Ibai Maruri Bilbao
Bilboko Udalak inoizko aurrekonturik handiena izango du datorren urtean: 701 milioi eurokoa —aurten baino %5,7 gehiagokoa—. Juan Mari Aburto alkateak nabarmendu du zerbitzu publikoak “lehenesten” dituen aurrekontuak osatu dituela. Izan ere, aurrekontuaren %47 (331 milioi) “zerbitzu publikoak mantentzeko” erabiliko dituzte. “Zerbitzu publikoen garrantzia azpimarratzen denean, batzuek arriskuan daudela diotenean, esan nahi dugu hau dela benetan zerbitzu publikoen alde lan egitea”. Udal langileen soldatak ordaintzeko erabiliko diren beste 192 milioi euro ere gehitu dizkio alkateak: “Azken batean, 702 milioi euroetatik 523 milioi erabiliko lirateke zerbitzu publikoak eskaintzeko. Apustu sendoa egiten ari gara”.
Inbertsio publikoak ere gora egingo du: 117 milioikoa izan da aurten, eta 121 milioikoa 2024an. Besteak beste, Zorrotzaurren eta Artxandako parkean egingo dituzte. Auzoetako inbertsioa 53 milioitik 64ra igoko da. Auzokide planaren aurrekontua hamabi milioitik hamalaura haziko da. Horrez gain, auzoetan gailu mekanikoak jartzeko 8,9 milioi euro gordeko dituzte. 5 milioi izango ditu udalak gizarte larrialdiko laguntzak emateko.
Aurrekontuen arlo parte hartzaileak milioi bi izango ditu; udalak 33 proposamen egin ditu, eta bozkatu duten bilbotarrek hamazortzi aukeratu dituzte. Aburtok nabarmendu du 6.000 bototik gora jaso dituztela; hau da, iazko bikoitza baino gehiago.
Alkatearen esanetan, “hartutako konpromisoak” betetzeko aurrekontuak ondu dituzte. Gobernuaren helburuetako bat izan da udalak zorrik gabe jarraitzea, modu horretan laster etorriko diren “proiektu garrantzitsuei behar bezala erantzun ahal izateko”: besteak beste, Zorrotzan Feveren trenbidea lurperatzeko lanak eta AHTaren Bilborako sarbidea eta Abandoko tren geltoki intermodala aipatu ditu.
Urtea bukatzerako
Asteon, zinegotziek beren sailetako kontuak aurkeztu dituzte batzordeetan. Asmoa da azaroaren 28rako behin-behineko onespena ematea. Ondoren, zuzenketen txanda etorriko da, eta abenduaren 28an onartuko lirateke behin betiko, EAJren eta PSE-EEren gobernu itunari esker.
Oposizioak aurkako jarrera erakutsi du. EH Bilduko bozeramaile Maria del Riok esan du “anbizioa” falta izan zaiola gobernuari: “Ez du eredu aldaketaren alde egiten. Ziklo berri bat bizi dugu, baina errezeta zaharrekin jarraitu nahi dute”. PPko Esther Martinezek txarretsi du “historiako aurrekontu handiena” ez dela lortu “jarduera ekonomikoa hazi” delako, “gobernuaren zerga goseagatik” baizik.