahi dute ekintza. Bi zatitan egongo da banatuta panela: Euskal Herriko mapa eta Bermeoko kasuen zenbaketa. “Herriko bizilagun askok ez dakite zehazki zenbat kasu gertatzen diren; beraz, interesgarria iruditzen zaigu informazioa herriaren erdian dagoen Kabidxen kokatzea”, azaldu du Manzisidorrek. Oraindik ez dute argi kasuak noiz arte zenbatuko dituzten.

Jarduteko modu berriak zeresana emango duela uste du Manzisidorrek. “Mugimendu handia egoten den leku batean egongo da panela [Arana Goiri Tar Sabinen Plazan]; gainera, astearteetan merkatua egoten da. Hortaz, uste dugu herriko jendeak, oro har, erasoen berri izango duela”, esan du mugimendu feministako kideak. Horrek, “ezberdin jokatzea” ekar lezake, Bermeoko Mugimendu Feministaren iritziz: “Herria bere inguruan gertatzen diren erasoen jakitun bada, bizilagun gehiago egongo dira prest erantzun bat emateko”.