Mikel Garcia Martikorena
Bilboko Zorrotzako Muturraren etorkizun urbanistikoa antolatzeko aurreproiektua aukeratu dute. Bilboko Udalak deitutako lehiaketaren emaitzak joan den astean jakinarazi zituzten, eta Idom Bilboko ingeniaritza enpresaren LotURA proiektua izan da garailea. Udalak apirilean eman zion hasiera lehiaketari, eta guztira zazpi proposamen aurkeztu ziren. Idomek, 5.000 euroko sariaz gain, Bilboko Udalaren Plan Orokorraren aldaketa garatzeko esleipena lortu du; hau da, Zorrotzako Mutur berrituaren diseinua Idomek egingo du. Zerbitzu kontratua 138.842,97 eurokoa da.
Asier Abaunza Hiri Plangintzako, Proiektu Estrategikoetako eta Espazio Publikoko zinegotziak esan du “aurrerapauso garrantzitsua” dela muturra berritzeko zirriborroa: “Bilboren etorkizuneko definizioan sakontzeko balio duen proiektua da. Sortu nahi dugun hiri eredu berria sustatzeko aukera paregabea iruditzen zaigu, definizio hori bultzatu eta indartzeko”.
Zorrotza Muturreko proiektuak, baina, ez du muturra osorik hartzen, 321.000 metro koadroko eremua baizik. Udalak hala adierazi zuen hasieratik. Diseinatu beharreko eremua ez da udalak jarritako betebehar bakarra. Izan ere, proiektuaren helburuak izan dira itsasadarraren eta Cadaguaren ibaiertzetako ingurumena eta paisaia lehengoratu, eta aurretik ezarritako erabileretara moldatzea.
Erabilera horien artean daude, besteak beste, parkeak, plazak eta tankerako espazio libreen sarea diseinatzea, trenbidearen lurperatzea proiektuan integratzea, eremuko uholde arriskua konpontzea eta etxebizitza eskaintza handia sortzea. Abaunzak gaineratu duenez, jada Zorrotza Muturrean dagoen ondare urbanistikoaren balioa azpimarratu beharko du diseinu berriak: Talleres Zorroza, Molinos Vascos, Baltzolako Zubia edota iparraldeko muturreko txaletarena.
Erabilera askotarikoak
Idomek aurkeztutako lanak aurrez ezarritako ezaugarriak betetzen dituela azaldu du zinegotziak: “Lan bikaina egin dute”. Are gehiago, proiektuak Zorrotzako Muturra auzoko beste guneekin batu eta “auzo ezaguterraza, nortasunduna”, bihurtzen duela uste du Abaunzak. Idomeko ordezkari Borja Lopez ildo beretik jo du, eta hiriko beste eremuekin izango duen lotura azpimarratu: “Zorrotzako Muturra beti egon da bakartuta. Inguruan garatu izan diren jarduera ekonomikoak —portua eta hiltegia, batez ere— eta Zorrotzako auzoarekin banatzen duen trenbidea izan dira urruntzearen erantzule nagusiak”.
LotURA proiektuak arazo horien zein beste hainbaten erantzuna ekarriko duela uste du Bilboko Udalak. Bost arlotan banatu dute proposamena. 58.126 metro koadroko berdeguneak osatzen duen eraztun berdea da arloetako bat. Hiri baratzeetarako partzelak eta itsasadarrarekin lotzeko bankadak egongo dira eraztunean. Diseinuan eremu handiena hartzen duen esparrua, etxebizitzena da: 200.000 metro koadro baino gehiagokoa izango da. 2.000 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusi dute; %45, etxebizitza babestuak izango dira. Merkataritzarako eta ekipamendurako espazioa ere gorde dute aurreproiektuan; 50.000 metro koadro, hain zuzen. Ekipamendu horien artean osasun zentroa, eskola eta haurtzaindegia egongo lirateke.
Proiektuaren gunerik berezienetarikoa muturrean egongo den ikus-entzunezko poloa izango dela aurreratu dute Lopezek eta Abaunzak. 41.494 metro koadro bideratu nahi dituzte ikus-entzunezko gunea, gune kulturala eta beste erabilera batzuetarako guneak eraikitzeko. Bizkaiko diputazioa da sustatzailea. Proiektuak gaur egun zaharberritu gabe dauden hiru industria pabiloietan egitea aurreikusten du, besteak beste.