Mikel Garcia Martikorena
Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik ibiltzeagatik atxilotutako eta zigortutako hamaika bizitza daude Euskal Herriaren historian. Ezagunena Zugarramurdiko (Nafarroa) sorginena den arren, Bizkaian hainbat kasu egon ziren Aro Modernoan. Durangaldekoak dira gehien zabalduak. Itzalean ezkutatuta geratu dira hainbat jazarpen kasu, eta haien arteko adibide bi dira 1616ko abuztuaren 15ean eta 16an Bermeon eta Busturialdeko zenbait udalerritan gertatutako epaiketak. Gertakari horiek herritarrengana gerturatu eta “guztiz ahaztuak izan diren emakumeen historiak berreskuratzea” da Vicente del Palacio Gernika antzerki taldeko kidearen helburua. Hori bete ahal izateko, Urdaibaiko sorginak [Las Brujas de Urdaibai gaztelaniazko izena du jatorrizkoa] antzezlana idatzi du Del Palaciosek, eta emanaldiak hasiko dituzte aurki.
Obra idatzita dauka, eta aspaldi hasi ziren entseguekin. Azaroaren 4an eta 5ean estreinatuko dute antzezlana, Gernika-Lumon. Ikuskizunean, Bermeon, Sukarrietan, Ereñon, Ibarrangelun eta Gautegiz Arteagan gertatutakoa jorratuko dute. Gaur egunetik hasi eta 1616ra bidaiatuko du ikusleak: “Antzezlanaren hasieran lagun kuadrilla bat Gernika eta inguruko herrietan gertatutakoak kontatzen agertuko da, taberna giroan”, esan du Del Palaciosek.
Kontakizunak sorginen kondairetara eramango ditu ikusleak, eta informazio historikoa lortzera joko dute. Ondoren, sorginen obretan ohikoa dena iritsiko da: akelarrea, epaiketa eta zigorra. Sorginei ipintzen zieten zigorretako bat erreta hiltzea izan ohi zen. Urdaibaiko kasuan, baina, historia ez zen horrela bukatu. Alonso Salazar inkisidoreak esan zuen Bizkaian sorginak ez zirela benetazkoak eta haien aurkako epaiak indargabetu zituen.
Oinarri teorikoa
Antzezlana idazteko bi iturri nagusi izan ditu Del Palaciok: dokumentazio historikoa eta kondairak. Dokumentazio historikoari dagokionez, Javi Urrutia Gernikazarra Historia taldeko kideak Aldaba aldizkarian argitaratutako artikulua izan da nagusia. Del Palacio ere taldeko kidea da.
Urrutiak dioenez, bi kasu ezberdin izan ziren Urdaibaikoak. Alde batetik, Bermeokoa, eta, bestetik, Busturialdeko beste lau herriena. Epaitutakoak bi kasu izan arren, Bizkaiko Jaurerriak urteak zeramatzan Gaztelako kontseiluari —garaiko epaitegi gorena— sorginkeriarekin loturiko kexak helarazten. Halere, Urrutiak azaldu du gaztelarrek ez zutela “jaramonik egiten”: “Zabaldutako ideia da Gaztelako inkisizioak eraman zituela aurrera sorginkeriaren aurkako ikerketak, baina Bizkaian ez zen horrela izan. Are gehiago, atxilotuak askatu egin zituzten”.
Izan ere, Bizkaiko udalerrietako agintariak izan ziren prozesu horiek bultzatzearen erantzule. “Esaterako, Bermeoko alkatea izan zen akusazioaren buru”, azpimarratu du Urrutiak. Kasu gehienetan torturak tokiko agintariek agintzen zituzten.
Urrutiak argi du sorginik ez zela egon Bermeon eta Busturialdeko beste inon: “Sorginkeriarekin lotutako aitorpenak torturen bidez lortzen zituzten; kasu batzuetan, pertsonak hiltzeraino. Datuen arabera, epaitutakoen erdiak hilik zeuden”. Udal agintariek eragindako “sufrimendua” kontuan izanda, antzerlanaren zuzendariak uste du egungo gizarteak zerbait egin beharko lukeela: “Udalek XVII. mendean gertatutakoagatik barkamena eskatu beharko lukete. Garrantzitsua da haiek omentzea”.