Zuhaitzak belztu ondoren

Zuhaitzak belztu ondoren

Mikel Garcia Martikorena

Urtebete igaro da suak Balmaseda eta Zalla inguruan sua piztu zenetik. Ia bostehun baso hektareari egin zieten kalte garrek, eta bidean milaka zuhaitz eta landare txikitu. Arbalitza mendiaren alboan piztu zen sutea, argindar sarearen tentsio handiko kableen eraginez. Pinudi, urki eta gaztainondoek kolore berdetsuak galdu zituzten, beltzari lekua egiteko. Iazko urriaren 23tik 25era izan zen gertaera; 367 egun geroago, kolore berdea berreskuratu du Arbalitzak.

Sutearen ostean “azkar” jardun zutela azpimarratu du Arantza Atutxa Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sustatzeko foru diputatuak. Azken 30 urteetan Bizkaian izan den suterik “bortitzena” izan zen joan den urtekoa, baina, foru aldundiaren, bestelako erakundeen eta gizarteko hainbat sektoreren laguntzari esker, birgaitze lanak “ondo” doaz, Atutxaren hitzetan. “Helburua 289 hektarea birlandatzea da. Lanak iazko neguan hasi genituen, eta 2024ko udaberrian bukatu nahi ditugu”, esan du foru diputatuak.

Ezbeharra “modu eraginkorrean” eten ahal izateko lankidetza “ezinbestekoa” izan zela uste du Atutxak. Lankidetza ez da, ostera, suarekin batera itzali, mendia birgaitzeko lanetan jarraitu baitu. Balmasedan, esaterako, urtero eskolarekin antolatzen duten Zuhaitz Eguna herri osora zabaldu zuten: bizilagunek, deiari erantzun, eta zuhaitz berriekin bete dituzte kiskalitako magalak.

Birgaitze lanek errealitate kontrajarriak eragin dituzte paisaian. Alde batetik, suak enborra belztu dien zuhaitzak badaude Arbalitzan —mendiaren behealdean, herritik ez oso urrun—. Suteak eragin zien arren, ez ditu haien adarrak kiskali, eta, nahiz eta gorputzean marka utzi, bizirik diraute. Bestetik, inguru guztiz berdeak ere badaude; kolore bizikoak, gainera. Guztiz osasuntsua den baso bat irudikatuko lukete, landaredian zuhaitz motzondo ikaztuak tartekatuko ez balira.

Motzondoak egotearen arrazoia funtzionala da, kentzea teknikoki zaila eta ekonomikoki garestia izateaz gain. Izan ere, landatu berri dituzten landareek sustraiak errotu eta lurra sostengatu arte, iaz erre ziren zuhaitzak arduratuko dira horretaz. Bertan noizbait zuhaitzak egon ziren arrastoak dira horiek.

Txikitu, berriz hasteko

Sutea gertatu eta gutxira, birgaitze lanak hasi zituzten; lehen urratsa, kaltetutako zuhaitzak botatzea. “Sutea itzali eta gutxira hasi ginen zuhaitzak moztu eta egurra egiteko txikitzen. Lehenbailehen egin beharreko lana da, sutearen ostean gaixotasunak eta izurriteak izatea eta egurrak balioa galtzea eragotzi nahi bada”, azaldu du Carlos Uriagereka foru aldundiko Mendi Zerbitzuko arduradunak.

Guztira 45.000 metro kubiko moztu dituzte. Zuahitzok moztu eta lurra berriz landatzeko prestatu ostean, birlandaketa lanei ekin diete. Zalla eta Balmasedako mendiak zuhaitzez lepo berriz ikusi ahal izateko, 300.000 zuhaitz inguru landatuko dituzte guztira. Gaur egun, hodi urdinen barruan —animaliek jan ez ditzaten jartzen dira hodiok babes neurri moduan— dauden zuhaitz gazteak heldu bihurtuko dira gutxi barru. Are gehiago, foru diputatuak baieztatu du hamar urte barru sutearen aurreko antzeko paisaia egongo dela Balmaseda inguruko mendietan.

Balmasedako suteak urtebete

Uriagerekak adierazi du mosaiko ereduari jarraitu diotela landare berrien kasuan; hau da, bertako espezieak eta espezie produktiboak landatu dituztela elkarrekin. Horrela, “biodibertsitatea eta espezie kopurua handitu” direla esan du. Erabakia ez dute ausaz hartu, eta, ekonomikoki onurak ekartzeaz gain, mendi “iraunkorragoak” lortzeko bidea da, Uriagerekaren iritziz. Klima aldaketak suteak gertatzen diren garaia aldatuko du, eta Uriagerekak dio mosaiko ereduak horri erantzuteko ere balioko duela: “Baso iraunkorragoak izango ditugu klima aldaketaren eta etorkizunean gerta daitezkeen suteei aurre egiteko”.

Bioekonomia

Basoaren birgaitzea ez da birlandaketarekin amaitzen; mantentze lanak egin behar dira etorkizunean “hazten” jarraitzeko. Lan horiek, baina, “garestiak” direla dio Uriagerekak; beraz, horiek ziurtatzeko behar diren baliabide ekonomikoak mendiak berak eman ditzake, “ekonomia zirkularra edo bioekonomia bat” eratuz.

Mendiok betidanik izan dira garrantzitsuak inguruko ekonomiarako, Atutxaren arabera. Hortaz, basoak berreskuratzea “ezinbestekoa” dela iruditzen zaio. 750.000 euroko inbertsioa egin da; kopuruaren zati bat basoak berak emandako dirua da.