Markos Tedin-Uriburu Castro
Bertakoa eta etxekoa goraipatzeko jaio da Herriko Fest jaialdia. Zeberion izango da lehenengo aldia, ZeberioK0 deitutakoa. Antolakuntzak azaldu duenez, “herriarentzat eta herriarekin” egindako jaialdi bat izango da, “kultura ereiteko eta uzta jasotzeko pentsatua”. Hainbat ekitaldi eskainiko dizkiete parte hartzaileei: kontzertuak, tailerrak eta bertso saioak, besteak beste. Zeberioko Zubialde auzoko hainbat gunetan egingo dute jaialdia, asteburu osoan. Hain zuzen, gaur, bihar eta etzi izango dira ekitaldiak, askotarikoak.
Landa eremuetako ondarea, kultura eta berrikuntza uztartuko ditu jaialdiak. Herriko Fest “zero kilometroa” marka duen proiektu bat da, eta landa eremuetako ekosistema kulturalaren aberastasunari balioa ematea du helburu nagusi. Tokikoa erakusleihoan ipintzeko, mota ezberdinetako ekitaldi ugari ditu egitarauak: bertako ekoizleen eta artisauen azoka, janari eta edari dastaketak, eta landa eremuari buruzko mahai inguru bi, Xabier Madariaga kazetariak gidatutakoak. “Jaialdiak hausnarketarako eta eztabaidarako gunea izan nahi du”, adierazi du antolakuntzak.
Maria Rivero abeslaria da jaialdiaren antolatzaileetakoa —Balmasedan jaio zen, baina hamar urtez bizi izan da Zeberion—, eta, haren esanetan, “kultura jendearengana hurbiltzen eta jendea kulturara gerturatzen” saiatuko dira asteburu honetan. “Euskal Herrian nekazaritza mundua oso presente eta bizirik dago”, eta, horregatik, ekitaldia Zeberion antolatzea erabaki dute, hiri handietatik urrun. Zeberion horrelako jaialdi bat egiteak, kultura ardatz duela, “ohiko joerak” apurtzea dakar, Riveroren ustez.
Haren arabera, kultura ez da bakarrik hiri handi eta boteretsuetan gertatzen den zerbait. Landa eremuetan ere bada kultura, “kulturak gizarte osoa zeharkatzen duelako”. Antolatzaileek argi daukate ez dutela “herritarrentzako arrotza izango den zerbait” egin nahi. Izan ere, egitarauaren ekitaldi gehienak herritarrek antolatutakoak izango dira. “Jaialdi hau herriarena izango da”, ziurtatu du Riverok.
Emakumeen presentzia ere bermatu dute Zeberioko jaialdian. “Handia izango da asteburu osoan: adin, jatorri eta estilo desberdinetako hainbat emakume kulturgile izango dira oholtza gainean. Askotariko erreferenteak taularatzea dugu helburu nagusietako bat eta, era berean, egungo egoera pluralizatzea”. Alde horretatik, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, La Basu eta Amparo Sanchez izango dira jaialdiaren protagonistetako batzuk.
Egitarau oparoa
Egitaraua eratzean, irizpide ugari izan dituzte kontuan, Riverok adierazi duenez: “Euskal kulturaren presentzia, beste herrialde edo lurralde batzuetako kulturgile ezagunen parte hartzea, jaialdiaren filosofiarekin bat egingo duten ekintzak antolatu eta kulturgileei garrantzia ematea”. Horren emaitza, egitarau oparo eta zabal bat izan da.
Gaur, 17:00etan hasiko dira ekitaldiak. Lehenengoa, Zeberio kantuz bideokliparen grabaketa izango da, karpan. 19:30ean, Zeberioko plazan, Etzanderak bertako taldeak dantza emanaldi bat eskainiko du. Emakumeek osatutako talde bat da Etzanderak, eta euskal dantzak egiten ditu, euskal kultura erakutsi eta zabaltzeko.
Jaialdiaren lehenengo kontzertuak 21:00etan izango dira, karpan. Gaur Basatitiak, La Basu, Berta ViterSweet eta Ipar Glow taldeen txanda izango da.
22:30ean, Maria Riverok bere azken diskoa aurkeztuko du: Lerro Paraleloak. Bakarkako ibilbidean, bigarren albuma du, eta oso pozik dago Zeberion aurkezteko aukera izateagatik: “Hamar urtez Zeberion bizi izan naiz, eta leku ezin hobea iruditzen zait nire diskoa aurkezteko, egun Balmasedan bizi banaiz ere. Niretzat, planteatze hutsa oso berezia da”.
00:00etan, Green Valley taldeak joko du, eta, gaurko egitarauari amaiera emateko, Woman Soldier taldeak azken kontzertua eskainiko du.
Bihar, egitaraua goizean hasiko da. 10:00etatik 15:00ak arte, Arratiko artisau eta ekoizleek euren produktuak salgai izango dituzte jaialdiaren azokan. Arropa birziklatua, ilustrazioak, belarritakoak, zeramika, larruzko osagarriak eta bestelako produktuak erosi ahalko dira.
11:00etan, Hekthor Folk Gasteizko musikariak erritmoaren eta perkusioaren inguruko tailer bat eskainiko du, plazaren inguruetan. 14:00etan Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal, Xabi Paya eta Peru Abarrategi bertsolariek saio berezi batean hartuko dute parte, bertako artisauei omenaldi bat egiteko. 17:00etan, Orkresta Elektrotuna herriko kaleetan ibiliko da, rock, ska eta beste estilo batzuk jotzen.
