Mikel Garcia Martikorena
Txorierrin euskara eta euskal kultura bultzatzeaz arduratzen da Baserri Antzokia fundazioa, eta Txorierri Eguna antolatu du. Jaia ospatuko den estreinako aldia da aurtengoa. Derioko parke teknologikoan du egoitza fundazioak, eta bertan egingo dute jaia, bihar eta etzi. Gustu eta adin guztietarako ekintzak egongo dira: zuzeneko musika, perretxiko erakusketa, azoka, haurrentzako tailerrak eta ibilbideak bizikletan osatzen dute egitaraua, besteak beste.
Xabier Goienetxe Baserri Antzokia fundazioko presidenteak azaldu duenez, fundazioak urteak daramatza ekintza “txikiagoak” antolatzen, bere helburua betetzeko, baina uste du “euskararen sustapenari bultzada handiagoa emateko garaia” heldu dela. Horregatik sortu dute Txorierri Eguna. Goienetxeri gustatuko litzaioke, aurtengo aldia ondo ateraz gero, datorren urteetan berriz egitea jaia, eta handituz joatea.
Baserri Antzokiaren eraikinak, mila metro koadro izateaz gain, kanpoaldean lurzoru zabala du, ekintzak egin ahal izateko. Kanpoko aldean egingo dute, esaterako, bertako produktuen azoka, bihar goizetik aurrera. Udazkena perretxiko garaia denez, Goienetxek aukera ontzat du haien buruzko erakusketa antolatzea. Erakusketa Zizegorri Zamudioko Mikologia elkarteak bultzatuko du. Onddo eta perretxikoak ez dira asteburuan Derioko parke teknologikoan dastatu ahalko diren jaki bakarrak: taloak, pastelak, sagardoa eta beste euskal jaki batzuk probatzeko aukera egongo da.
Dena ez da, ordea, jatea izango. Goizeko mokadua hartu ostean, dantzaren eta musikaren txanda izango da, Derioko Miragarri taldearen erakusketarekin, eta, jaia amaitzeko, Entxi eta otsoa taldearen kontzertua. Goienetxek dio Txorierri Egunean euskal folkloreak “garrantzi handia” izango duela; horren harira erabaki dituzte ekintzak. “Denak gara garrantzitsuak Baserri Antzokian, ume zein heldu. Hortaz, musikarekin lotutako tailerrak ere antolatu ditugu, txikienek goza dezaten”, gaineratu du Goienetxek.
Euskalguneetatik etorria
“Baserri Antzokia, jatetxea duen fundazioa da, ez fundazioa duen jatetxea”, azpimarratu du elkarteko presidenteak. Garrantzi handiko azalpena da Goienetxeren ustez; izan ere,Totoan Txorierriko euskal elkarteen federaziotik datorren irabazi asmorik gabeko erakundea da Baserri Antzokia: “Txorierriko euskaldunen ekimena da”. 2016an sortu zuten fundazioa, eta garai hartan Totoanen eskutik lehen pausoak eman zituen arren, haien ibilbideak banandu egin dira, eta egun era “independentean” egiten dute lan. “Totoanetik ez gaude guztiz bananduta, harremana dugu oraindik ere. Are gehiago, elkarte horrek ordezkariak ditu Baserri Antzokia fundazioan”, azaldu du Goienetxek.
Federazioko presidenteak argi du zeintzuk diren Baserri antzokiaren ekintzen hartzaileak: Txorierriko biztanleak, bertan lan egiten dutenak eta inguruko elkarteak. Izan ere, “Euskal Herriko leku gehienetan bezala”, Txorierrin ere euskara ezagutza maila handia bada ere, egunerokoan erabiltzen dutenen kopurua ez da handia. Egoera horri “aurre egitea” da fundazioaren egitekoa, Goienetxeren iritziz.
Ingurukoak agertu eta euskaraz mintzatzera bultzatzeko, kontzertuak antolatu ohi dituzte. Baserri Antzokiaren egoitzatik hainbat erromeria eta talde igaro dira, baina, Xabier Goienetxek dioenez, parkeko langileentzako egitasmoak prestatzen dituzte haiengan eragin ahal izateko. Hortaz, Derioko parke teknologikoko langileek musika talderik izanez gero, gonbita egin diete bertan jotzeko.
Inguruan eragin
Txorierriko eskualdea sei herrik osatzen dute, eta 21.400 biztanle inguru bizi dira. Gainera, 2.000 enpresa baino gehiago daude inguruan. Soilik parkean, 11.600 langile daude. Eragiteko duten testuingurua ondo ezagutzen du fundazioko presidenteak: “Euskararen ezagutza maila oso ezberdina da herrien artean: ez dago euskaldun proportzio bera Larrabetzun eta Loiun”. Halere, fundazioaren xedea ez da ezagutza handitzea, “erabilera sustatzea baino”. Horretarako, “euskara erabiltzeko beharra” sortu behar dela uste du Goienetxek: “Hezkuntza osorik egiten dugu euskaraz, baina lan mundura salto egiteko orduan, erdarara igarotzen gara. Hori aldatu beharra dago”.