Etxea, proiektu komuna

Etxea, proiektu komuna

Ibai Maruri Bilbao

Aspaldiko asmoa zuten Imanol Madariagak eta haren bikotekideak etxebizitza kooperatiba baten kide egin eta halako etxe batean bizitzea. “Duela hamar bat urte hasi ginen bilatzen, baina orduan gizartea ez zegoen prest: orubea eta finantzaketa lortzeko zailtasunak zeuden, orain legez, baina ohartu nintzen oso zaila zela horrek behar duen talde kohesionatua sortzea ere”. Topatu dute: Gordexolako Ametxe kooperatibako kide dira. “Talde honek elkarrekin etxe bat erosteko ezinbestekoa den barne kohesioa du”. Lau hektarea lursail dituen 1660ko jauregi bat erosi zuten, eta atontzen ari dira, datorren urtetik han bizi ahal izateko. Joan den barikuan, Bilbon kontatu zuen euren esperientzia, Perviurek eta EAEko Reasek etxebizitza kooperatibei buruz antolatutako jardunaldietan.

Madariagaren familia ez da hasieratik egon. Umeen zaintza ereduan eta gizarte eraldaketarako gogoan bat egiten zuten lau familiak bultzatu zuten. Sei familiarentzako lekua izango du jauregiak. Orain gutxiago dira, eta ez daude hasieran proiektua bultzatu zuten guztiak. Madariagak aitortu du zaila dela talde kohesioari eustea: “Tentsioak sortzen dira. Ez da bizilagunen ohiko komunitate bat, baina badakigu bilerak egiten eta modu onean hitz egiten. Prozesuak irakatsi digu hitz egiten eta elkar entzuten. Oraingoa momentu kritikoa da, obran gaudelako. Badakigu elkarrekin bizitzen hasten garenean kritikoagoa izango dela”. Hala ere, itxaropentsu daude. “Geure borondatez osatutako familia bat gara; komunitarioa eta kolaboratiboa. Erronka ez da izan bizitzeko habia bat topatzea; elkarrekin partekatu, lagundu eta hazteko leku bat behar genuen”.

Traba gehienak, kanpoan

Traba gehienak, ordea, kanpoan topatu dituzte. Auzokide batek ez du begi onez ikusi proiektua; Ametxekoen ustez, “beldurragatik”. “Beldur” hori eta “susmo txar” horiek Gordexolako Udalari “kutsatu” dizkio, Madariagaren esanetan: “Baimenak lortzeko prozesua asko luzatu da. Joan-etorrian ibili gara etengabe. Ez da etxebizitza bakar bat. Ezohiko familia bat gara. Gure errealitateak ez du lekurik gaur egungo araudian. Ez dakit araudia aldatu beharko den, edo nahikoa izango den hura interpretatzeko modua aldatzearekin”.

Zerga legediarentzat ere arrotzak dira halako ereduko proiektuak, Ederra Zabalaren esanetan. Mendatako Ankurkulu kooperatibako kide da. Bi hektareako baserri batean bizi dira sei lagun: bost heldu eta ume bat. Proiektukide Gorka Barkarekin batera, haien kooperatiba aurkeztu zuen Zabalak ere barikuko jardunaldietan. “Legedian, oro har, hutsune handia dago, eta gure eredua normalizatzeko beharra ikusten dugu”, ohartarazi du Zabalak. Dagoeneko badute esperientzia apur bat, 2019tik bizi direlako Mendatako baserrian. Barkak zehaztu du euren helburua ez dela “soilik elkarrekin bizitzea”; izan ere, “subiranotasuna, autonomia, ekologia, zaintza ere badira helburuak”.

Ankurkulukoen esanetan, etxearen egitura garrantzitsua da proiektuaren helburuak lortzeko. Eremu pribatuak eta publikoak ditu. “Ondo hausnartuta, erabaki genuen espazio pribatuak gelak izatea. Apartamentu txiki batzuk dira, hiru gelakoak. Bakoitzak nahi duen moduan antola ditzake, baina, oro har, bi logela eta egongela txiki bat ipini ditugu”. Baserriaren solairu oso bat betetzen dute sukaldeak eta bizilagunak elkartzen diren egongela handiak.

Elkarbizitza politikoa

Etxeko lanak banatuta dauzkate. Zaintza lanei aparteko garrantzia ematen dietela jakinarazi du Zabalak, “mugimendu feministaren borrokagatik garrantzia hartuz joan diren neurrian”. Esan duenez, helburuetako bat da babesten dituzten kontzeptu politikoak egunerokoan txertatzea, eta etxeko lanek horretarako aukera ematen diete. Esate baterako, txandaka prestatzen dute janaria, baita garbiketa lanak ere. “Etxeak bost komun ditu, bizilekuak beste. Bakoitzak nahi duena erabil dezake, baina praktikan, bakoitzak bere komuna erabiltzen du. Garbiketaren ardura duenak denen komunak garbitu behar ditu, eta, hala, kontzientzia hartzen dugu garbitzeak eta zikintzeak zer esan nahi duten”.

Edozelan ere, proiektuaren lehen helburu politikoa etxebizitza eskubidea bermatzea dela adierazi du Zabalak. “Nolabait, etxebizitzaren eta espekulazioaren inguruan dagoen problematikari erantzuteko sortu zen Ankurkulu; etxebizitza eskubidea bermatu nahi genuen, neurrizko prezioetan”, esan du Barkak. Kooperatibak 22.500na euroko ekarpena egin duten bazkideak ditu, eta kide laguntzaileak ere bai.

Gordexolan legez, Mendatan ere garrantzia ematen diote barne kohesioari. Dena asanbladan erabakitzen eta adosten dute. Astero biltzen dira. Hala ere, tarteka “emozioen” bilera egiten dute; besteak beste, elkarbizitzak sortutako talkak leuntzeko asmoz. Esan dute nahiko luketela bilera horiei denbora gehiago eskaini, baina aitortu dute “egunerokoak irensten” dituela.

Unkurkulun eta Ametxen, bietan, sartu-irtenak egon dira. Gordexolan, esaterako, Madariagak esan du proiektua definitu ahala batzuk aldendu egin direla. Balio batzuk zehaztu dituzte, besteak beste. Landa eremuan egonda, naturarekiko errespetua eta harremana ezinbestekoak dira. Gainera, erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartu dute, nekazaritzako lurra falta den inguru batean lau hektarea dituztelako. Ortua landatuko dute, adibidez, proiektua bideragarri egiteko mesedegarri izango dituztelako diru sarrera horiek. Baina, aldi berean, gizartearentzako onuragarria den proiektu bat ere bultzatu nahi dute.