Markos Tedin-Uriburu Castro
Herri bakoitzak bere nortasunari eusteko, bere historia ezagutu eta bizirik mantendu behar du. Memoria kolektiboa landu eta berritzeko, ahanzturan erortzeko zorian dagoena berreskuratzea funtsezkoa izan daiteke. Elorrioko Udalak, herriko historia hobeto ezagutu nahian, ikertuta ez zegoena ikertzea erabaki zuen: bertako liñaputzuak —liho putzuak, tokiko euskaran—. Aitziber Gonzalez arkeologoari deitu, eta lihogintzaren inguruko lan bat egitea proposatu zioten. Jose Garaizabalen eta beste herritar batzuen laguntzari eta testigantzei esker, historia bizirik mantentzea lortu zuen ikerketak.
Gonzalezek aipatu duenez, lihogintzaren prozesua luzea, neketsua eta garestia zen. Horrez gain, hainbat fasetan zegoen banatuta. Liho putzuek, hain zuzen ere, materiala busti eta biguntzeko balio zuten. Uzta jaso ostean, hor uzten zuten emakumeek hamabost egunez.
Emakumeak arduratzen ziren prozesu osoaz, eta dena eskuz egiten zuten: lurra ongarritu, lihoa jaso, putzuak egin, hariak sortu, eta jantziak eta bestelako produktuak ekoitzi. “Liñuaren atsekabeak, amaigabeak”, dio esaera zahar batek, lanaren gogortasunaren adierazgarri argia dena.
Egun, liho putzuak dira prozesu luze eta neketsuaren lekuko material bakarra, eta horretaz baliatu zen Gonzalez lihogintza eta garai hartako emakumeen lan nekaezina ikertzeko ikuspuntu feminista batetik.
Informazio murriztua
XX. mendearen hasieran lihogintzak Euskal Herrian garrantzi handia izan bazuen ere, egun ez dago informazio askorik emakumeek egiten zuten prozesu horren inguruan. Gonzalezen arabera, garai hartan lihogintzari garrantzi txikiagoa ematen zitzaion ikazkintzari edo burdingintzari baino. Antza denez, garaian uste zen lihogintza ez zela ezinbestekoa gizartea garatzeko, eta, gainera, ez zuen diru askorik ematen. Hori dela eta, ogibide haren inguruko informazio gutxiago biltzen zuten etnografoek.
Elorrion liho putzuez oroitzen diren herritar gutxi oraindik bizirik daudela aprobetxatuz, udalak eta Gonzalezek iritzi zioten ikerketa martxan jartzeko aldi egokia zela; garaia zela dokumentatua ez zegoen industria mota hartaz ikerketa lan bat egiteko, eta emakumeen lana —herritar gehienentzat ezezaguna zena— berreskuratu eta gogora ekartzeko.
Memoria kolektiboa
Gonzalez arkeologoak dio lanaren helburua zela liho putzuen inguruko testigantza guztiak bildu eta azterketa zehatz eta sistematiko bat egitea, zegoen informazio gutxiak lagunduta. Izan ere, herritar batzuek entzunda zeukaten liho putzuak zeudela Elorrion, baina gehiagorik ez zekiten.
Lana amaitzerakoan, ikerketaren emaitzak aurkezteko solasaldi bat egin zuen arkeologoak Elorrion, eta poz-pozik azaldu zen jaso zuen harrerarekin. Gonzalezen arabera, jakingura piztu zitzaion jendeari, eta horrek lagunduko du informazio gehiago biltzen eta memoria kolektiboa lantzen.
Informazioa partekatzeko eta Elorrioko ondare materiala eta immateriala ezagutzera emateko gune bat bultzatu zuen solasaldiak, Gonzalezen ustez. “Ikertua ez zen historiaren zati bat itzuli diogu herriari”.