Ibai Maruri Bilbao
Joan den mendearen erdi aldera, txikiteoa oso hedatuta zegoen, eta oso ohikoa zen Bilboko Zazpikaleetan txikiteroak ibiltzen ziren tabernetako barretan kristalezko itsulapiko bat egotea. “Txikiteroek han botatzen zituzten etxerakoan sobratzen zitzaizkien txakur handiak“, azaldu du Boni Garcia Txikiteroen Kutxa Jagoleak elkarteko presidenteak. 1960ko hamarkadan, Manolo Dominguezek bere zapata dendan itsulapiko bat jartzea pentsatu zuen. Horman zuloa egin, eta kanpoko aldean Begoñako Amaren igeltsuzko irudi bat ipini zuen, berak egindakoa. Hala sortu zen txikiteroen itsulapikoa, Zazpikaleetako Pelota eta Andra Maria kaleek bat egiten duten tokian.
Tabernetan egoten ziren poto haietan bildutakoa Casillako Umezurtzen Etxeari ematen zioten. Gaur egun, ostera, Atxuriko Pobreen Ahizpak kongregazioari eta Caritasi ematen diote. Garciak aitortu du azken urteetan diru gutxiago bildu dela, txikiteoak behera egin duenez gero. Batez beste, azkenaldian 3.500 euro izaten dira urteko. Aurten, orain arte 1.700 euro bildu dituzte. Garciak zehaztu du den-dena ematen dutela, itsulapikoa mantentzeak ez baitu gasturik sortzen. “Egutegiak-eta egiten ditugu, baina, horretarako, diru laguntzak ematen dizkigute. Itsulapikoan bildutako guztia erakunde horientzat da”.
Egungo itsulapikoa 2008koa da. Josu Meabe eskultoreak egin zuen, Bilboko Udalaren enkarguz. Txikiteroek zaindaritzat daukatena irudikatu zuen, Begoñako Ama, eskuan txikito bat duela. Bidegurutzean, izar bat ipini zuten lurrean, hura delako Begoñako basilika ikusten den Bilboko Zazpikaleetako leku bakarra; kanpandorrea ikusten da, zehazki. Hala ere, Begoñako Ama bera ikus daiteke: leku hartan bertan dagoen Yohn jauregiko fatxada nagusiko horma hobian dago irudia. Haren oinetan elkartu dira azken egunetan txikiteroak; bereziki, herenegun. Izan ere, urriaren 11n ospatzen da Begoñako Amaren eguna, eta txikiteroek euren festa egiten dute horren aitzakian. Besteak beste, Bizkaiko Txakolina sor-markako ekoizleek lehen muztioa eskaini zioten; fededunek, loreak; eta txikiteroek salbea kantatu zioten. Egunotan biltzen dute diru gehien itsulapikoan: urriko jaiekin hasi eta urtea bukatu arte.
Barrokoa eta ezohikoa
Garciaren esanetan, leku garrantzitsua eta sinbolikoa da haientzat Andra Maria eta Pilota kaleak guratzetzen direna. Yohn jauregiak ikusgaitasuna ematen dio, gainera. Bolsa ezizenez da ezaguna. Horregatik, hainbatek uste dute Bilboko Burtsaren lehen egoitza izan daitekeela. Lehenengo, Vargas markesen jauregia izan zen; gero, San Cristobal kondeena; eta, azkenik, Yohn jauregia. Ez dago argi izena nondik datorkion.
XVIII. mendean eraiki zuten, estilo barrokoan, aurretik zegoen dorretxe gotiko baten gainean. Zorrotza da goiko solairuetan, eta barroko kastizoaren berezko apaindura du portadan eta horma hobian. Jauregiak portada dinteldua du, baketoi lerronahasiz inguratua, eta ezohikoa da Bizkaiko arkitektura zibilean.
Ez da hori eraikinak duen bitxikeria bakarra. Bizkaiko bizitzeko jauregietan ez da arrunta izaten barruan patioa edukitzea. Triangelu formakoa da. Gaur egun, barruko egitura eta antolaketa aldatuta daude, baina ez lekuen arteko komunikazioa. Berbarako, jatorrizko harrizko eskailera arranditsua du oraindik. Solairu bakoitzeko eskailera buruetan, elizetako pulpituak diruditen begiratoki borobil batzuk ditu, bebarru aldera begira. Hainbat urtez jauregia bertan behera utzita egon ondoren, 1980ko hamarkadan Bilboko Udalak eskuratu zuen, zaharberritu, eta Zazpikaleetako Udaltegia da ordutik.