Pantailen lilurak kezkatuta

Pantailen lilurak kezkatuta

Ibai Maruri Bilbao

Orain dela hiru edo lau urte, gure umeak Lehen Hezkuntzako 4. mailan genituen. Ikusten genituen 5. eta 6. mailetako umeak smartphoneekin kalean. Ez zitzaigun gustatzen. Hasi ginen parkean gure artean hitz egiten. Kezkatzen gintuen 10 urterekin gazteegiak zirela smartphone bat izateko”, gogoratu du Iraitz Arrizabalaga Ondarroako Zubi Zahar ikastolako Altza Buru guraso taldeko kideak. Pantailak gero eta hedatuago dauden honetan, behintzat kalean igarotzen duten denbora seme-alabek Internetik gabe pasatzea nahi dute. Guraso haietako batek Zarauzko (Gipuzkoa) Guk aukera, guk 16 taldearen berri izan zuen, eta hango kide Miren Ros hezitzailea gonbidatu zuten ikastolara. Gurasoei eta ikasleei gaiaren inguruko prestakuntza eskaini zien. Taldearen helburua “erabilera atzeratzea” da, Arrizabalagaren esanetan: “Ez dugu adin bat jarri, baina ez dugu ondo ikusten 12-13 urterekin umeek telefonoa izatea”. Oraingoz, lortu dute Ondarroan: DBH ikasten ari dira daborduko, eta oraindik ez diete sakelakorik eman.

Gurasook badakite teknologia berriak onuragarriak izan daitezkeela, zuzen erabiliz gero. Baina arriskuek kezkatzen dituzte. “Uste dugu 11 urteko umeak ez daudela prestatuta; haien heldutasuna ez dago prest: ez dituzte arriskuak ikusten”, esan du Arrizabalagak. Sopelako Ander Deuna ikastolan, debekatuta daukate umeek telefonoa ikastetxera eroatea. Eroan eta kentzen dietenean umeei “antsietate beldurgarria” sortzen zaiela esan du Ziortza Ruiz ikastolako zuzendari pedagogikoak: “Nabaritzen zaie telefonoagatik edozer egiteko prest daudela, eta beldurgarria da; dependentzia handia dute”. Sopelako gurasoek ere antzeko talde bat sortu dute, eta lanean dabiltza iaztik.

Ruizi irakasleek kontatu diote nabaritzen dituztela gailu horien erabilerak ikasleengan dituen ondorioak: “Dena atoan lortu nahi dute. Ez badute lortzen, haserretu egiten dira, biolentzia erabiltzen dute, eta ez dute frustrazioa toleratzen”. Horrez gain, ikusi dute hizkeran ere eragina duela, gero eta berbaera “biolentoagoa, sexistagoa eta klasistagoa” dutelako. Arriskuak gehiago direla ohartarazi du Ruizek: “Ikusten dugu begien osasunean eragina duela pantailen erabilerak. Pornografiaren kultura eskura dute. Ludopatian erortzeko arriskua dute. Ziberjazarpena gero eta zabalduago dago. Gauean, lo egiteko arazoak dituzte. Eskolan, arreta falta dute”.

Ez da erraza gurasoen artean adostasuna lortzea. Ruizek aitortu du iritziak askotarikoak direla: “Guk Lehen Hezkuntzako 5. mailatik erabiltzen ditugu Cromebook-ak ikasgelan; guraso batzuek goizegi dela diote, eta beste batzuek ondo ikusten dute. Telefonoekin berdin geratzen da: badira diotenak etorkizuneko gailuak direla, eta umetatik hasi behar dutela erabiltzen”. Arrizabalagak ohartarazi du ezinbestekoa dela gurasoen arteko batasuna; bestela, borroka zailagoa da.

Taldearen garrantzia

Ondarroako Altza Buru taldean izan dituzte Lehen Hezkuntza bukatu aurretik seme-alabei sakelakoa ematearen aldekoak, baina DBHra ailegatu dira eta oraindik ez diete eman. “Taldea garrantzitsua da guretzat, seme-alabek smartphonea eskatuz egiten diguten presioari aurre elkarrekin egiteko. Gurea da erabakia. Eta garrantzitsua da haientzat ere, ikusten dutelako ez direla bakarrak izango smartphonerik gabe, ez direla izango azkenak jasotzen. ‘Nire lagunen gurasoak ere nireekin daude taldean’, pentsatzen dute; badakite inork ez duela telefonorik lortuko guk taldean erabaki arte, eta badakite eurek ere denek batera jasoko dutela”, esan du Arrizabalagak.

Hark aitortu du “oso gogorra” dela umea etxera eske etorri eta ezetz esan behar izatea. Taldearekin hastean, haien seme-alabak baino urtebete nagusiagoak zirenen erdiek baino gehiagok sakelakoa zuten, eta beldur ziren presio horri aurre egin ahal izango zioten. Orain, DBHn, gehiago dira badutenak, eta presioa areagotu zaie. Hala ere, umeak “lasai” ikusten dituzte. “Badakite zergatik egiten dugun: ulertzen dute”. Horretarako ikasleek jaso duten prestakuntza ere lagungarria izan zaie: “Miren Rosekin egon ziren, eta konturatu ziren ez zutela telefonoa behar. Badute Internet etxean. Zertarako behar dute kalean smartphone bat?”.

Arrizabalagak eta Ruizek argi dute ez dela soilik familien arazoa. Eskolak ere inplikatu behar du, eta hala egin dute Ondarroan eta Sopelan, ikastoletan. “Askotan guregan jartzen da ardura, baina gero kalean oso normalizatuta dago smartphoneen erabilera gero eta gazteagoengan. Umeen inguruan gauden guztiok argi izan beharko genuke zeintzuk diren irizpideak, eta koheziketa egin beharko genuke: gurasoek beren ahalmenen arabera eta guk gureen arabera, norabide berean egin beharko genuke boga”.

Eragile guztien elkarlana

Ondarroan, esaterako, ohartu dira Zubi Zaharra ikastolak egin dezakeena ez dela nahikoa. “Ikastetxetik irtendakoan, kalean, beste eskoletako umeekin elkartzen dira, eta haiek telefonoa badute, ez dugu ezer lortuko”, esan du Arrizabalagak. Horregatik, herriko gainontzeko ikastetxeekin lanean hasi dira ikasturte honetan, eskola publikoan ere helburu berak dituen guraso talde bat sortzeko. Ez hori bakarrik: herriko elkarteekiko elkarlana ere ezinbestekoa dela iruditzen zaie. Futbol eta arraun klubekin hasi dira. “Dagoeneko sortu dituzte Whatsapp taldeak, gure umeekin dabiltzan beste batzuek badutelako smartphonea. Elkarteekin hitz egin behar dugu ikusteko hori zelan landu. Hausnarketa bat egin behar dugu”. Arrizabalagaren iritziz, udalak ere konprometitu beharko luke, herriko ikastetxe guztietan gurasoek duten borroka hau neurri berean bultzatu ahal izateko, eta herriko ume guztiek lehen sakelakoa adin bertsuan jaso ahal izateko.

Behin telefonoa emandakoan, modu “osasuntsuan eta egokian” erabil dezaten prestatu behar dira umeak. Ruizek kontatu du askotan gurasoek esaten dietela ez dituztela teknologia berriak behar beste menderatzen. Horregatik deritzo ezinbestekoa denen elkarlana. Esan du umeei ere erabilera egokiaren aldeko konpromisoa eskatu behar zaiela.