Euskarari bizkarra ez emateko, kalera

Euskarari bizkarra ez emateko, kalera

Mikel Garcia Martikorena

Azken hilabeteetan, zeresan handia eman dute botere judizialak hartutako zenbait erabakik euskal munduan. Euskara lehenesten duten legeak eta hainbat zerbitzutako langileak euskara jakitera behartzen dituzten neurriak deuseztatu dituzte epaitegiek. Duela bi aste, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak EAEko Udal Legearen bidez euskara sustatzeko dekretuaren zenbait arau baliogabetu zituen. PPk jarritako helegite bati erantzunez ekin zion Auzitegi Nagusiak. Epai hori, beste urrats judizial bat izan da. Irungo (Gipuzkoa) udaltzainen lanposturako deialdietan euskaraz jakiteko eskakizuna EAEko Auzitegi Nagusiak atzera botatzea eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka emandako epaia beste bi adibide dira. Euskalgintzaren Kontseiluak, “oldarraldi judizial” horri aurre egiteko, nazio manifestaziora deitu du biharko, Bilbon.

Euskararen aldeko manifestazioa Euskalduna jauregitik abiatuko da 17:00etan. Bizkaiko hamaika eragilek ere deialdiarekin bat egin dutela jakinarazi dute, eta lurraldeko txoko guztietatik euskaltzaleak agertzea hauspotu. Horietako bat da Bilboko Zenbat Gara elkartea; Kafe Antzokia, Algara konpartsa eta Gabriel Aresti euskaltegia bere gain hartzen ditu. Isa Isazelaia elkarteko kideak argi du manifestazioa beharrezkoa dela euskararen atzean komunitate bat dagoela erakusteko, eta epaiek “haren aurka” egiten dutela azaleratzeko: “Epaitegien bidez garatu da, baina ez da euskararen kontrako oldarraldia, euskaldun guztion aurkakoa baizik”.

Isazelaiaren iritziz, biharko manifestaziok eta antzeko ekintzek ez dute soilik “euskara salbatzeko balio”: “Salbatzera goazena ez da euskara; geure burua euskaldun bezala salbatu nahi dugu”. Zenbat Garako beste kideetako Liher Barrantesen ustez, “giza eskubideen aurkako erasoa” da alor judizialekoa; hortaz, manifestazioak “bultzada eman behar dio herri kontzientziari”, aurre egiteko. Ildo beretik jo du Markel Sanchez Durangoko Berbaro elkarteko zuzendariak. Haren ustez, neurri “bereziki larriak” pairatu dituzte euskararen aldeko legeek, eta deritzo “herri modura erantzun bateratu bat emateko unea” dela.

Berbaro

Sanchezek gaineratu du erantzunak ezin duela izan herritarrena soilik: “Administrazio publikoaren bultzada ere beharrezkoa dugu. Hiztunon eskubide linguistikoak bermatu behar dira, askotan ez direlako errespetatzen”.

Egunerokotasunean euskaraz berba egitea ez ahalbidetzeak euskaldunak “desagertzeko arriskua” dakarrela iritzi dio Isazelaiak. Norbanakoen eta erakundeen arteko harremanak eratzeko balio dute hizkuntzek, baina Zenbat Garako kideak dio euskarazko harremanak geroz eta “zokoratuago” daudela: “Lehenengo, administrazioan ukatzen da; gero, lan harremanetan, herrian, auzoan; eta, azkenerako, intimitatera mugatzen da soilik”.

Norberaren haragitan

Bilbo Handian euskara jada intimitatera mugaturik dagoela nabaritzen du Isazelaiak: “Hortik kanpo debekatuta dugu”. Debeku baten pean sentitzen du bere burua eta Bilbo Handiko euskaldunena Isazelaiak, etxetik kanpo “ezin” baitute euskaraz egin. “Dendetan, tabernetan, administrazioan edo ogia erosterakoan, ez dago euskaraz egiteko aukerarik”. Egoerak helduen mundutik gazte eta haurren errealitatera salto egin duela uste du Isazelaiak: “D ereduan matrikulatuta egon arren, klasetik irteterakoan ez dago euskarazko aisialdirik”. Beraz, “ezintasuna erabatekoa” baldin bada, debekutzat hartu behar dela iritzi dio.

Azken egunotan EAEko Udal Legearen aurkako neurriek egunkarien orrialde eta albistegien minutu andana hartu dituzten arren, Bizkaian aurretik hautsak harrotu zituen Barakaldori buruzko erabaki judizial batek. Urtarrilean, EAEko Auzitegi Nagusiak legez kontrakotzat jo zuen Barakaldoko Udalak Clara Campoamor kultur etxean azpikontratatuta dituen langileei euskara maila eskatzea. Barakaldoko Sasiburu euskara elkarteko kide Ander Ezeizak azpimarratu du “oldarraldia” euren “haragitan” bizi izan dutela: “Euskaraz bizitzeko hautua egin dugu Barakaldon, Euskal Herriko parte delako eta gu ere euskaldunak garelako. Euskaraz bizitzeko eskubidea dugu, baina ikusten dugu gure eskubidea ez dela bermatzen”.

