Amaia Igartua Aristondo
Bi minutuko filma da, baina balio lezake zinemagile baten ekoizpen oparorako sarbide moduan. Alice Guy (Saint-Mande, Frantzia, 1873-Wayne, AEB, 1968) zuzendariaren Les Fredaines de Pierrette (1900) pelikulako protagonista gela batean dago, erabat zuriz jantzitako pertsona bat gainetik kendu ezinda; emakumea dotoreziaz aldentzen da, behin eta berriro, harik eta jazarleak amore eman eta alde egiten duen arte. Haren lekua hartuko du laster Arlekinek, dantzan hasiko dira bi andreak, alai, eta elkarri ezpainetan musu emanez bukatuko dute koreografia. “Izugarri gustatu zitzaidan; hipnotizatuta geratu nintzen”, aitortu du Ruth Juan ilustratzaileak. Eszena horretan oinarrituta ondu du Zinemakumeak Gara emakumeek zuzendutako zinema jaialdiaren 28. aldiko kartela. Hilaren 31ra arte egingo dute festibala, Bilbon, eta, ondoren, Basaurira, Portugaletera eta Bermeora lekualdatuko da.
Aitzindaria izan zen Guy, Ana Gutierrez jaialdiko zuzendariaren arabera, baina hamarkada luzez gutxietsi dira haren ekarpenak. Aurten, zinema mostrak Guyren lana berreskuratu eta helarazi nahi du. Kartelean, hondo gorri bizi baten aurrean ari dira dantzan protagonista eta Arlekin; Guyk bere piezak koloreztatzen zituenez, filmeko tonu berak erabili ditu Juanek marrazkia osatzeko: arrosa, berdea eta horia. Baina hautua ez da izan estetikoa, artistak iradoki zuenez festibalaren aurkezpenean, Bilboko BBK aretoan, urriaren 2an. “Garai hartan, ezohikoa zen bi emakume izatea protagonista, eta oso ausarta bi andreren inguruko harreman erromantikoa erakustea”.
Fikziozko lehen pelikula zuzendu zuen Guyk 1896an, La Fée aux Choux, AEBetan, hango zinema industria loratzen ari zen garaian, eta beste asko ekoitzi zituen ondotik. Uste da mila pieza inguru egin zituela guztira, hainbat generotakoak: melodramak eta westernak, kasurako. Aurten, 150 urte bete dira Guy jaio zenetik, eta ospakizun ugari antolatzen ari dira; horietara batu da Zinemakumeak Gara. “Merituak sobran egin zituen emakume batez ari gara”, Gutierrezen esanetan. “Lumiere anaien maila berean dago”.
Dena den, Guyren ahanzturak badu isla orain, festibaleko zuzendariaren irudiko. “Emakumeen lorpenek mendez mende sufritu duten tratu txarraren eredua da Guy. Eta, garaipen batzuek berriki eragindako ameskeria gorabehera, oraindik arrakala handia dago benetako berdintasunaren artean. Adimen artifizialen genero aurreiritzien mehatxua ere badago”.
Festibaletako uzta
Guyren eta haren osteko zinemagileen arteko lotura islatu dute Indómitas: una genealogía de mujeres cineastas erakusketan, Indautxuko metro geltokian. Eta, Guyren ekarpenez harago, festibalak askotariko jarduerak antolatu ditu, hala nola film laburren eta luzeen proiekzioak, ikastaroak, mahai inguruak, zuzendariekin topaketak… Cannesko, Locarnoko, Seminci, Berlingo eta Donostiako zinemaldietan eskainitako batzuk.
Astelehenean, Deborah Garcia eta Tania Lopez arte historialari eta kultur kritikariek Neska bat bezala irakur itzazu ikastaroa emango dute —gaztelaniaz—, BBK Kunaren egoitzan: hainbat film klasikoren eta garaikideren irudiak aztertuko dituzte genero ikuspuntutik. Ostegunean, Simone de Beauvoir saria emango diote Silvia Munt Bartzelonako zuzendariari, BBK Aretoan. Ostean, Myriam U. Birara zinemagilearen The bride emango dute (2023), gogoz kontra ezkontzera behartuko duten gazte baten istorioa, Ruandako tutsien genozidiotik urte gutxira jazotakoa.
Ostiralean, Isabel Herguera Donostiako zuzendariaren El sueño de la sultana (2022) animaziozko filma emango dute Golem Alhondiga zinema aretoetan. Inesek Indian barrena egingo duen bidaia du hizpide: 1905ean Bengalan idatzitako zientzia fikziozko ipuin feminista bat irakurri ondoren, Ladyland andreen lurralde utopikoaren bila abiatuko da. Egun berean, Andrea Jaurrieta gidoilari eta zuzendariarekin solastatuko da Ana Hormaetxea gidoilaria, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa aretoan, Euskal Gidoilarien Elkarte Profesionalarekin batera antolatutako topaketan.
Larunbatean, urriaren 28an, Lila Avilesen Totem (2023) lana emango dute Golem Alhondiga zinema aretoetan, halako batean bizitza aldatu zaion 7 urteko haur baten inguruko kontakizuna. Igandean, Amanda Nell Euren Tiger Stripes (2023) proiektatuko dute orobat Golem Alhondigan: 12 urteko neskato Zaffanek bere gorputzari buruzko sekretu beldurgarri bat aurkituko du pubertaro betean, eta hura ezkutatzen tematuko da, nahiz eta lagunen eta komunitatearen erasoak jasango dituen.
Astelehenean, hainbat jarduera batuko dira BBK Aretoan. 18:00etan hasita, Mabel Lozanok sexu esplotazioaren inguruan egindako bi filmak ikusi ahalko dira: El proxeneta. Paso corto, mala leche (2018) eta Ava (2023); ondoren, sexu indarkeria jorratzeko psikologiaren inguruan solastatuko dira Lozano bera eta Vicenta Alonso de la Cruz Bizkaiko Psikologoen Elkargoko Berdintasun Batzordeko koordinatzailea, elkargoaren laguntzarekin.
Egun berean, Alice Rohrwacherren La Chimera (2023) emango dute, eta asteartean bukatuko da Bilboko festibala, Laura Ferresen La imatge Permanent (2023) ekoizpenarekin. Biak izango dira Golem Alhondigan.