Zumarrak

Bizkaia zuriz jantzita zegoela kantatu zigun Lertxundik eta buruan berdea zuela. Natura maite duen herria gara. Lorea, Haritz, Zuhaitz edo Izei bezalako izenak dituzte gure seme-alabek, Arbolagaña, Elorri, Castaños, Masustegi…bezalako kaleetan barrena jolasten direnak, Pagasarriren magalean. Argi dago zuhaitzak maite ditugula. Pentsa, haritz baten gerizpean biltzen ziren Bizkaiko ordezkariak, eta zuhaitzak nagusi dira gure armarri eta banderetan. Aldundiak berak haritz baten hostoa du ikur. Armarri tradizionalari itxura aldatu eta hosto gorria ezartzea erabaki zuen aurreko ahaldun nagusiak, merkea izango ez zen marketin operazio baten bitartez. Baina zuhaitzak maite dituen herria gara, eta horrek ez du preziorik! Ez al du, ba, haritz zaharraren enborrak orbel berria loratu?

Ez naiz ni izango gure agintarien naturarekiko (zuhaitzekiko, batez ere) grina zalantzan jarriko duena, baina badira ulertzeko zail xamarrak diren erabakiak. Deustuko Agirre Lehendakariaren etorbideko zumarretaz ari naiz. Polemika iturri bihurtu dira, azken hilabeteotan udalak agindutako mozketa eta gero. Ez dut auziaren inguruan iritzi argirik, egia esan. Ez naiz aditua, eta ez dakit arrazoia nork duen. Nekez ulertu ditzaket, baina, udalak emandako arrazoiak.

Larrialdi klimatikoa erronka dugun honetan, hiri berdeagoak lortzeko neurriak ezinbestekoak dira. Adituen arabera, zuhaitzek —parkeak kenduta— hiriaren azaleraren % 30 bete behar dute. Bilbon, gaur-gaurkoz, % 9 baino ez dira; helburu horretatik oso urrun. Bizkaiko hiriburu grisak apenas utzi zien zuhaitzei tokirik aurreko mendean. Gorordo alkateak egin zuen apusturik handiena Etxebarria parkean. Jaurlaritzak etxebizitzak egiteko eskuratu nahi zuen lurzorua, eta Gorordok, horren jakitun, aurrea hartu zion Bilboko parkerik handiena sortuz.

Ezin da ukatu azken urteotan udalak norabide onean urratsak egin dituela. Zuhaitzak landatu ditu, eta Maria Diaz de Haro kalekoa bezalako eremu berdeak sortu ditu, ibilgailuei tokia kendu eta zuhaitzez jositako oinezkoentzako espazioak sortuz. Badira, baina, kontrako adibideak ere. Termibus autobus geltokiko plaza berriak apenas duen zuhaitzik, abenduan jartzen duten Gabonetako zuhaitz ziztrina salbu. Beroak itota hiltzeko moduko eremua da plaza uda partean.

Deustuko zumarrak gaixo omen zeuden, eta horregatik moztuko behar zituztela esan zuen udalak. Kontran daudenek, aldiz, gezurra dela diote. Baten bat gaixo egon daitekeela, baina, oro har, osasuntsu daudela. Zumarren jatorria udalaren beste arrazoietakoa da, ez zirela bertakoak. Argudio bitxia, benetan. Trenbide etorbideko ezkiak Belgikatik ekarri zituzten, eta ez dut uste Abandoibarreko palmondoak oso bertokoak direnik. Zumarren ordez hamar metrora helduko diren astigarrak jarriko omen ditu udalak, egungo zumarrak baino baxuagoak. Kosta egiten zait ulertzea dirua gastatu behar dutela zuhaitz baxuagoak landatzeko. Zuhaitzen %60 ura dela diote adituek, eta horregatik tamainak baduela garrantzia. Baliteke urteak aurrera hamar metrora heltzea astigar berriak, eta konponbide eraginkorra izatea, eta ni oker egotea. Zuhaitz berriek, hori bai, balio estetiko handia izango dutela esan du udalak. Aldundiaren logoarekin bezala, dirutza gastatuko al dugu itxura aldaketa huts batean? Hau ere marketin operazioa? Estetika ala etika?