Naroa Torralba Rodriguez
Ibarreta plaza Gorlizko epizentro gastronomikoa izango da asteburu honetan. Dastatu Urria jaialdia antolatu du udalak gaurko, biharko eta etziko, herriko dendekin lankidetzan. Javier Madariaga Gorlizko Okela jatetxeko jabearen ustez, aukera “paregabea” izango da eskualdeko artisau garagardoak ezagutzeko eta probatzeko, perretxikoak osagai nagusi dituzten pintxoak dastatu bitartean: “Zaporeei lotutako bidaia interesgarria proposatu du turismo bulegoak asteburu honetarako. Dastatu urria leloa jarri diote, eta gurea bezalako taberna bati izugarrizko bultzada ematen dio. Egitaraua, gainera, askotarikoa da”.
Badira zenbait urte udazkena iristearekin batera Dastatu Urria antolatzen hasi zirenetik. Azokaz eta beste hainbat ekintzaz gain, pintxo leihaketa izaten da egitarauko jarduera berezia. Iaz, Okela tabernak irabazi zuen lehen saria. “Ohikoa da: udazkena heldu, eta jende asko hasten da onddoak biltzen. Gorlizko Udalak aukera baliatzen du hiru egun inguruko jaia antolatzeko. Baliatzen da jaiegun batzuk egiteko. Hala, taberna bakoitzak aurkezten duen pintxoa epaitzeaz gain, jaialdira joaten denak eskaintza zabala dauka ekintza askotan”, dio Madariagak. Artisau garagardoa prestatzen duten tokiko ekoizleek euren produktuak ezagutarazteko eta saltzeko tartea ere izango dute: Tito Blas Brewing eta Etxeandia garagardotegiak.
Dastaketa egongo da, beraz, asteburuaren erdigunean, eta parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete hainbat produktu dastatzeko. Ez dira pintxoak soilik egongo epaitzeko. Jai giroan gero eta ezagunagoak bihurtzen ari diren janari furgonetek ere —hau da, bertan eskatu eta kozinatzen duten postu eramangarriek— jaki bereziak prestatuko dituzte. Jamonostruck enpresa aritzen da halakoetan, eta sorta zabala aukeratu dute oraingoan.
Musikarekin girotuta
Udalerriko ostalarien egitekoa lehiaketara aurkeztuko duten pintxoa prestatzea da, beraz. Madariagak aitortu du ez dela beti erraza asmatzen osagaien konbinaziorik onena: “Oinarrian, denek eduki beharko dute perretxikoa. Hori izango da funtsezko produktua aurten”. Egongo da beste leihaketarik, dena dela: perretxikoak eta haien ingurua ardatz izanda, argazki lehiaketa bat ere antolatu dute.
Musikari ere egin diote lekua. Izan ere, gaur eta bihar, kontzertu banak zarratuko du egitaraua. Tucson Band taldea gaur gauean arituko da, eta, lehenago, Sol Magunak eta Amaia Arkotxak umorezko bakarrizketa bat egingo dute. Bihar, berriz, Mrs Klam taldeak joko du, eta, lehenago, Aritza Bergara idazleak euskal mitologiaren inguruko hitzaldia emango du. Gainera, PG Kuadrillak bafle batekin musika zabalduko du. DJ Urbi arituko da kontzertuaren aurretik, eta, ondoren, musika jartzeaz eta ingurua girotzeaz arduratuko da.
Mikologiaren zalea denak ekintza garrantzitsu bat izango du bihar goizean: irteera antolatu dute Murgiara (Araba) joateko. Gorbeiaren magalean dagoen herria izaki Murgia, perretxikoak biltzeko “paradisuetako” bat da, antolatzaileen arabera. Etzi, ostera, asteburuko ekitaldi nagusia egingo dute: Gorlizko XX. Mikologia Jardunaldiak, hain zuzen. Perretxiko eta mahai didaktikoen erakusketa prestatu dute, Kinpulene Eskubaloi Taldearen lankidetzarekin.
Eguerdian, berriz, Ana Caro Salas sukaldariak erakustaldi bat egingo du Gorlizen; errezetak prestatuko ditu joaten direnen aurrean, eta azalpenak emango ditu, interesdunen galderei erantzuteko. Horren aurretik, dena den, madalenak eta antzeko opilak egiteko tailer bat egingo dute. Los Urris elkarteak antolatu du. Familiako gazteenei ere lekua egin diete egitarauan. Besteak beste, Udazken gozoa izeneko tailerrarekin, sukaldean hasteko lehen urratsak egingo dituzte.
Sona handia du pintxo lehiaketak Gorlizen. Urtero, bi lehiaketa izaten dira. Lehena, uda partean izaten da, herriko jaien bueltan, eta bigarrena, udazkenean. Azkeneko horretan, epaimahaiaren formatua duala da: berariaz erabakitako epaile batzuek zenbaki bat jartzen diote taberna bakoitzari, baina, horrez gain, azaltzen direnek ere trago baten truke pintxoa dastatu eta puntuatzeko tartea izango dute. Madariagak gogo handia du berriro parte hartzeko: “Zail ikusten dugu berriro irabaztea, baina gogotsu gaude. Oso egun polita izaten da, eta kaleetan nabari da gogoa”.
Herria “biziberritzen”
Halako egitasmoek herria “biziberritzen” dutela uste du sukaldariak: “Udaleko turismo zerbitzuak ideia oso ona izan du. Askotan, gainera, bi gune zentraletan antolatzen dituzte halako jai egunak: Ibarreta plazan eta kale nagusian. Horrek jendeari joan-etorrian ibiltzeko aukera ematen dio, eta giro hobea egoten da kalean. Jende askoren egutegian gorriz markatuta egoten den data izan ohi da urriaren amaierako jaialdi hau, eta ez da gutxiagorako”.
Algorbea izena jarri diote Okela jatetxeko sukaldariek asteburuan aurkeztuko duten pintxoari. Ontzi txiki batean zerbitzatuko dute, eta oinarrian bakailaoa izango du: “Pare bat zati, bezeroak ondo igar dezan zer jaten ari den”, Madariagak zehaztu duenez. Bakailaoa, beraz, pil-pil saltsarekin banatuko dute, baina, onddoek erdigunean egon behar dutenez, sukaldariak adierazi du maionesa bat egin dutela perretxikoekin. Hiru osagai horiek piper gorri erregosiekin batera jarriko dituzte. Koilara itxuradun ogi txigortuarekin dastatuko dute bezeroek pintxoa, eta testurekin esperimentatuko dute.