Martxan dabil Bizkaibizi

Martxan dabil Bizkaibizi

Ibai Maruri Bilbao

“Imajinario kolektiboan, laranja kolorea lehia txirrindularitzarekin lotzen dugu; aurrerantzean, mugikortasun jasangarri eta osasuntsuarekin ere lotuko dugu. Bizkaibusen berdeari eta metroaren gorriari, Bizkaibiziren laranja batuko dizkiegu”, esan du Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak. Astelehenean ipini zuten martxan Bizkaibizi foru aldundiak bultzatu duen bizikleten mailegu zerbitzu publikoaren lehen fasea. Bilboko metropoliko bederatzi udalerritan dago eskuragarri: Barakaldo, Berango, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestaon. Etxanoberekin eta Sonia Perez Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuarekin batera, bederatzi udalerrioetako alkate eta zinegotziak Getxon elkartu ziren astelehenean, zerbitzua inauguratzeko.

Aurrerantzean, 16 urtetik gorako edonork erabili ahal izango du Bizkaibizi zerbitzua, web orrian izena emanda. Hori eginda, bederatzi udalerrioetan sakabanatuta dauden 650 bizikleta elektrikoetako bat hartu ahal izango du, eta, erabili ondoren, udalerrian bertan gainontzeko zortzietako batean utzi ahal izango du. Bizikleta hartzeko, uzteko eta bien bitartean kargatzeko 58 aparkatze gune atondu dituzte. Datozen asteetan gehiago egongo dira prest, eta, guztira, 78 izango dira.

Etxanoberen esanetan, Bizkaibizi “pauso garrantzitsua da mugikortasun berdeagoa, ingurumenarekiko errespetu handiagokoa eta osasuntsuagoa lortzeko bidean”. “Helburua da bizkaitarrek ikus dezatela bizikleta egunerokoan erabiltzeko moduko garraiobidea dela, ikastera joateko, lanera edo kuadrillarengana”. Aitortu du hori lortzeko “asko” falta dela oraindik, baina zerbitzu honekin “gertuago” dagoela uste du: “Orain urte batzuk ezinezkoa irudituko zitzaigun bizikleta benetako alternatiba izango dela, baliozkoa, metropoliaren inguruan mugitzeko. Zorakeria irudituko zitzaigun pentsatzea pertsona askok aukera izango dutela bizikletaz joateko Barakaldotik Portugaletera, Berangotik Erandiora edo Sestaotik Bilbora”.

Bizikletek 85 kilometroko autonomia dute. “Horri esker, bederatzi herrietatik ibil daiteke karga bukatzeko arrisku barik”, azpimarratu du Garraioak, Mugikortasuna eta Turismoa Sustatzeko diputatuak. Bakoitzak 30 kiloko pisua du. Ohiko bizikleta elektrikoen aldean, martxa gehiago dituzte, bost, pedalkadak ematea errazteko. Hiru gurpildun bederatzi bizikleta ere badaude, udalerri bakoitzeko bana, mugikortasun behar bereziak dituztenentzat.

bi

Bizikleta, lehentasun

“Bizikleta gehiago eta auto gutxiago dituzten herriak bultzatzeko konpromisoa” du foru aldundiak, ahaldun nagusiaren arabera. Horretarako hainbat neurri hartu dituztela azpimarratu du: “Eraikitzen ari gara bizikletentzako bide seguruak, erosoak eta ondo konektatuak. Duela urtebete, Ezkerraldeko bidegorriak konektatu genituen. Bi urte barru, Eskumaldeko bulebarra eta Erandio eta Barakaldo arteko zubia erabiltzeko aukera izango dugu; Bilbo eta Basauri ere konektatu ahal izango ditugu”. Horrez gainera, hainbat lekutan egokitu dituzten bizikletak aparkatzeko leku seguruak ere aipatu ditu; baita BiziPuntuak ere, herrialdeko hainbat lekutan ipini dizuten bizikletak konpondu eta mantentzeko guneak.

Etxanobek nabarmendu du Bizkaibizi erakundeen arteko elkarlanaren fruitu dela, eta adierazi du ildo horretan jarraituko dutela, zerbitzua Bizkaiko beste udalerri eta eskualde batzuetara ere hedatu ahal izateko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara: Bizkaibizi.eus