Biharko kontzertuak gauean hasiko dira, 20:00etan. Janus Lester, Skabidean, Amparanoia eta Bad Sound System izango dira gaueko animatzaileak.
Igandeko lehenengo ekitaldia 11:00etan izango da, Brujas 2.0 tailer ibiltaria. 13:30ean, Odola Kantari lan berria aurkeztuko dute Josu Aurrekoetxea musikariak eta Unai Elorriaga idazleak. Proposamen eszeniko horrek odola, gerra eta heriotza izango ditu gai nagusi. Jaialdiaren azkeneko kontzertuak Burbuilak eta SES taldeek emango dituzte, 17:00etan eta 18:00etan, hurrenez hurren.
Jaialdian parte hartzeko taldeak aukeratzeko orduan, zenbait irizpide hartu dituzte kontuan antolatzaileek. “Zero kilometro” kontzeptuari lotutako talde batzuk aukeratu dituzte, eta, horrez gain, kanpotik etorritako talde famatuak ere bai, egitarau orekatu bat lortzeko asmoz. “Feminismoan, zaintzan eta askotariko ikuspegi kulturalean oinarrituta egin dugu aukeraketa, baita landa eremua sustatzeko asmoz ere, beste hamaika irizpideren artean”, gaineratu du Maria Riverok.
Egitaraua eta antolakuntza guztia landa eremuan kultura sustatzeko sortu ditu Zelako Kultur Ideiak kooperatiba elkarte txikiak. Riverok azpimarratu du jaialdia erabat berritzailea izango dela herritarrentzat. “ZeberioK0 sortzean, zerbait berezia gauzatzen saiatu gara: Zeberion aurretik egin gabeko egitasmoa izango da, eta jaialdiaren formatua ere erabat berritzaileak izango dira”.
Herritarren parte hartzea
Herriak ere hartu du parte jaialdia antolatzen. “Zeberioztarrek harrera ezin hobea egin diote jaialdiari, egia esan. Herritar ugari inplikatu dira modu kolektiboan zein indibidualki; beraz, bertakoen parte hartzea bermatua dugu, eta hori da ezinbestean bete nahi genuen helburuetako bat: herriarekin elkarlana, herritik eta herriarentzat”, azaldu du Riverok.
Madariagaren ustez, herri osoa dago asteburu honi begira. “Zeberio osoa dago zain ea zer gertatuko den”. Antolatzaileek igartzen dute badagoela jaialdian parte hartzeko gogoa herritarren aldetik. “Askotan, jaiak dira halako herri txikiek urte osoan daukaten ekitaldirik garrantzitsuena, eta, gero, urte osoa pasatzen dute ekitaldi askorik gabe. Uste dut oso garrantzitsua dela horrelako jaialdi bat izatea, kultura ardatz duena, baita kontuan hartzekoa ere”, azpimarratu du kazetariak. “Gainera, herriaren partetik, badago gogoa jaiez gain beste zerbait izateko”.
Xabier Madariagak ere aldarrikatu du landa eremua eta kultura uztartzearen garrantzia: “Uste dut artea ez dugula lotzen landa eremuekin. Artean pentsatzen dugunean, hiri handietan pentsatzen dugu, edo hiri handietako museoetan, baina artea landa eremuetan ere badago, eta jaialdi honen helburua hori ikusaraztea eta bultzatzea da”.
Herritarren lanak erakusleihoan jarriko ditu jaialdiak, zeberioztar guztiek ikusteko aukera izan dezaten. Nahiz eta Bilbon bizi den, Madariagak Zeberion ditu sustraiak, eta ondo baino hobeto ezagutzen du herria. “Denok gara ezagunak, baina ez dakigu oso ondo aldamenean daukagunak zer egiten duen”. Hala, tokiko lanak eta produktuak beste herritarrei erakustea “bertakoari balioa ematea” dela uste du.
‘Zeberio kantuz’
Gaur sormen ariketa bat egingo dute auzoko aparkalekuan dagoen karpan: Zeberio kantuz abestia sortu dute jaialdi honetarako, eta, 17:00etan, kantaren bideoklipa egingo dute bertako herritarrek eta eragileek. Domekan, jaialdiaren azken egunean, bideoklip herrikoiaren emanaldia egingo dute, 12:00etan, karpan bertan.
ZeberioK0 jaialdira joateko, antolakuntzak autobusak jarriko ditu Ugaotik, Igorretik eta Arteatik. “Ondo dakigu Zeberio ez dela eskura dagoen herri bat; irisgarritasuna oztopo nabarmena da. Arazoari aurre egiteko, doako autobusa arituko da arratsaldez eta gauez Ugao, Zeberio eta Igorre ibilbidea eginez”, arrazoitu du Riverok.
Egunean egiten diren ekitaldiak dohainik izango dira. Hala ere, kontzertuak ikusteko, sarrerak erosi beharko dira jaialdiaren webgunean, Musikaze plataformaren bidez.
Antolatu diren mahai inguruen berri jasotzeko, aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko diete entzuleei. Horretaz gain, agertu ezin direnek streaming bidez ikusteko aukera izango dute jaialdiaren webgunean. Adin txikientzako zaintza zerbitzua egongo da.