Sorterria eta hilerria, lotuta

Sorterria eta hilerria, lotuta

Ibai Maruri Bilbao

Hradistko Txekiar Errepublikan dago, Pragatik ipar-ekialdera. 803 biztanle ditu. Elba ibaia gertutik igarotzen zaio. Busturia, ostera, Bizkaia iparraldeko udalerria da. Busturialdean dago, Urdaibaiko itsasadarraren ezker ibarrean. 1.667 biztanle ditu. Lehen kolpean, lotura gutxi dute biek, baina senidetu egin dira. “Anjel Lekuona busturiarra dago honen atzean”, esan du Aitor Aretxaga Busturiko alkateak; naziek Hradistkon fusilatu zuten Lekuona.

“1937an, faxistak Busturira sartu zirenean, atxiloketa asko egon ziren herrian; fusilatuak ere bai. Bere herrialdearen alde borrokatzeko, Lekuona Eusko Gudarosteko batailoi batean sartu zen”, dio Busturiko alkateak. “Euskal Herria frankisten eskuetan jausi zenean, Kataluniara joan zen. Handik, Frantziara. Frantzian naziek harrapatu zuten, eta Hirugarren Reicheko kontzentrazio esparru batera eroan zuten, Hradistkora, Txekiara. 1945eko apirilaren 9an, gerra bukatu aurretik, fusilatu egin zuten”. Ustez, orduan desagertu zen Lekuonaren lorratza. Baina haren iloba Anton Gandariasek ikertu egin zuen.

Gandariasek jakin zuen kontzentrazio esparruan fusilatutakoen gorpuak Hradistkoko erraustegi batean errausten zituztela. “Hango langile batzuek, aita-semeak, naziek ezer jakin barik, Lekuonaren eta han fusilatutako beste guztien errautsak gorde zituzten, baita dokumentatu ere”. Gandariasek modu horretan jakin ahal izan zuen non zeuden Lekuonaren errautsak. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, aita-seme haiei esker, Hradistkoko hilerrian dagoen memorialean ipini zituzten. Aretxagak kontatu du Gandariasen ikerketaren berri izan zutenean, harekin harremanetan jarri zirela, elkarlanean jarduteko. “Horrela jaio zen Busturia eta Hradistko herrien arteko lotura”.

2021ean izan zituzten lehen hartu-emanak bi udalerriek. Aretxagaren esanetan, txekiarrek eskainitako tratua “oso ona” izan da: “Konexio handia izan dugu hasieratik. Konturatu ginen badugula lotura bat”. “Ilusio handiz” daudela adierazi du; baita txekiarrak ere: “Pentsatu han, Hradistkon, zenbat fusilatu egon ziren, baina haiek, hainbesteren artean, Busturia topatu dute interesgarri, gugaz senidetu gura izan dute, ikusi dutelako gai honen inguruan zelako interesa agertu dugun, zer ikerketa egin dugun”. Lekuonaren arrastoaren atzetik sortutako harremanari jarraipen bat eman gura diote orain, “era positibo batean”. Izan ere, Busturiko alkateak uste du horrelako loturak “inoiz baino beharrezkoagoak” direla: “Mundua zelan dagoen ikusita; gerrak, hilketak… Badirudi nazien sasoian gaudela berriz ere, ultraeskuina eta faxismoa gora eta gora. Herrien senidetzea aldarrikatzeko une ona da”.

Txekiarrek ofizialtasuna eman gura izan zioten harremanari. Horregatik, senidetzea udal bietako osoko bilkuretan onartzea proposatu zieten busturiarrei. Orduan Busturian ezin izan zuten egin, joan den maiatzeko foru eta udal hauteskunde sasoia zelako. Beraz, orduan onartu zuten Hradistkoko Udaleko osoko bilkuran, eta joan den irailekoan, Busturikoan. “Azaldu nuen Lekuonaren prozesu guztia zein izan zen, herri bien arteko harremana zelan sortu den, eta aho batez onartu genuen”.

Hala ere, Aretxagak aitortu du oraindik ez dutela aurrez aurreko hartu-emanik izan txekiarrekin; telefonoz eta posta elektronikoz baino ez. Ikerketa guztia Gandariasek egin zuen, eta hura joan zen Hradistkora. Esaterako, Lekuona han omendu zutenean, Gogora institutukoekin joan zen, baina Busturiak ezin izan zuen ordezkaririk bidali. Busturian Lekuonaren omenezko stolperstein harria ipini zutenean ere, ez zen izan Hradistkoko ordezkaririk; han fusilatutako Espainiako Estatuko herritarren senideak gonbidatu zituzten.

Udaberrian, elkartu

Orain lehenengo senidetutako herrien erregistroan formaldu behar dute senidetzea. Ondoren, senidetzea sinatzeko ekitaldi bateratu bat egin gura lukete. “Ez dakigu, ez noiz, ez non, ez zelan egingo dugun”. Alkatea eta Busturiko Udaleko ordezkariak Txekiara joango dira maiatzean, Hradistkoko Udalak gonbidatuta. Txekiarrak datorren abuztuan etorriko dira Busturira, herrian frankismoak fusilatutakoei urtero egin ohi dieten omenaldira. Beraz, argi dago bi herrion arteko lotura nagusia memoria historikoa eta demokratikoa izan dela eta izango dela, baina Aretxagak uste du ate gehiago zabalduko dizkiela. “Asko egin dezakegu”.

Batetik, egin ditzaketen jardueren artean, Aretxagak aipatu ditu gertaera historikoei buruzko kontzientzia mantentzea, eta hortik sortutako adiskidetasuna eta elkarlana mantentzea. Baina, bestetik, uste du egon daitezkeela lankidetza ekonomikoa, kulturala, gizarte mailakoa edota turistikoa. “Batzuk besteengandik asko ikas dezakegu. Liburuen trukea egin dezakegu, berbarako; udako ikastaroak antolatu, ikasleen eta familien trukea egin… Kirol eta folklore jarduerak ere antola daitezke. Iruditzen zait lan asko egin dezakegula hainbat arlotan”. Aretxagaren esanetan, txekiarrentzat “deskubrimendu” bat izan da Busturia. “Gure hizkuntzak, kulturak eta nortasunak interesa piztu die. Kanpotik espainiartzat gaituzte, baina ohartu dira hemen badagoela beste kultura bat duen herri bat”.