Motzean

Poz gehien eman dizkizun txirrindularia? Samuel Sanchez. Tourreko etapa bat eta Olinpiar Jokoetako domina lortu zituen. Gaztetatik ezagutu dut, eta mutil argia izan da. Markel Irizar ere nabarmenduko nuke; haregaz berba egin eta bost hilera barrabiletako minbizia topatu zioten. [Lance] Amstrongek ere gaixotasun bera izan zuen, eta mezu bat bidali zion Markeli. Ondo ipini zenean eroan nuen lasterketetara. Hasieran, kostatuta ibili zen, baina begira noraino heldu den gero. Asko poztu nintzen.

Gaurko txirrindularietatik nor gustatzen zaizu? INEOS taldeko Carlos Rodriguez. Oso ondo dator. Apala da, harrokeria bakoa.

Lasterketa bat? Frantziako Tourra. Tourrak ematen du eta Tourrak kentzen du.

Etxekoen artean? [Euskal Herriko] Itzulia, beti. Oraingo [Espainiako] Vuelta ere gustatzen zait; ederra da. 33 urtean Euskal Herritik pasatu barik egon ondoren, Euskadi Fundazioak zubi lana egin zuen Vuelta etortzeko. Etortzea lortu, 2011n, eta Bilboko Kale Nagusian etapa irabazi zuen Igor Antonek: itzela izan zen.

Gogoan duzu lehen bizikleta? Aitarena zen. Ez nintzen pedaletara ailegatzen. 25 kiloko bizikleta bat zen, eta eskuleku altu bat zuen. Lehengo etxeko lanak egin behar izaten nituen, eta bizikleta zen saria.