Mendiaren memoria, film batean

Mendiaren memoria, film batean

Naroa Torralba Rodriguez

Labayru fundazioak Bizkargin santikurutzak dokumentala egin du, Zornotzako Udalaren eskariz. Bizkargik azken mendean izan dituen hainbat alderdi jaso ditu produkzioan: mendizaletasuna, soroko lanetarako erreferentzia, erromeria eta memoria historikoa, besteak beste.

Filmaren ingurumarian, udalari otu zitzaion ideia ona izan zitekeela filma jendaurrean aurkeztu baino hamabost egun lehenago bertan erabilitako argazkiekin erakusketa bat egitea, jendeak ikus zezan gero zer etorriko zen. Hala egon dira Zornotza aretoan ikusgai, aurreko asteko ostiralera arte.

Ostiralean aurkeztu zuten dokumentala, Zornotza aretoan bertan. Ondoren, hizketaldia egin zuten. «Proiekzioaren ostean egin zen halako berriketaldi moduko bat, dokumentalean bertan protagonista diren hiru lekukorekin. Bakoitzak kontatu zuen bere esperientzia nolakoa izan zen, eta zer den Bizkargi berarentzat. Nola aldatu den jaia», esan du Ziortza Artabe Labayruko kideak. Hiru belaunaldi izan ziren hitzaldian, Labayruri garrantzitsua iruditzen zaiolako transmisioa nolakoa izan den agertzea.

Ondarearen bila

Urteak daramatza ondarea biltzen Zornotzako Udalak, eta horregatik aurkeztu dute dokumentala Ondarearen Europako jardunaldietan. Aurtengo gaia ondare immateriala izan dela aipatu du Artabek, eta hortik sortu dela filma egiteko ideia: «Kontua da, Bizkargiko jaia eta haren inguruan dagoen guztia ondare immaterialtzat hartzen dela, komunitate batek konpartitzen duen jakintza, jarduera eta adierazpena delako. Horiek belaunaldiz belaunaldi transmititu izan dira Bizkargiren kasuan ere». Fundazioko kideak dio «ondare bizia» dela. «Denboran aldatzen joan da. Hala, testigantza bakoitzak kontatzen du zer izan zen Bizkargi haientzat. Garrantzia dute gertaera batzuek eta besteek; gu, denak biltzen saiatu gara».

Lau udalerrik inguratzen dute Bizkargi mendia: Zornotzak, Larrabetzuk, Morgak eta Muxikak. Bost ere izan ziren garai batean, Amorebieta eta Etxano banatuta zeudelako —gaur egun, Zornotzako udalerria osatzen dute—. Mendi puntan, Santa Kurutz ermita dago, eta historian karga handia izan duela aipatu du Artabek: «36ko gerran, esaterako, triskantza handiak gertatu ziren han. Badu erromeria bat sona handikoa inguruan, baita ibilbide politak ere. Horregatik, dena batu dugu ikus-entzunezko produkzio batean».

bizkargi

Prozesuaz ere jardun da Artabe. Lehendabizi, informazioa batzen aritu ziren hainbat artxibo eta iturri bibliografiko kontsultatuta. «Elkarrizketa sorta handi bat ere egin genuen informazioa eskuratzeko. Ondoren ekin genion jada filmean agertuko ziren elkarrizketak egiteari». Orotariko gaiak jorratu zituzten horretarako, eta ez zituzten soilik Zornotzako jendearen hitzak bildu. «Garrantzitsua iruditu zitzaigun inguruko herrietako jendea ere bertan agertzea». Denera, hamazortzi lagunen testigantzak jaso dituzte, eta ardatza Bizkargiren kontakizun pertsonalak egitea izan da. «Guk, ondoren, haien esanak hari batean josi eta gidoira ekarri ditugu».

Memoria ariketa bat

Batzuek Bizkargin ospatzen den Santa Kurutz egunaz hitz egin dute. Meza kontuak ere izan dituzte hizpide, aspaldi egon zirelako errogatibak eta letaniak egiten ziren aroak ere. Beste batzuk erromeriaz aritu dira, maiatzaren 3a Santa Kurutz eguna baita, jai eguna Bizkargin. Hurrengo igandean, gainera, errepikapen eguna izaten da, eta hori ere dokumentalean bildu dute. «Aspaldi, egun bakarra izaten zen, baina orain indar handiagoa dauka errepikapen egunak, domekan izaten delako».

Maiatza artoa ereiteko sasoia izaten da, eta halako datak egutegietan markatu ohi zituzten; bereziki, gazteek, Artaberen berbetan: «Data seinalatu horietan, gazteak ateratzen ziren. Erromeriak egiten zituzten, eta elkar ezagutzeko aukera izaten zuten askok».

Jaia bakarrik ez, baina. 36ko gerran hildakoak omentzeko eta bilkura politikoak egiteko ere erabili zuten Bizkargi gaina, Artabek kontatu duenez. Artxibo batean topatu zuten Gernika-Lumoko apezpikuak Gasteizkoari laguntza eske idatzi ziola Bizkargi desalojatzen lagun ziezaion. Memoria ariketa gogora ekarri nahi izan dute.