Gontzal Mendibe Miguel
Asko dira ilunabarra ikustera Momoitioko baseliza (Garai) ingurura hurbiltzen direnak. Gaur egun lagunekin elkartzeko toki dena erromatar talde baten bizitoki izan zen II. mendean. Kokalekuak, baina, ez zuen arrakasta handirik izan, eta bizilagunek handik joatea erabaki zuten. IX. mendean Oiz mendiaren magalean dagoen auzora iritsi zirenei, aldiz, toki paregabea iruditu zitzaien: Momoitio euren aterpe bilakatu zen.
1982an Momoitioko San Joan baselizan indusketak hasi zituen Durangaldeko Gerediaga elkarteak. Helburua “arbasoen aztarnak bilatzea” izan zen, “Euskal Herriaren historia hobeto ezagutzeko asmoz”, elkarteak azaldu duenez. Hiru urtez ibili ziren eskualdeko eremu horretan lanean, eta harrizko eliza baten oinarriak aurkitu zituzten. Tenplua 150 hilobiz inguratua zegoen, eta horietako 113 zulatu zituzten. Ondorio nagusi bi atera zituzten aurkikuntzetatik: hilobien estaldurak bere garaian bezala zeudela —manipulatu gabeak— eta uste baino berrehun urte gehiago zituztela.
1989an, lehenengo indusketak baino zazpi urte geroago, bigarren indusketak hasi zituen Gerediagak; orduan, Garaiko Udalak eskatuta. Udalak obrak egin zituen gaur egungo hilerriaren inguruan, eta lanetan erromatarren garaiko hilobi batzuk aurkitu zituzten. Hori izan zen Gerediaga elkarterengana jotzeko arrazoia: hilobiok aztertu nahi zituzten. Momoitiokoaren oso antzeko ezaugarriak zituen nekropoli batekin egin zuten topo, eta indusketetan ohartu ziren 1.300 urte lehenago toki horretan orduko gizarterik atzerakoienetariko bat bizi zela.
Momoitioko nekropoliko baselizak hamabost metro koadro baino ez zituen. Harriz eta egurrezko zutabez zegoen osatuta. “Garai hartan, Momoitio inguruko herrixketako baseliza guztiak Momoitiokoaren oso antzekoak ziren: txikiak. Hala ere, inguruan bazeuden oso landuta zeuden baseliza handiak ere, baina ez ziren ohikoenak”, azaldu du Gerediaga elkarteak. Garai hartako baseliza askotan, noiz eraiki zuten agertzen da harri baten idatzita; Momoitiokoan, ordea, ez.
Goi Erdi Aroan, baselizen inguruetan hilerri bat eraiki ohi zuten. Bi zatitan banatzen zituzten: pribilegiatuen gorpuak lurperatzeko gunea eta gainontzekoak lurperatzeko tokia. Momoition, gorpu gehienak lurperatzen zituzten; pribilegiatuenak, harrizko zuloetan sartzen zituzten. Zuloa Oiz mendiko harrobietatik ekarritako harriekin inguratzen zuten. Momoition bizi zen taldetxoa kristaua bazen ere, hildakoen inguruko ohiturak kristautasunaren aurreko sinesmenetatik heldutakoak ziren.
Populazio gaztea
Momoition bizi izan zirenen inguruko informazioa ere eman du Gerediagak. Ikerketetan ondorioztatutakoaren arabera, oso gazte hiltzen ziren; gehienak, 14 urte bete orduko. Dena den, adin hori gainditzea lortzen zutenek 30 urte inguruko bizi itxaropena zuten. Gainera, oro har, emakumeak gizonak baino lehenago hiltzen ziren. Gorpuak aztertuta, ondorioztatu dute emakumeetako asko erditzeko orduan zendu zirela.
Oiz mendiaren magalean bizi ziren erromatarren inguruko informazio asko atera den arren, Gerediagak ez du lortu jakitea zertan lan egiten zuten. Hala ere, garai hartako biztanleen eginbeharretan oinarrituz, elkarteak uste du, abereak zaintzeaz gain, lurra ereiten zutela.
Herrixkaren egiturari dagokionez, bi erreferentzia puntu zituen: baseliza eta nekropolia. Inguruan egurrez egindako etxetxoak eraiki zituzten. Gerediaga elkartearen ustez, etxe horien aztarnak gaur egun auzoan dauden baserri bien lurpean egon daitezke. Herrixkako bideak ere elizatik eta nekropolitik abiatzen ziren.