Sasiburu

Kultur etxekoa zerbitzu publiko bat izanda, “zentzugabea” ikusten du Ezeizak erabiltzaileek “eskubiderik ez izatea” EAEn ofiziala den hizkuntza batean zerbitzua jasotzeko: “Eskubidea behin eta berriz urratu zaigu Barakaldoko euskaldunei”. Epaileak arrazoi eman zien zerbitzua beti euskaraz ziurtatzearen aurka agertu zirenei. “Gaur egun ez dugu inongo eskubiderik euskaraz mintzatzeko, eskubidea epaile batek galarazi digulako”, dio Sasiburuko kideak.

Ezberdintasun ugari

Barakaldon eta Bilbon, euskararen egoera “latza” den arren, ez da gauza bera gertatzen Bizkaia osoan; edo ez maila berean, behintzat. Durangon, esaterako, Berbaroko zuzendari Sanchezek ez du uste “horrelako oldarraldirik” bizi dutenik. Dena den, argi du mugitu beharra dagoela: “Ahalik eta lasterrena eman behar zaio erantzuna; bestela, aurrera jarraituko dute, eta oraindik eraginik izan ez duen herrietara hedatuko da”. Durangon euskararen alde egiten duten eragile “dezente” daudela dio Sanchezek, batez ere inguruko herriekin alderatuz gero. “Ondo antolatuta gaude, eta bakoitzak argi du zein den bere funtzioa”.

Durangon “gihar euskaltzalea” egon badagoen arren, eta, Sanchezek beraien artean “nahiko kohesionatuta” daudela badio ere, onartu du udalerriko datu linguistikoak nahiko lituzkeenak baino apalagoak direla. Hori ez da euskarak Durangon duen arazo bakarra. Izan ere, arnasgune “oso gutxi” daude herrian, Sanchezen ustez: “Durangoko Azoka eta etorkizunean Plateruena izan daitekeena baino ez datozkit burura”.

Arnasguneen beharra ez da gutxi batzuen premia bakarrik: Sasiburuko eta Zenbat Garako kideek ere halako guneen falta azpimarratu dute. Barakaldoren kasuan, euskaraz bizitzea “ezinezkoa” dela esan du Sasiburuko kide Ezeizak. Haren iritziz, “jende gehienak” euskaraz ez jakiteak eta euskara bultzatzeko “baliabiderik ezak” eragin du egoera. “Epaitegietatik harago, Barakaldon euskaraz espontaneoki eginez gero, arrarotzat hartzen zaituzte”.

Zenbat Gara

Zenbat Garako kideak ados agertu dira Bilbon “euskaltzale asko” dauden ideiarekin. Arazoa, ordea, “saretzean eta artikulatzean” dagoela uste dute. “Patetikoa da Bilboren egoera. Euskaltegia izanik, gu konturatzen gara ikasleek euskalduntze prozesua amaitutakoan ezin dutela hizkuntza beraien egunerokoan erabili, oso aukera gutxi daudelako Bilbon”, esan du Isazelaiak. Halere, argi du hirian interesa badagoela, gurasoek seme-alabak D ereduan apuntatzen dituztelako; hau da, “onarpena dago euskaldunak izateko”. Baina Isazelaiak txarretsi du aukerarik ez ematea “euskaldun izateko, haien erabakia hori den arren”.

Aldaketarako gakoak

Eragileek uste dute biharko nazio manifestazioak egoera hizpidera ekartzeko eta salatzeko balioko duela, baina ez dute nahikotzat jotzen oldarraldia amaitu eta euskararen egoera aldatzeko. Horretarako, herrigintzatik eta politikatik ekin behar dela iritzi diote denek. Sanchezek argi du “hizkuntza politika ausartak” garatu ezean “ezinezkoa” izango dela “euskararen normalizazioa lortzea”. “Askotan, hiztunen gain uzten da euskararen alde egin beharreko guztia, baina politika ausartik gabe, horrek ez du ezertarako balio”.

Politikaren ildotik jo du Barrantesek ere. Are gehiago, Zenbat Gara elkarteko kidearen ustez, “errotik” aldatu beharko litzateke politika “dena”: “Euskaltegiak desagertzeko jaio ginen bezala, Euskara Saila ere desagertu beharko litzateke, hizkuntza erabat zeharkakoa izan beharko litzatekeelako”. Euskarak guztia “zipriztindu” beharko lukeela dio, “politika denak euskararen alde” egin ahal izateko. “Euskara politika guztietan agertzeak motibazioan, erabileran eta kontzientziazioan eragingo luke. Hiru ardatz horiek ezinbestekoak dira euskarak bizirauteko”, Barrantesen iritziz.