I. Maruri Bilbao
Bizkaiko Durango, Mexikoko Durango eta Coloradoko (AEB) Durango. 1985ean Mexikon bildu ziren hiru hirietako ordezkariak, elkar ezagutu eta elkarlana sustatzeko. Handik hiru urtera, Bizkaiko Durangon elkartu ziren berriro. Azkeneko topaketa AEBetan egin zuten, 1991n. “Etenaldia etorri zen gero. 2003an berriro egon zen mugimendua Mexikon, baina azkenean ez zen ezer egin”, gogoratu du Mireia Elkoroiribe Bizkaiko Durangoko alkateak. Gustatuko litzaioke berriz ere topaketa haiek berreskuratzea edo hiru Durangoen artean senidetzea.
Izan ere, Bizkaiko Durango ez dago bere izen bera duten herriekin senidetuta, nahiz eta asmo hori egon izan den. “Guk ditugun senidetze ofizialak hiru dira: 2004tik, Mendebaldeko Saharako Daorarekin; 2017tik, Kurdistango Kobanerekin; eta, iaztik, Montevideorekin”. Lehen biak gizarte lankidetzari lotutako senidetzeak izan dira; azkenak kutsu kulturala du, batez ere.
“Mendebaldeko Sahara lehenengo Espainiaren kontrolpean egon zen, eta, orain, Marokorenean. Egoera larria dute, eta Durangoko Udalak laguntza humanitarioa emateko konpromisoa hartu zuen Daorarekin”, azaldu du Elkoroiribek haiekin senidetzeko arrazoia. Emandako hitza betetzeko, hainbat jarduera egiten dituztela esan du. Berbarako, Durangoko Rio de Oro eta Hamadako Izarrak elkarteen bidez karabana solidarioa antolatzen dute urtero; Oporrak Bakean programari esker, Daorako umeak ekartzen dituzte udan; ume elbarri eta ezinduentzako udalekuak antolatzen dituzte; eta Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako garraio azpiegituretarako laguntza ematen dute. Hala ere, lankidetzaren helburua ez da bakarrik sahararrei laguntza ematea: “Saharako herrian duten egoeraren inguruko kontzientzia ere sortzen dugu Durangon”.
2016an, Durangoko gazte talde bat Kurdistanera joan zen. Handik bueltan, Koane herriarekin senidetzea proposatu zioten udalari, eta hala egin zuten. Siriaren kontrolpean dagoen Kurdistanen dago Koane. Suargi elkarteak bultzatu zuen senidetze hura. Kasu horretan, Kurdistango andreekin egiten dute lan. “Durangoko Emakumeen Etxearen bitartez, laguntza ematen diegu indarkeria matxistaren biktimei, Emakume kurduen ahalduntzea lortu nahi dugu”. Horrez gain, urtero topaketak antolatzen dituzte, Suargikoekin batera.
Montevideon, senidetzeko arrazoia bestelakoa izan da: hiria Bruno Maurizio Zabala durangarrak fundatu zuen, 1726an. Iazko irailean sinatu zuten senidetze akordioa, aurrerantzean kulturaren eta artearen esparruetan lankidetza sustatzeko. Elkoroiriberen esanetan, elkarlana beste esparru batzuetara zabaldu gurako lukete, eta, esaterako, turismo arloan ere lan egin.
Biktimek eskatuta
Elkoroiribek beste herri batekin senidetu gura luke hurrengo: Gernika-Lumorekin. Joan den martxoan, oraindik bizi diren Gernikako eta Durangoko 1937ko bonbardaketetako biktima batzuek eskatu zuten jendaurrean bi herrien arteko senidetzea: Lidia Larrea, Mikel Aretxaga, Teresa Muñoz, Edita Gomez, Nati Bilbao, Antonia Zamalloa eta Maria Luisa Zamalloa durangarrak eta Crucita Etxabe, Emilio Aperribai eta Teresa Alonso gernikarrak izan dira. Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatearekin eta Inma Garrastatxu Durangoko orduko alkatearekin bildu ziren, bakoitzarekin aparte, eta biek begi onez ikusi zuten proposamena.
“Zoritxarrez, Gernikarekin daukagun lotura handia da. Bion arteko senidetzea izango litzateke egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidean beste pauso bat”, esan du Durangoko alkateak. Elkoroiribek oraindik ez du Gernika-Lumoko Udalarekin berbarik egin, maiatzeko hauteskundeen ondoren udalak osatu zirenetik Gernika-Lumokoa egoera korapilatsuan dagoelako. Bizkaiko Hitza saiatu da Gorroñorekin berba egiten, baina bere udalaren egoera dela eta, uko egin dio orain halako gaiez aritzeari.
Iaz egin zuen Gernika-Lumok ere azken senidetze ekitaldia, Ukrainako Irpin hiriarekin. Gorroñok eta Ukrainak Espainian duen enbaxadore Serhii Pohoreltsevek sinatu zuten. “Lankidetza honen bidez, kultura ekintzen programa bat egingo dugu elkarrekin, dantza, musika, antzerkia eta antzeko diziplinekin eta hitzaldi zikloekin”, azaldu zuen Iñaki Gorroño alkateordeak. Era berean, truke programak sustatuko dituzte, herritarren artean “kultura demokratikoa, giza eskubideak eta bakerako hezkuntza” sustatzeko.
Aurretik, Gernika-Lumo Berga (Herrialde Katalanak), Pforzheim (Alemania) eta Boise (Idaho, AEB) hiriekin senidetuta dago. Lehena, hiru adarren pinuagatik, Herrialde Katalanak osatzen dituzten Katalunia, Valentzia eta Balearren ikur. Bigarrena, bonbardatu egin zuten Bigarren Mundu Gerran, Gernika-Lumo 1937an bezala: Erresuma Batuko gerra hegazkinen erasoek herritarren laurdenak hil zituzten. Hirugarrena, XX. mendean bizkaitar asko Idahora joan zirelako lanera, eta, ondorioz, euskal komunitate handia duelako.