Baimen Ezarpenak Gorde

Webgune honek cookie propioak eta hirugarrenen cookie-fitxategiak erabiltzen ditu. Zure esperientzia eta zerbitzuak hobetzeko asmoz, cookie teknologiaz baliatzen gara. Ohar hau onartuz gero, teknologia hori erabiltzeko baimen esplizitua ematen diguzu.

Beti Aktibo
Webgunearen oinarrizko funtzionalitatea ahalbidetzen dute; erabiltzaileen saioa hasiera, kontuaren kudeaketa eta abar. Webgunea ezin da behar bezala erabili hauek gabe.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere edukia sare-sozialetan partekatzeko, fedback-a jasotzeko edota bestelako hirugarren batzuren funtzionalitateak erabiltzeko.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko erabiltzaileen portaera estatistikoki neurtzeko eta aztertzeko; horrela, webgunea erabiltzaileen nabigaziora egoki daiteke.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen diote webguneari bere itxura edo funtzionamendua aldarazten duen informazioa gogoratzeko; adibidez, gogokoa duzun hizkuntza edo zer eskualdetan zauden.

Ez dago cookie-rik.

Aukera ematen dute webguneko publizitate guneak kudeatzeko. Kudeaketa hau burutzeko erabil daitezken irizpideak edukia eta maiztasuna izan daitezke.

Ez dago cookie-rik.

Bola biratzean ‘agur’ esaten duen iturria

Bola biratzean ‘agur’ esaten duen iturria

Mikel Garcia Martikorena

Hirua zenbaki berezia da ugaotarrentzat. Herriko jaiei agur esateko, hiru aldiz biratzen dute hiru hodiko iturriaren gainean dagoen harrizko bola. Jaietako agurrak ez dira beti alaiak, baina Ugaon guztiz kontrakoa da, festetako momenturik gorenetakoa baita. Iturria dagoen plaza “jendez lepo” egoten da, Gorka Etxebarria Ugaoko Ingurumena eta Historia Ezagutzeko Zentroaren arduradunak dioenez. Urteroko ekitaldiak herriko gunerik “adierazgarrienetakoa” bihurtu du iturria, udalaren ustez. Dena den, hiru hodiko iturriak mendeak daramatza herriaren erdigunean, bai geografikoki, bai biztanleen bizitzan.

Gaur egun herriaren adierazgarri den iturria, ordea, ez da betidanik bertan egon. Joaquin Lekandak diseinatu zuen, 1858an, estilo neoklasikoan. Halere, hiru hodiko iturriaren aurretik beste iturri bat egon zen han, 1779an egina. Hura Juan Iturburuk diseinatu zuen, estilo barrokoan, Goikiri menditik ura ekartzeko. Gaur egun, ostera, garai hartatik zutabe bakarra geratzen da, askan animaliak edaten zuten bitartean lotzeko erabiltzen zena.

Piramide formako oraingo iturria Ugaoko bizitzaren erdigunea izan da urte luzez. Javier Garcia Rodrigok Ugaoko kronika liburuan adierazi bezala, 1950eko hamarkadara arte herritarrak bertara agertzen ziren edateko, garbitzeko eta landareak ureztatzeko ur bila. Baina iturria ez da soilik ura hartzeko erabili izan Ugaon; “ziklo amaiera” adierazteko ere erabiltzen dela dio Etxebarriak.

“Hiru bira ematen zaizkio iturriaren gainean dagoen harrizko bolari jaiak amaitu direla adierazteko. Ziklo baten bukaera irudikatzen da”, esan du Ingurumena eta Historia Ezagutzeko Zentroaren arduradunak. Herriari “onuren bat” ekarri dion norbait aukeratzen du jai batzordeak urtero bolari birak emateko. Aurten, esaterako, Ugaoko futbol klubak izan du bola biratzeko ardura. Izan ere, emakumezkoen taldea maila autonomikora itzuli da, zortzi urteren ostean.

Ugaoko jokalariak bolarekin

Beti ez da horrela aukeratu. XX. mendearen hasieran, heltzen zen lehenengo bizilaguna arduratzen zen bolaz. Orain, metalezko barra batek mantentzen du bola iturriari lotuta; lehen, ostera, ez zegoen segurtasun neurririk bola ez erortzeko. 1940ko hamarkadan, ugaotar bati bola erori zitzaion jaiei agur esan bitartean, eta bola apurtu egin zen; bizilaguna beste bola bat erostera behartu zuen udalak, eta ekintza galarazi zuen. Hainbat urtez egon zen debekatuta, 1960ko hamarkadara arte. Ohitura itzuli zela ikusita, udalak jaien egitarauan sartu zuen 1970ean.

Ondare immateriala

“Hiru hodiko iturria ondare materiala da, baina hari lotutako ohiturak ondare immaterial ere bihurtzen du”, gaineratu du Etxebarriak. Hori dela eta, Ondarearen Europako Jardunaldien ardatza izango da. “Duela ehun urte inguru hasi zen ohitura hura mantentzea ohorea da ugaotarrentzat”, azpimarratu du hark. Beraz, ingurukoak eta herrikoak haren garrantziaz jabearazteko baliatuko dituzte jardunaldiak.

Bi ekintza antolatu dituzte gaurko: ginkana eta hitzaldia. 17:00etan hasiko da ginkana, eta parte hartzaileek herriko gune adierazgarrietatik joan beharko dute, arrastoei jarraituz. “Ugaoren historiaren inguruan gehien dakienak irabaziko du”, esan du Ingurumena eta Historia Ezagutzeko Zentroaren arduradunak. Hitzaldia Jane jauregian izango da: azken urteetan bolari bira eman dioten lagunak mintzatuko dira.